EBk ohartarazi dio Trumpi garesti aterako zaiola autogintza zigortzea

Bruselak kalkulatu du AEBetako ondasunei 250.000 milioitik gorako tasa berriak jarriko zaizkiela

Mercedes Benz autoak Alemaniako Bremerhaven portuan, artxibiko irudi batean. FOCKE STRANGMANN / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak ohar garbia bidali dio Donald Trumpen administrazioari: garesti aterako zaio gerra komertzial oso eta global bat abiatzea. Hala, Bruselak kalkulatu du ibilgailuen inportazioari muga zerga gogorrak jartzen badizkiote, herrialde kaltetuek erantzun gisa indarrean jarriko dituzten kontraneurriek AEBetako esportazioen bosten bati eragingo dietela. 250.000 milioi euro baino gehiago lirateke tasa berrietan, ekonomiaren sektore askotan sakabanatuta.

Ibilgailuen inportazioak segurtasun nazionalari kalte egiten dion edo ez aztertzeko, ikerketa abiatzea eskatu zion AEBetako presidenteak Merkataritza Departamentuari, Section 232 arauaren bidez. Ikerketari buruz duen iritzi kritikoa jakinarazi zion Europako Batasunak joan den ostiralean, eta atzo publiko egin zuen dokumentua.

EBko eta AEBetako ekoizleak hainbat merkatu arlotan espezializatu dira, eta gaur egun «elkarren osagarri» direla dio Bruselak. «Horri esker produktu onak eskaintzen dizkiete kontsumitzaileei, ahalik eta preziorik merkeenarekin». Kontinente zaharretik esportatutako autoek ez dutela AEBetako industria mehatxatzen ere ohartarazi du, eta zehaztu du azken bost urteotan esportazio horien hazkunde erritmoa ez dela bizkortu. EBko auto ekoizleek AEBetako produkzioaren laurden bat egin zuten iaz, eta hiru handietako batek, Chryslerrek, jabe europarra duela kontuan hartu gabe, %16 litzateke.

Komertzioa gehiago mugatzeko trabak jartzen badira, zuzenean 12.000 milioi euro arteko galerak izango lituzke AEBetako BPGak. Galera horiek handituko lirateke, herrialde kaltetuek hartuko dituzten kontraneurrien ondorioz. AEBek altzairuari eta aluminioari muga zergak handitu ondoren izan den erreakzioan oinarritu ditu Bruselak bere kalkuluak.

EBn egoitza duten autogileek 120.000 langile dituzte Atlantikoaren beste aldean, eta 420.000 zeharkako lanpostu eragiten dituzte, auto saltzaileak eta hornitzaileak aintzat hartuta. «Ez dugu uste neurri murriztaileek AEBetako ibilgailu merkatuaren edo industriaren baldintzak hobetuko dituenik», dio testuak.

Enpleguan, eragina ibilgailuen industriatik harago sentituko litzateke. Muga zergak igotzen badira, inportazioak garestituko dira, eta horrek arriskuan jarriko lituzke milioi bat lanpostu eskulangintzan, eta beste 3,3 milioi txikizkako merkataritzan.

«Txina bezain gaiztoa»

Trumpek behin baino gehiagotan mehatxatu ditu atzerriko auto ekoizle. Azken polemika Harley Davidson motorrei lotuta iritsi zen. Motor marka ezagunak iragarri du produkzioaren parte bat atzerrira aterako duela, Europak ezarri dizkion zerga berrien kaltea arintzeko. Trumpek ez du ezkutatu bere haserrea: marka zigortu nahi du, baita Europako auto ekoizleak ere.

Presidenteak berriro jo du Europaren aurka, asteburuan. «Ziur aski, Txina bezain gaiztoa da Europa, baina txikiagoa. Ikaragarria da egiten digutena», salatu du, elkarrizketa batean. Batasuna betiko aliatua zen, eta arerio bihurtu da, agintaldia hasi zenetik.

Trumpen obsesio bati erantzuten dio Bruselak prestatu duen dokumentuak, presidentearen ikuspuntua aldarazteko asmoz. EBko auto konpainiek AEBetan ekoizten dituzten hamar ibilgailutik sei kanpora esportatzeko dira. Esportazio horiek merkataritza balantza orekatzen laguntzen dute, eta ez kontrakoa. AEBek defizit komertzial handia dute pilatuta, Txinarekin edo EBrekin alderatuta, eta Trumpek desoreka hori jotzen du herrialdean industriak izan duen gainbeheraren erantzule.

Bestalde, EBk uste du segurtasun nazionalaren defentsari egiten zaion aipamena aitzakia hutsa dela, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauen gainetik pasatzeko. «Ikerketa ez da zilegizkoa, ez du oinarri faktikorik, eta nazioarteko merkataritza arauak urratzen ditu», salatu du agirian. Segurtasun nazionalaren eta ibilgailu inportazioaren arteko lotura «ahula» dela frogatzeko, sektore militarrari erreparatu dio: AEBetako sei enpresak ekoizten dituzte defentsa taktikorako ibilgailu guztiak. Batek ere ez du harremanik merkatu arrunterako autoak ekoizten dituzten hiru handiekin: Ford, General Motors eta Chrysler.

Juncker, AEBetara

Merkataritza departamentuak hainbat saio publiko egingo ditu ikerketari buruz, uztailaren 19an eta 20an. Cecilia Malmstrom komisarioaren taldekoek bilkura horietan iritzia eman ahal izateko eskaera ofiziala egin dute. Hilabetea amaitu baino lehen Washingtonera joango da Jean Claude Juncker batzordeko presidentea. Harreman transatlantikoei «dramatizazioa kendu» behar zaiela argudiatu zuen Junckerrek, bidaia iragartzeko joan den astean egin zuen agerraldian.

Ahots kritiko gehiago agertzen hasi dira AEBetan. USCC herrialdeko merkataritza ganberak kanpaina bat jarri du martxan Trumpek onartu dituen muga zergen aurka. 65.000 milioi balio dituzten produktuak ari dira pairatzen nazioarteko errepresaliak. USCCko buruak, Peter Donohuek, gezia jaurti dio presidenteari: «Administrazioaren mehatxua da hainbeste kostatu zaigun aurrerapen ekonomikoa ahultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.