Bahimendua are gehiago gogortzeko

Kubako iraultzan desjabetutako jabetzengatik enpresak auzitara eramateko bidea ireki dute AEBek. Neurriaren kontra agertu da EB

Habanako itsas hesiari hilabete hasieran ateratako argazki bat. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kubaren aurkako bahimendua betetzeko asmoa agertu izan du Donald Trump AEBetako presidenteak. Eta atzo aktibatutako neurriarekin, hori gogortzeko pausoa eman du. AEBek 1996an, Bill Clinton presidente zen garaian, onartu zuten Helms-Burton legea. Horren arabera, Kubako Iraultzaren garaian desjabetutako jabetzengatik enpresak auzitara eramateko aukera dute estatubatuarrek, jatorri kubatarrekoek barne. EB Europako Batasunak eta enpresa interesak zituzten beste herrialde batzuek egindako presioaren ondorioz, legearen atal bat ez da indarrean sartu azken 23 urteotan. Orain arte. Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak prentsaren aurrean, atzo, iragarri zuenez, maiatzaren 2an aktibatuko dute. AEBetako Estatu Departamentuak 1996an egindako ikerketa batek zioenez, aktibatzeak ahalbidetuko luke AEBetako auzitegietan 75.000-200.000 salaketa jartzea.

Legearen III. atala aktibatu dute, Venezuelako krisi politikoa puri-purian dagoenean, hain zuzen. AEBentzat, Kuba da horren hauspotzaileetako bat, Nicolas Maduro presidentea babesten duelako. «Kubak Latinoamerikan daukan jarrerak eskualdeko herrialdeen segurtasuna eta egonkortasuna zulatzen ditu», nabarmendu zuen, Pompeok.

Baina erabakiak AEBen eta EB Europako Batasunaren arteko harremanak gaiztotu ditzake. Etxe Zuriak duela hilabete eta erdi jakinarazi zuen III. atala aktibatzeko asmoa zuela, eta herenegun horretarako data filtratu zuen administrazioko funtzionario batek. Segituan heldu zen EBko funtzionarioen erreakzioa, eta klubeko enpresariek Kuban dituzten interesak babestera deitu zuten.

Federica Mogherini Bruselako diplomaziaburuak gutun bat bidali zion Pompeori, lehengo astean, eta ohartarazi EBk «eskura» dituen «tresna guztiak» baliatuko dituela bere interesak babeste aldera. Beraz, ez du baztertzenAEBak MME Munduko Merkataritza Erakundean salatzea; ez eta AEBetako enpresek EBn dituzten ondasunak konfiskatzeko prozedurak irekitzea ere. Horri buruz galdetu zioten, herenegun, albistea filtratu zuen Washingtongo funtzionarioari. «Gu auzitara eramateko eskubidea dute, eta guk haiek porrot egiten ikusteko eskubidea daukagu», erantzun zuen.

EBk neurriaren kontrako salaketa jarri zuen MMEn, 1996an. Baina AEBek adierazi zioten kereila kenduz gero ez zutela III. atala aktibatuko. Hala gertatu zen 1998an, eta, orduz geroztik, Etxe Zuriko maizter guztiek sei hilabetez behin jakinarazi behar izan diote Kongresuari legeak ez zuela indarrean sartu behar. Trump iritsi den arte.

Kubarentzat, berriz, AEBek hartutako erabakia Kubaren burujabetzaren kontrako «eraso bat» da. Bruno Rodriguez Atzerri ministroak Twitterren idatzi zuenez, AEBek «porrot egingo dute».

Trump, kanpaina egiten

Jesse Helms senatari errepublikanoa, eta Dan Burton senatari demokrata izan ziren legearen bultzatzaileak, eta, horregatik, beragatik du izen hori. III. artikulua sartu da indarrean, eta ez dute baztertzen IV.a ere aktibatzea. Horrek dioenez, AEBetara sartzea debekatuko diete «estatubatuarrei jabetza konfiskatuak dituztenei, edo horiekien trafikatzen dutenei».

Datorren urteko azaroan egingo dituzte AEBetako presidentetzarako bozak, eta Trumpek badaki oso garrantzitsua dela Florida estatuan irabaztea. Izan ere, jatorri kubatarrekoen botoak pisu nabarmena dauka han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.