Koronabirusa. Eragina ekonomian

Autonomoek eta enpresa txikiek kuota atzeratu ahal izango dute

Madrilek 50 neurri «sozial» onartu ditu. Sari berezi bat sortu du etxeko langileentzat eta behin-behineko lana galdu dutenentzat. Alokairua ordaintzerik ez dutenak ezingo dituzte etxegabetu

Itxitako taberna bateko terraza, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren kalteak konpontzeko beste neurri sorta bat onartu du Espainiako Gobernuak. Horien ondorioz, autonomoek eta enpresa txikiek aukera izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak sei hilabetez atzeratzeko. Sari bereziak sortu dituzte lana osorik edo zati bat galdu duten etxeko langileentzat eta orain lanik gabe geratu diren aldi baterako langileetako batzuentzat. Gainera, laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte alokairua edo hipoteka ordaintzeko arazoak dituztenek, baita argindarrari eta etxeko beste gastu batzuei aurre egiterik ez dutenek.

ALOKAIRUAK
Etxegabetzerik ez hurrengo sei hilabeteetan
Gobernuko bi alderdiek atzo adostutakotik ezer gutxi aldatu da alor honetan. Zaurgarritasun egoeran dauden eta beste etxebizitzaren bat izateko aukerarik ez duten maizterren etxegabetzerik ez da egingo sei hilabetez, alarma egoera bukatzen denetik aurrera. Horrez gain, iraungitzear zeuden alokairu kontratuak beste sei hilabetez luzatuko dira automatikoki, eta ez da izango igoerarik.
Maizterrek, era berean, ICOtik interes gabeko mikromaileguak jasoko dituzte alokairuak ordaintzeko laguntza gisa, eta seitik hamar urtera bitarteko epea izango dute haiek itzultzeko. Horrela, Pablo Iglesiasen arabera, ziurtatuko da etxejabe txikiek, «pentsio urria alokatutako etxe batekin osatzen duen bikote ezkondu pentsiodunek», diru sarrera hori ez dutela galduko.
Mailegu txiki horiek ematerakoan, gobernuak zaurgarritasun egoerako maizter gisa hartuko ditu koronabirusarengatik eta larrialdi egoerarengatik kaleratutako pertsonak, aldi baterako erregulazioan sartu direnak eta egoera dela-eta sarrerak maila jakin batean murriztuta dauzkaten autonomoak. Azken buruan, itzulketa horren epea amaituta, maizterren batek ezingo balu mailegurik itzuli, Pablo Iglesiasek azaldu du estatuaren funts publikoetatik aterako dela dirua.
Dekretuak, hori bai, desberdindu egiten ditu etxejabe txikiak eta handiak. Etxejabe handiak dira alokairuan hamar etxe baino gehiago dituztenak. Horiei lotuta, alokairuen negozioandauden inbertsio funts eta higiezin talde handiek euren ekarpena egin behar dutela uste du gobernuak. Horregatik, zaurgarritasun egoeran dauden maizterrek ezinezkoa badute alokairua ordaintzea, zorraren erdia barkatu beharko diote etxejabe handi horiek, edo, bestela, zorra berregituratu, hiru urteko epean ordaindu ahal izateko. ak.

HIPOTEKAK
Kasu gehiagotan atzeratu ahal izango dira ordainketak

Krisiaren ondorioz hipoteka mailegua ordaindu ezin dutenentzako atzerapena kasu gehiagotara zabaldu du gobernuak. Lehen etxebizitzen kasuez harago, bankuek ezingo diete kobratu lokal eta bulegoen gaineko hipotekarik jarduera etenda edo sarrerak murriztuta dauzkaten autonomoei, alarma egoera amaitutzat ematen den hilabetearen azken egunera arte. Ordaindu gabeko alokairuak dituzten etxejabeek ere, pertsona fisikoak badira, eskatu dezakete atzerapen hori hipotekentzat.

ENERGIA ETA URA
Ezingo da mozketarik egin larrialdiak iraun bitartean

Aurretik hartutako neurria orokortu egingo du dekretu honek: ezingo zaio inori argindarrik, gasik edo urik moztu larrialdi egoerak irauten duen bitartean. Argindarrerako eta gaserako bonu soziala lortzeko baldintzak arindu egingo direla ere iragarri du Iglesiasek, eta laguntza hori eskatu ahal izango dute krisi honen ondorioz kaleratutako langileek eta jarduerarik gabe gelditutako autonomoek.

BEHIN-BEHINEKOEN SARIA
440 euroko laguntza

Alarma egoerak iraun bitartean behin behineko lan kontratua bukatu zaien eta langabezia sarirako eskubiderik ez duten langileentzako 440 euroko laguntza berezi bat onartu du gobernuak. Hilabete bateko ordaina izango da, eta gutxienez bi hilabeteko kontratua zuten langileentzat izango da. Ez da bateragarria izango beste gutxieneko errenta, laguntza eta antzekoekin.

ETXEKO LANGILEAK
Hilabeteko saria lanik gabe geratu direnentzat

Gizarte segurantzan egon arren, etxeko langileek ez dute izaten langabezia saririk, eta haientzako ere laguntza bat izango da, larrialdi egoerak iraun bitartean kaleratuak izaten badira edo lanorduak murriztu bazaizkie. Hilabete bakarreko laguntza izango da, kotizazio oinarriaren %70ekoa. Hego Euskal Herrian 37.000 langile inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.

KONTSUMO LAGUNTZAK
Kredituak eta bidaiak

Kontsumoko kredituen ordainketetan ere atzerapena izango dute zaurgarritasun ekonomikoan dauden pertsonek. Hiru hilabete egin ahal izango dituzte horiek ordaindu gabe.
Bertan behera gelditutako bidaien inguruan, berriz, gobernuak onartu du bezeroek bonu bat izango dutela urtebetez. Epe horretan erabiliko ez balute, jarri duten dirua itzuli egin beharko zaie.

AUTONOMOEN KOTIZAZIOAK
Sei hilabete atzeratu ahal izango dituzte

Gizarte Segurantzako kotizazioen sei hilabeteko luzapena ere onartu du gobernuak, autonomoentzat eta enpresa ertain eta txikientzat, baldintza jakin batzuekin. Zorretan dauden kotizazioen ordainketa ere atzeratu ahalko da ekainaren 30era arte.
Baldintzak desberdinak izango dira kasuan-kasuan. Hala, aurretik luzapena ez duten eta koronabirusak kalte egin dien autonomoek apirilari dagozkien kotizazioak atzeratu ahalko dituzte %0,5eko interesarekin. Maiatzari, ekainari eta uztailari dagozkien kotizazioen atzerapena sei hilabetekoa izango da, eta ministerioak zehaztu beharko ditu baldintzak.
Langileak aldi baterako erregulazioan dituzten enpresek eta autonomoek ez dute abantaila bera izango. Soilik maiatzeko eta ekaineko kotizazioak atzeratu ahalko dituzte, eta haiengatik %0,5eko interesa ordaindu beharko dute.
Martxoaren 14tik aurrera jarduera eten duten autonomoek ez dute errekargurik ordaindu beharko apirilera bitarteko egunei dagozkien kotizazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.