Migratzaile bat Bilbotik kanporatu dute, «udalaren laguntzarekin»

Eragileen arabera, «Atzerritarren Lege ankerra» erabili dute gizona era «bidegabean» botatzeko

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzen duen pankarta, Bilboko Atxuri auzoko kantxan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hussein izeneko gizon marokoar bat Euskal Herritik «modu bidegabe batean» kanporatu dutela salatu dute Atxuri harrera sarea, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileek. Are, Bilboko Udalari leporatu diote horretan lagundu izana. Aspalditik bizi zen kalean Hussein, eta Atxuri harrera sareko kidea zen. Egunero taldearekin biltzen zen, ilunabarrean, eguneko bizipenak kontatzeko eta informazioa elkarri kontatzeko. Otsailean, hotz handiko egun batean, udalak eskainitako aterpetxe batean egin zuen lo. «Hortik atera zenean, atxilotu egin zuten; kasualitate handiegia da hori», kritikatu du Txus Elorza Atxuri harrera sareko kideak. Epaiketa azkar baten ondoren, Murtziako (Espainia) migratzaileentzako atxikitze zentrora eraman zuten; hortik, Kanaria uharteetara, eta, gero. Aiunera (Mendebaldeko Sahara) bidali zuten. Bere jaioterri Ujdatik (Maroko) 1.500 kilometro baino gehiagora utzi zuten.

Eragileen arabera, «Atzerritarren Lege ankerra» erabili dute Hussein kanporatzeko. Eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateari «lankidetzan» aritzea aurpegiratu diote. Izan ere, Aburtok duela bi hilabete aitortu zuen bost pertsona kanporatu zituztela. «Adierazpen batzuk egin zituen komunikabideetan, eta justifikatu delitu bat baino gehiago egin dituzten migratzaileak euren herrialdeetara bueltatu behar direla», azaldu du Elorzak: «Hussein horietako bat zela ondorioztatu genuen».

Are gehiago: esan dute Aburtok bozei begira «gaizkileari egurra» deitu duen kanpaina hasi duela apirilean. Elorzaren arabera, kanpainarekin «gurutzatu» da Hussein, eta «gaizkilea eta arriskutsua» izatea leporatu diote, nahiz eta bere «hutsegite bakarra» izan den hemen bizitzeko baimenik ez edukitzea eta etorkina izatea. «Paperik ez duen migratzailea ez da gaizkilea: eskubiderik gabeko pertsona bat da». Salatu du kanpainan segurtasuna oinarri izateak ezin dituela horrelako ekintzak justifikatu.

Kanporaketak egitea ez ezik, azken urteotan beste jardun «arrazista» batzuk ere izatea leporatu diote udalari. «Udaltzaingoak ezaugarri etnikoen araberako identifikazioak egiten ditu, eta etxe kaleratzeak ere bai, agindu judizialik gabe». Izan ere, azaldu du identifikazioak egiteko migratzaileak portaletara sartzen dituztela: «Pertsona bat espazio publikotik pribatura sartzea legez kanpokoa da». Jarrera horiek «lotsagarriak» direla nabarmendu du Elorzak. Eta eragileek adierazi dute Atzerritarren Legearen lagungarri direla, «giza eskubideen urraketak» egiteko.

«Horrelako gauzak dira pertsona migratuen eta arrazializatuen bizitza duintasunez bizi ahal izatea oztopatzen dutenak». Atzerritarren Legearen arabera, migrazio proiektuko lehenengo urteetan pertsonek ezin dute lanik egin, «ez zaielako bertan bizitzeko eta lan egiteko baimenik ematen». Horrek egoera zaurgarrian uzten ditu migratzaileak. Egoera hori iraganeko hamarkadekin alderatu du Elorzak: «Euskal Herriko aitona-amona asko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan etorri ziren lanera, bizitza hobe baten bila». Garai hartan, pertsona horiek gutxietsi zituzten Galiziatik edota Andaluziatik etorritako migratzaileak zirelako. Gaur egun, «bestearenganako gorroto» hori mantendu da, «baina hegoalde globaletik datozenen aurka».

«Benetako» harrera planak

Elorzak gogoratu duenez, Bilbon 250 pertsona bizi dira kalean. «Gainera, Getxon, Barakaldon, Sestaon eta Basaurin [Bizkaia] 40 inguru ere egongo dira». Gaur egungo aterpetxeak eta baliabideak «ez dira nahikoa» pertsona horientzat, eta erakundeek ez dute «borondaterik» erakutsi egoera aldatzeko. Are gehiago, kontrara ere egin dute: duela urtebete baino gehiago, udalak Atxuri auzoko kantxa ixtea agindu zuen, bertan lo egiten zuten migratzaileak kriminalizatuz. «Konponbideak eman beharrean, horrelakoak egiten dituzte».

Atzerritarren Legea Espainiako Gobernuaren eskumena da. Hala ere, udalek, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ere badute zeregina, Elorzaren iritzian: «Esate baterako, etxebizitza pertsona guztiei ahalbidetu diezaiekete». Baliabideak jarri beharrean, ordea, SMUS Bilboko larrialdi zerbitzua «guztiz gaindituta» dago: «Erakundeek badakite gainezka dagoela, eta hala mantendu dute».

Elorzaren arabera, benetako «harrera planak» egin behar dituzte, eta lantalde bat osatu, horien bilakaera aztertzeko. Ahal dela, gainera, «herriz herri» sortu behar dira plan horiek. «Gu askotan joan gara zuzenean udalera, aldundira eta Jaurlaritzara». Solaskidetza martxan jartzeko eskatu diete, konponbideak bilatu ditzaten. «Baina gu ez gaituzte solaskide gisa nahi; nahiago dute ahotsa gehiegi altxatuko ez duen beste norbait. Guk argi daukagu egoera batzuk ahotsa altxatzeko modukoak direla».

Arazoa «larria» dela aitortu du Atxuri harrera sareko kideak. «Lehen baldintza da instituzioek jarduera arrazistak egiteari uztea». Badaki erronka handia dela; «kontu asko» hartu behar direla aintzakotzat. «Ezin dugu gure instituzioetatik giza eskubideak urratzen jarraitu; estereotipoak alde batera utzi behar dira, eta lanean hasi behar dugu». Herritarren jarrera, hala ere, positibotzat jo du: «Euskal Herrian, elkarte eta eragile asko prest daude lanerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.