Txapelketa handien atea bota du

Asier Martinezek brontzea eskuratu du Munduko Txapelketan. 110 metroko hesidunean aritu da, eta marka pertsonala hobetu du

Asier Martinez, atzo, lasterketa amaitu berritan, lortutakoa ospatzen. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Asier Martinez gazteak (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000) lortuduena. Azken bi urteetan onenen pare aritu da, eta egunez egun hobetzeko daukan gaitasuna ere erakutsi du. Atzo, lasterketa ero batean, txapelketa handietako atea botatzea lortu zuen lehen aldiz. Munduko Txapelketan brontzea kolkoratu zuen aire zabaleko 110 metroko hesidunean. Orain arte zeukan marka pertsonala ere hobetu du (13.17). Zorte apur bat izan zuen arren, erakutsi zuen Olinpiar Jokoetako emaitza ez zela kasualitatea izan.

Iaz lortu zituen orain arteko lorpenik garrantzitsuenak. 23 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen aire zabaleko 110 metroko hesidunean, Estonian, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko marka ere lortu zuen nafarrak.

Tokion, ezustekoa eman, eta finalean sartu zen: seigarren egin zuen. Hori izan zen munduko onenekin buruz buru egin zuen aurreneko saioa. Hortaz, erakutsi du Olinpiar Jokoetako emaitza ez zela kasualitatea izan. Aurten, martxoan, Pista Estaliko Munduko Txapelketan ere parte hartu du: 60 metroko hesidunean aritu zen, eta laugarren egin zuen, ohorezko postuetatik oso gertu.

Hortaz, konfiantzaz gainezka iritsi zen Munduko Txapelketara, eta kanporaketako lasterketa eta finalerdiak gainditu ostean, finala iritsi zen. Hansle Parchment jamaikarra eta Grant Holloway estatubatuarra ziren finaleko bi oilarrak. Urrea nahi zuten biek, baina jamaikarrak ezin izan zuen finalean parte hartu. Tokioko Olinpiar Jokoetako txapeldunak min hartu zuen proba hasi aurretik. Beroketa egiten ari zela, ziztada bat sumatu zuen eskuineko hankan, eta lehiaz kanpo gelditu zen finala hasi aurretik.

Hori nahikoa ez, eta Devon Allen, dominen lehian aritu behar zuen estatubatuarra, kaleratu egin zuten epaileek. Segundo milaren batengatik irteera baliogabea egin zuen, eta, nahiz eta zaleek erabakia txistuekin hartu, hark ere ezin izan zuen finalean korri egin.

Ondorioz, sei atleta bakarrik aritu ziren finalean, eta hor ikusi zuen Martinezek, lehen aldiz, podiumean egoteko aukera. «Parchmenten lesioa eta Allenen kaleratzea ikusi ostean, gogo handiagoarekin aritu naiz. Orduan abiatu naiz postu hobe baten bila», esan zuen Martinezek.

Hollowayk lasterketa hasi bezain pronto erakutsi zituen bere dohainak, eta nagusi izan zen hasieratik amaierara. 13.03ko denboran sartu zen helmugan, eta aise irabazi zuen lasterketa. Bigarren urrea du jadanik, 2019an ere urrea lortu baitzuen, Qatarren egin zen Munduko Txapelketan. Finaleko beste estatubatuarra, Trey Cunningham, izan zen bigarren. 13.08ko denboran sartu zen helmugan.

Martinezek zortzigarren kaletik ekin zion finalari, eta ez zen nahi bezala hasi. Lehenengo hesian bertan kateatu zen, eta, harentzat «ohikoa» den arren, atzetik ikusi zuen bere burua aurreneko metroetatik. Nafarraren prestatzaile François Beoringyanek duela gutxi egindako adierazpenetan azpimarratu zuen 110 metroko hesiduna «oso teknikoa» dela, eta «garesti» ordaintzen direla hanka sartzeak proba horretan. Hala ere, gazteak hortzak estutu zituen, eta era ikusgarrian indarberritu zen. Gaitasun handia erakutsi zuen lehenengo hesitik bigarrenera abiatzean, eta hor hasi zen haren atzetik-aurrerakoa.

Azken metroetara indartsu iristea da nafarraren indargunea. Halaxe egin du orain arteko proba handietan, eta halaxe iritsi zen atzoko finaleko azken metroetara ere. Orduan erakutsi zuen hesiak bizkortasunez gainditzeko ahalmena duela, eta behin abiadura hartzean munduko onenen pare dela. Aurretik zituen hiru aurkari aurreratu zituen, eta hirugarren iritsi zen helmugara. «Ez dakit nola deskribatu une hau, ez dut sinesten», esan zuen proba amaitu berritan, adrenalina oraindik gorputzean zuela.

Faktore «erabakigarriak»

Bestelako faktoreak ere erabakigarriak izan ziren Martinez hirugarren postuan sailkatzeko. Parchmentek eta Allenek marka hobeak zituzten, eta haien arazoek bidea zabaldu zioten. «Merezitako lorpena dela uste dut, baina badakit domina hau nirekin zerikusirik ez duten baldintza batzuengatik iritsi dela», aipatu zuen, umiltasun osoz. «Izar handiak zeuden, baina, arrazoi batengatik edo besteagatik, huts egin dute», gaineratu zuen brontzezko domina kolkoratu ostean.

Nafarraren hitzetan, inolako presiorik gabe iritsi zen finalera: «Etorri aurretik, oso pozik nengoen finalera iriste hutsarekin. Izan ere, finalerdiak gainditzeak oso lasai utzi ninduen. Orain, domina bat edukitzea ikaragarria da».

Bada beste faktore bat. Olinpiar Jokoetatik bueltan, Martinezek kontratua sinatu zuen Nike taldearekin. Beoringyan entrenatzaileak esan bezala, horri esker buru-belarri ari da atletismoan orain, eta lasaiago hartu ditu ikasketak.

Atzoko beste proba esanguratsuenetan, Gotytom Gebreslase etioparrak irabazi zuen maratoia, Munduko Txapelketako marka ezarriz: 2.18.11. Bestalde, Shelly-Ann Fraser Pryce jamaikarrak bosgarren urrezko domina lortu zuen 100 metroetan. Marka 10.67 izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.