Bortxaketa saiakera egotzi diote Eskoziako lehen ministro ohiari

Etxeko bi langileri sexu erasoak egitea leporatu diote Salmondi. Hamalau karguri aurre egin beharko die. Epaileak aske utzi du, bermepean, ikerketarekin jarraitu bitartean

Alex Salmond, atzo, haren abokatuarekin, epaitegira deklaratzera joan zen momentuan, Edinburgon. ROBERT PERRY / EFE.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hamalau delitu leporatu dizkiote Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiari. Delitu horietako bi bortxaketa saiakerak dira, beste bi sexu abusuak dira, eta bederatzi, sexu erasoak. Desordena publikoa ere egotzi diote. Atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta horrek erabaki zuen bermepean aske uztea, ikerketarekin jarraitu bitartean. Herenegun atxilotu zuen Poliziak, deklaratzera eramateko. Salmondek adierazi du «errugabea» dela, eta bere burua defendatuko duela «amaierara arte». Horrez gain, auzitegia «errespetatu» behar dela esan du, baita «erabateko konfiantza» duela ere Eskoziako justizian. 2007tik 2014ra izan zen Salmond lehen ministro. Independentziaren alde zegoen, eta berakzuzendu zuen Eskozia lehenengo erreferendumera. Hori dela eta, herritarren %55ek independentziaren kontra bozkatu zutenean, dimisioa emateko erabakia hartu zuen.

2013ko abenduan —oraindik ere lehen ministro zela— sexu erasoak egin zituelakoan ari dira Salmond ikertzen. Edinburgoko Bute House etxe ofizialeko bi emakumeri jazartzea egotzi diote. Joan den urteko abuztura arte ez zen argitara atera kasua; Eskoziako Gobernuak Salmonden kontra salaketa jartzean jakin zen. Nicola Sturgeon egungo lehen ministroa arduratu zen horretaz, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko beste politikari batekin batera —Salmond ere alderdi horretakoa zen—. «Barne ikerketa zorrotza» egin zutela adierazi zuten. Izan ere, salaketak duela urtebete, 2018ko urtarrilean, jaso zituzten gobernuko kideek. Bi pertsonak eman zieten eraso horien berri, baina adierazi zuten ez dutela informazio gehiago emango epaileak erabakiren bat hartu arte. Martxoan gobernuak lehen ministro ohiari jakinarazi zion kasua ikertzen ari zirela.

Salmonden atxiloketaren inguruan galdetu zioten atzo goizean Sturgeoni, egungo lehen ministroari, parlamentuko saioa amaitutakoan. Ez zuen adierazpenik egin nahi izan: «Poliziak jarri du martxan prozedura. Hori dela eta, orain inoiz baino gehiago, ez da egokia nik edo kasuarekin lotutako beste inork iruzkinik egitea».

Gobernuak jarritako salaketak mikaztu egin zuen giroa SNP alderdian. Leporaketa hori kontuan izanik, Salmondek behin-behinean utzi zuen alderdia, «zatiketak saihesteko». Horrez gain, kereila bat jarri zuen, gobernuak harekin modu «bidegabean»jokatu zuela argudiatuta.«Defendatzeko inolako aukerarik» eman ez izana egotzi ziongobernuari. Adierazi zuen«egokiagoa» izango litzatekeela egoera modu «lagunkoiagoan» tratatu izan balitz. Arrazoia eman zion Edinburgoko Auzitegi batek Salmondi duela bi aste; ebatzi zuen legez kanpokoa izan zelagobernuak egin zuen barne ikerketa .

Gobernuko alderdian arrakala bat sortu zen akusazioaren ondorioz, egon baitzen erabakiarekin ados ez zegoenik. SNPko kide batzuek «neurrigabetzat» jo zuten Salmonden aurka egindako barne ikerketa, baita salaketa ere. Angus MacNeil parlamentariak, esaterako, adierazi zuen «oso gogorrak» zirela alderdiak egindako salaketak.

Salmondek herritarren aldetik zuen babesa ere ikusi ahal izan zen garai hartan. Martxan den epaiketan defentsaren gastuei aurre egiteko, Salmondek mikrofinantzaketa kanpaina bat jarri zuen abian Internet bidez, eta guztiz arrakastatsua izan zen. Izan ere, kanpainari ekin eta hamar ordura, bilduak zituen 78.000 euro. Haren hasierako asmoa 56.000 euro eskuratzea zen; beraz, erraz gainditu zuen ezarritako langa.

Aurre egiteko aukera

Oposizioak Sturgeon estutzeko aprobetxatu du Salmonden auzia. Joan den astean, Alderdi Kontserbadoreko Jackson Carlawk adierazi zuen «galdera ugari» daudela airean «kasu deigarri» horrekin lotuta. Sturgeonek eta Salmondek bilerak egin zituzten iaz, baita lehen ministro ohiak kasua ikerketapean zegoela jakinda ere. Hori dela eta, tory-ak jakin nahi du zer dela-eta gelditu ziren: «Nahiz eta Sturgeonek guri esan ez zela kasuan sartuko, zergatik jarraitu zuen batzen Salmondekin?». Horrelako galderak «lehenago ala geroago» erantzun beharko dituela esan zion Carlawk. Alderdi Laboristako Richard Leonardek ere azalpenak eskatu zizkion Sturgeoni, eta adierazi du ikerketak «ahalik eta zorrotzena» behar duela izan.

Eskoziarrentzat garrantzitsuaden garai politiko batean iritsi da Salmonden auzia: alde batetik, brexit-arekin zer gertatuko den argitu gabe dago oraindik, eta, beste alde batetik, Eskozian independentziarako bigarren erreferendum bat egiteko aukera aztertzen ari da Sturgeon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.