Guardiako epailearen esku geratu da Murchanteko ustezko hiltzailea

Erkorekak dioenez, «harreman sentimentala zuten, antza»; hilketa matxista gisa ikertuko lukete

Murchanteko hilketa salatzeko atzo eginiko elkarretaratzea, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako guardiako epailearen esku geratu zen atzo Maria Pilar Berrio Jimenezen ustezko hiltzailea. Epaitegi horrek dagozkion kautela neurriak hartuko ditu, eta, datozen egunetan, Tuterako epaitegiaren alde inhibituko da; auzitegi horri dagokio Murchanteko (Nafarroa) krimenaren instrukzioa egitea.

Bestalde, baliteke Murchanteko hilketa genero indarkeria gisa ikertzen hastea. Hasieran, Poliziak «familia barruko delitu» gisara sailkatu zuen kasua, eta, beraz, ez zuen hilketa matxista gisa abiatu ikerketa. Gizonak eta hildako emakumeak gertuko harremana zuten: koinatu ohiak ziren. Espainiako Genero Indarkeriaren Aurkako Legeak zehazten du emakumezkoen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko dela soilik erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean. Ordea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Radio Euskadin esan zuen antza denez biktimak eta ustezko hiltzaileak «harreman sentimentala» zutela, eta, hala balitz, genero indarkeriatzat hartuko litzatekeela. Beraz, hori baieztatuko balitz, hilketa sexista moduan ikertuko litzateke.

Herenegun arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak ustez emakumea labanaz hil zuen gizonezkoa. Donostian atzeman zuten, Gros auzoan, 33 orduko bilaketaren ostean. Ile apaindegi batean atzeman zuten, eta itxura aldatzeko asmotan ibil zitekeen. Erkorekaren arabera, ertzain batek identifikatu zuen ustezko hiltzailea, taberna batetik irteten; haren atzetik joan zen, eta gizonaren presentziaren berri eman zien lankideei. Horiek, azkenean, ile apaindegi batean atxilotu zuten.

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu zuen «oso garrantzitsua» zela pertsona hori lehenbailehen bilatzea, itxura aldatu eta ihes egiteko harrera sare bat topatu aurretik; horretan zebilen ustezko hiltzailea. «Gero oso zaila izango zen hura aurkitzea». Hala, Ertzaintzak egindako lana txalotu zuen,eta operazioan izandako lankidetza nabarmendu. Erkorekaren hitzetan, «delitu aurrekari asko» zituen pertsona bat zen, «arriskutsua».

Elkarretaratzeak

Asteazken goizean gertatu zen hilketa, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean. 10:24an, gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.

Jazotakoak gaitzespena eragin du, eta, salatzeko, erakundeek eta mugimendu feministak elkarretaratzeak antolatu dituzte azken egunetan Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan.

Atzo, esaterako, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatuta, mobilizazioak egin zituzten Gasteizen, Donostian eta Iruñean; herenegun egin zuten Bilbon. «Gogor» salatu zuten Murchanten eginiko erailketa sexista, eta mugimendu feministak adierazi zuen «bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena» dela erasoa. «Nazkatuak gaude erasotuak eta erailak izateaz».

«Lehen mailako arazo»

Indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzeko eskatu zuten, eta exijitu «gaur egungo jarrera konplizeak» alboratu eta antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak hartzeko, «behingoz».

Hilketa sexista salatzearekin batera, autodefentsa feministarako deia egin zuten, «gure bizitzak baitira jokoan daudenak». Feministak erantzuteko prest daudela azpimarratu zuten: «Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, denak aske izan arte».

Bestalde, atzo egin zuten Maria Pilar Berrio Jimenezen hileta, Monteagudon (Nafarroa), biktimaren familia bizi den tokian. Ondoren, elkarretaratze isila egin zuten, 20:00etan, udaletxe parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.