NBEk ohartarazi du Libano giza hondamendi batera bidean dela

Astebetean bi leherketa izan dira erregaia gordetzeko edukiontzi banatan. Iparraldeko Akkar probintzian arazoak dituzte erietxeetan, argindarra soilik ordu batzuetan baitute

Joan den igandeko leherketan hildako lau pertsonaren hileta, atzo, Dusen. WAEL HAMZEH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Astebete da Libanoko Banku Zentraleko zuzendaritzak erregaia inportatzeko laguntzak etetea erabaki zuela. Erakundeko buru Riad Salamehren esanetan, finantzatutako enpresetako askok ez zuten erregaia Libanon saltzen: «Umiliagarria zen libanoarrentzat». Erabaki horren ondorioz, erregaiaren prezioa igoz joan da azken egunetan, eta harekin batera beste hainbat lehengai eta zerbitzurena. Ezin sinetsizko irudiak utzi ditu krisiak: medikuak ikusi dira gaixoak anda gurpildunetan kaletik eramaten, anbulantzietarako nahikoa erregairik ez dagoelako; eskolak ere itxi egin behar izan dituzte Beiruteko zenbait barrutitan, argindar mozketen ondorioz; janari denden kanpoaldean, berriz, ilara luzeak egin behar izaten dituzte herritarrek oinarrizko elikagaiak lortzeko. Horiek hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du giza krisi baten atarian dagoela herrialdea.

«Benetan kezkatuta nago erregaiaren krisiak osasun zerbitzuetan, argindar mozketetan eta ur horniduran dituen ondorioengatik. Egoera txarrek okerrera egiteko joera dute irtenbide iraunkor bat aurkitzen ez bazaie», adierazi zuen atzo Najat Rotxdik, NBEren Libanorako koordinatzaileak. Herrialdeko erietxe handienak hainbat lan eten behar izan ditu dagoeneko, argindar mozketen ondorioz. Ur hornidurarako eta ur zikinen tratamendurako ere erregaia behar dute, eta ondorioz, hainbat gunetan eguneko ordu batzuetan soilik daukate edateko ura. «Ur mozketek handitu egiten dute gaitzak zabaltzeko arriskua, hain zuzen ere Libanon botikak eta tratamenduak amaitzen ari direnean, eta mediku eta erizain askok atzerrira jo dutenean», kritikatu du Rotxdik.

Nazioartea ez ezik, Libanoko Gobernua bera ere kezkatuta dago. Asteburuan armada mobilizatu zuen gasolindegietara joan eta bertan biltegiratutako erregaia konfiskazezaten, ondoren herritarren artean doan banatu ahal izateko —gobernuaren arabera, zenbait gasolindegitan erregaia ezkutatzen ari ziren, prezioak gehiago igo arte itxaron eta merkatu beltzean saltzeko asmoz—. Krisi horri gehitu behar zaizkio azken egunetan izandako bi leherketa: joan den igandean, 28 pertsona hil ziren Akkarren, Libano iparraldean, hain zuzen ere, soldaduak erregaia banatzen ari zirela; astearte gauean, berriz, Beiruteko argindar sareko erregai biltegi batean izan zen leherketak hornidura arazoak areagotu zituen.

Iturri ofizialen arabera, Libanok 3.000 megawatt ekoitzi beharko lituzke egunean, ondo bidean, baina 750 soilik ekoizten ditu. Gainontzeko beharrak sorgailu pribatu nahiz publikoekin asetzen ahalegintzen dira, baina erregai eskasiak ugaritu egin ditu mozketak, eta azken egunetan hiriburuan bi orduko argindarra soilik daukate. Horiek hala, behin-behineko gobernuak iragarri du bihar aztertuko dutela auzia legebiltzarreko ezohiko saio batean. Herritarrak, baina, ez dira fio.

Urte bat gobernurik gabe

Beiruteko leherketaren ostean eman zuen dimisioa Hassan Diab lehen ministroak, eta geroztik behin-behineko gobernua da agintean dena, alderdiak ez baitira gai izan gobernu berri bat adosteko. Ondorioz, gero eta gehiagok eskatzen dute Mitxel Aun presidentearen dimisioa. Hark, baina, berretsi du ez duela buruzagitza uzteko asmorik, eta baieztatu gobernu berria osatua egon daitekeela «egun pare baten buruan».

Najib Mikati jarduneko lehen ministroa da gobernua osatzeko negoziazioak zuzentzeaz arduratzen dena. Hura ere baikor agertu da Aunekin egindako azken bileraren ostean, eta haren hitzak berretsi ditu. Mikatiren gertuko iturriek, baina, aitortu dute, elkarrizketek aurrera egin duten arren, ministroen izenak adostea dela gairik gatazkatsuenetariko bat.

Egoerak herritarren haserrea eragin du, eta manifestazio ugari egin dituzte azken egunetan, errepideak moztuz eta jarduneko agintarien kargugabetzea eskatuz. «Erregimen ustela» izatea egozten diote manifestariek gobernuari, baita lehen ministroari ere —Mikati ez da aurpegi berria Libanoko politikagintzan, hark ere aurre egin behar izan die ustelkeria salaketei—. Oposizioko alderdiak. berriz, testuingurua baliatzen ari dira gobernuari presio egiteko. Argudiatzen dute Akkarren gertatutakoa parekatu daitekeela Beiruteko leherketarekin, eta erantzukizunak eskatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.