Cebeken ustez, «ezinezkoa» da inflazio osoa soldatetara eramatea

Bizkaia enpresentzat erakargarria dela nabarmendu du, eta Zedarriak-en iritzietatik urrundu da

Cebek Bizkaiko patronaleko zuzendaritzako kideak; erdian, Carolina Perez Toledo presidentea. CEBEK.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Akordioak behar ditugu, eta akordioak nahi ditugu. Gure proposamenak akordioak lortzeko izango dira». Carolina Perez Toledo Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteaknabarmendu du enpresak prest daudela negoziazio kolektiboan «ahalegina» egiteko, baina langileek eta haien ordezkariek ere egin beharko lituzketela. Patronalak azaldu du egun 13.000 enpresatako lan itunak negoziatzen ari direla, eta 125.000 langileri eragiten dietela. Akordioak lortu bai, baina nola? Cebeken inkestaren arabera, lurraldeko enpresen %92 errenta paktu delakoaren aldekoak dira. Alegia, begi onez ikusten dute hurrengo urteetako soldata igoerak aurretik zehaztea, KPIaren menpe utzi gabe.

Bizkaiko enpresek, izan ere, «ezinezkoa» iritzi diote inflazioaren eragin guztia soldatetara eramateari. «Igoera horrek etengabeko inflazio bat sortuko luke. Ahalegin bat egin behar dugu guztiok, eta arduraz jokatu». ELA eta LAB sindikatuek jada esan dute ez dutela onartuko langileen erosteko ahalmena murriztuko lukeen akordiorik; Cebekek, baina, ez du itxi nahi ate hori: «Lan esparru normalizatu bat behar dugu ziurgabetasun egoera honetarako». Era berean, gehitu du Bizkaiko enpresen %80k soldatak igo dituztela 2022an.

Ziurgabetasuna da Cebekek urte hasierako balantzean gehien errepikatu duen hitza. Batzar orokorra izango du gaur, eta, ohikoa denez, haren aurretik aurkeztu du balantzea. Bada, hainbestekoa da ziurgabetasuna, non ez baita ausartu enpleguaren inguruko aurreikuspenik egiten. Hori bai, aurtengo BPGari buruzko datuak apaldu egin ditu. %4,5ekoa izango dela uste du orain, nahiz eta %5,2koa izango zela iragarri urte hasieran.

Arrazoiak jakinak dira: energiaren kostua, lehengaien garestitzea, Ukrainako gerra eta garraiolarien grebaren ondorena. Enpresen %49k aldatu egin behar izan dituzte urteko aurreikuspenak; hainbeste aldatu da egoera. Horiek horrela, %66k produktuak garestitu behar izan dituzte, baina %79k ez dute garestitze osoa haien salmenta prezioetara eramango.

Egoera zaila dela onartu du Cebekek, baina, hala ere, ez du auzitan jarri Bizkaia lurralde erakargarria denik enpresentzat. Hala, Zedarriak lobbyak azaldutako jarrera eta iritzietatik urrundu da. Are gehiago, espresuki haren inguruan galdetuta, Perez de Toledok gehitu du haiek Cebek direla, eta ikuspuntu propioa dutela. Horrez gain, nabarmendu du erakunde publikoekin duten harremana ez dagoela «gaiztotuta», eta erakundeen «gertutasuna» sumatzen dutela enpresek beren arazoen berri ematean. Zehazten jarrita, azaldu du bi eskaera nagusi dituztela: batetik, «antolaketa malgutasuna» lantaldea kudeatzeko, eta, bestetik, likidezia bermatua izatea, ICOren edo Elkargiren maileguen bitartez. Alde horretatik, enpresen %35ek zerga ordainketen atzerapen gehiago nahiko lituzkete, eta %26k mailegu eta berme publiko gehiago.

Adegirekin bat

Herenegun Adegi Gipuzkoako patronalak egin bezala, Cebekek nabarmendu du enpresek arazoak dituztela eskulan kualifikatua lortzeko. %76 kexu dira kontratatzeko arazoak dituztelako, eta, 2016an, batezbesteko hori ez zen erdira iristen. Cebekek aletu duenez, hamarretik seik ez dute aurkitzen beren beharretara egokitzen den langilerik; %55,8k, berriz, interes faltarengatik edo soldatak erakargarriak ez direlako ez dituzte lortzen. Azken horiek zerbitzuen sektorekoak dira, batez ere. Dena den, Cebekek esan du datuak xeheago aztertu beharko liratekeela ondorioak ateratzeko.

Bestalde, patronalak argi utzi du ez duela asmorik Confebaskeko presidente karguaren hautaketa urtebete aurreratzeko. Egungoak, Eduardo Zubiaurrek, kargua utzi du aldi baterako, eta hurrengoak bizkaitarra behar du. Perez Toledok ahalik eta bizkorren sendatzea opa dio, eta esan du gauzak gertatu ahala ikusiko dutela zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.