Maiatzaren Lehenean, LABek politika publikoen aldaketa eskatuko du

Kaleak hartzera deitu ditu langileak, «lantegi askotan indarrean dauden borrokei aitortza egiteko»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkaria Maiatzaren 1eko mobilizazioetara deitzeko afixa itsasten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
LABek Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria lelopean antolatu ditu Maiatzaren Lehenerako manifestazioak. Oraingoz, 25 antolatu ditu Hego Euskal Herrian, eskualde buruetan bana. Ipar Euskal Herrian, berriz, bakarra antolatu du: Baionan, «bat eginda» agertzeko asmoz. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbokoan parte hartuko du, eta bertako Olabeaga auzoko kai zaharrean aurkeztu ditu mobilizazioak, Carola garabi historikoaren itzalpean.

Aranburuk azaldu du mobilizazioekin sindikatuak «norabide aldaketa» bat eragin nahi duela. Politika sozialetan eta ekonomikoetan egin beharreko aldaketa da, eta indar sindikala da hura behartzeko bideetako bat. «Kapitalaren eta bizitzaren artean aukeratu beharrean gaude», nabarmendu du. LABek argi du zein den bere hautua, eta baita zein norabidetan joan behar duen ere: «Trantsizio ekosozialista eta feminista bilatu behar dugu, garapen paradigma berri jasangarriago baterantz. Sistema kapitalista eta heteropatriarkalarekin jarraitzeak prekarizazioa eta gizarte arrakala handitzea dakar».

Etorkizunera begira ere jarria da LAB, eta Maiatzaren Lehenak «pandemiaren osteko garaian indarrez sartzeko» balio behar duela aldarrikatu du. Izan ere,«greba eta mobilizazio gehiago» etorriko dira, «pandemia honek asko okertu dituelako bizi eta lan baldintzak». Besteak beste, pandemiak agerian utzi du zeintzuk diren bizitzari eusteko beharrezko diren oinarrizko lanak, «gehienak emakumeek eginak eta prekarioak», eta, hala ere, Aranbururen ustez, ez da neurririk hartu haiek «duintzeko».

Langile horien egoera ez da duindu; aldiz, krisitik ateratzeko «enpresei diru publikoa injektatzea» erabaki dela salatuko du sindikatuak kaleetan, eta zerga erreformarik ezean murrizketak etorriko direla. Next Generation funtsek jokalekua zein izango den zehaztu dute, eta Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Europako Batasunarekin lerrokatu dira: «Diru publikoa esku pribatuetan utziko da trukean inolako betebehar sozialik eskatu gabe. Diru publikoa multinazionaletara badoa, kanpoan gelditzen dira inbertsio publikoak».

Aernnova, PCB...

LABek, halaber, egun lanpostuen defentsan borrokan ari diren langile ugariei «aitortza» egingo die mobilizazioetan. Alde horretatik, bi mezu bidali ditu: bata erakundeei, langileei bizkarra eman dietela leporatuz; eta bestea enpresetako buruei, ohartaraziz ez dietela utziko nahi bezala jarduten: «Patronalari esaten diogu legeak baimenduriko kaleratzeak egiten ari den arren hemen ezingo duela lan erreforma hori aplikatu. Aernnova, PCB eta Tubacexeko langileen borrokak kontuan hartuak izan behar dira. Borroka ez da bukatzen erregulazioaren negoziazio epean edo epaitegietako bidea amaitzean».

LABek enplegua defendatzeko «herri harresia» eraikitzen jarraitzen duela nabarmendu du, eta, sindikatuen arteko estrategia bateratu bat ez egon arren, langileak «erantzun sendo bat ematen ari direla» enpresetan eta kalean. Kale horiek hartzera deituko dituzte Maiatzaren Lehenean, manifestazioak ahalik eta handienak izan daitezen. «Lan baldintzak duintzeko borrokak ugaritzen ari dira, langileek ez dutelako jasotzen merezitako aitortza sozial, politiko eta ekonomikoak». Eta gizarte aldarrikapenen bidean, Aranburuk goratu egin du bidelagun dituzten mugimendu feministaren eta pentsiodunen eta gazteen borrokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.