Alferrikakoak dira damuak

Realak Mirandes hartuko du gaur etxean, Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Donostiarrek abantaila hartu nahi dute

Alexander Isak, baloiarekin, Realak atzo Zubietan egindako entrenamenduan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Azken urteetako partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Realak. Txuri-urdinak Espainiako Kopako finalaren atarian dira, eta han izateko azken kanporaketari ekingo diote iluntzean. Finalerdietako joaneko neurketa jokatuko dute etxean, Mirandesen aurka. Irabazi beharreko partida dute Imanol Alguacilen jokalariek; Espainiako Bigarren Mailako arerioa da, eta bekatu handia litzateke Donostiatik aurrera egiteko aukerekin itzultzea. Kanporaketa itxita utzi behar du Realak, kosta ahala kosta: gerora alferrikakoak dira damuak.

Ustez, donostiarrak dira faborito argi, baina hanka-sartze galanta egingo lukete Mirandes gutxietsiz gero. Txapelketa bikaina egin du Miranda Ebroko (Espainia) taldeak, eta Lehen Mailako hiru talde kaleratuta iritsi da finalerdietara: Celta, Sevilla eta Vila-real. Historia egin nahi duAndoni Iraolaren taldeak, baina Realak ere interes berezia du gaurkoan. Asko dago jokoan.

Hala, txuri-urdinek talderik onena zelairatuko dute Anoetan. Imanolek garrantzi handia eman dio kopari lehendabiziko partidatik, eta kanporaketa jokatzeko«grina» dutela adierazi zuen atzo: «Lasai gaude, gustura, momentua iristeko gogoz. Zale guztiekin batera gozatzeko eguna da, partida zaila izango dela jakinda. Egun berezia da, eta ea aurrera ateratzeko gai garen».

Realeko entrenatzailearen arabera, «talde ona» da Mirandes: «Erakutsi du zer-nolako taldea den; Lehen Mailako hiru talderi bederatzi gol egin dizkie, eta hori ez da batere erraza». Hori kontuan hartuta, txuri-urdinen entrenatzaileak nabarmendu egin du Mirandeseko erasoko jokalarien gaitasuna: «Maila ona dute, golak egiteko ahala, eta ez da erraza izango. Gauzak ondo egin beharko ditugu».

Realak finalean egon nahi du, 32 urteren ostean, eta Imanolen ustez «aukera ona» du horretarako. Prestatzaile oriotarraren iritziz, baina, oinak lurrean izan behar dituzte txuri-urdinek: «Zerbait berezia da, ilusioa dugu. Harro nago, baina badakit oraindik ere asko falta zaigula helburua lortzeko, finalera iristeko».

Bide horretan, zaleen laguntza «berebizikoa» izango dela zehaztu zuen Imanolek: «Zaleen babesa jokalariek nabaritzea nahi dut. Derbian hala izan zen, etaorain ere hala izatea espero dut. Guztien beharra izango dugu». Hori badakite zaleek ere; Madril hiribiderako deialdia egin dute 19:30erako. Taldea estadiora babestuta iristea da egitasmo horren xedea.

Jokalariak, «prest»

Imanolek nahi duen taldearekin ariko da Reala. Asier Illarramendi eta Andoni Gorosabel ez —zigortuta dago atzelaria— beste jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu, eta hamaikakorik onenaren aldeko hautua egingo du. Neurketarako prest dira Mikel Oiartzabal eta Martin Odegaard: «Denak daude ondo. Asier bakarrik dago kanpoan; garaipenek hori dute, jokalari guztiak prest egotea. Gogotsu daude, badakite zer-nolako momentua den, eta, dudarik gabe, guztiek nahi dute jokatu».

Realak norgehiagoka garrantzitsua du aurrean. Garaipena begiz jota, apirilaren 18ko Sevillako (Espainia) finalerako bidea urratu nahi du Anoetan. Aukera bikaina dute horretarako; Mirandesi etxean irabazita egin nahi dute lehenengo urratsa txuri-urdinek. Egin beharra dute.

REALA-MIRANDES

Reala. Remiro; Zaldua, Llorente, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Oiartzabal,Isak eta Portu.

Mirandes. Limones; Alexander, Sergio, Odei Onaindia, Gorka Kijera; Guridi, Malsa, Merquelanz, Alvaro Peña; Alvaro Rey eta Mathieu.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Cuatro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.