Koronabirusa. Asteko errepasoa

Bigarren oldearen lehen zipriztinak

Agerraldiak ere ugaritu egin dira normaltasun berriarekin batera. Lehen koronabirus kasuak atzeman dituzte Idliben, Sirian

Osasun langile bat Santiagoko hirburuko erietxe batean, Txilen. ALBERTO VALDES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Europak eta Asiako hainbat herrialdek mugak zabaltzearekin batera, agerraldi gehiago azaldu dira hiri eta herrietan, harik eta hainbat kasutan urrats bat atzera egin eta neurri murriztaileagoak onartu behar izan dituzten arte.Halaxe gertatu da, esaterako, Isralen, non pandemiaren lehen kolpeari ondo eutsi zioten baina bigarren oldeak bete-betean harrapatu dituen.

ISRAEL

Murrizketak «arinegi» kentzearen ondorioak

Koronabirusaren aurkako neurriak hartzen lehenetakoa izan zen Israel. Mugak itxi zizkien kasuak zituzten herrialdeei; berrogeialdia ezarri zuen, eta baita kasuak kontrolpean izateko telefono bidezko aplikazioak baliatu ere. Bi hilabeteren buruan, ordea, lehen oldean baino kutsatu gehiago atzematen ari dira egunean 1.138ra heldu ziren uztailaren 2an, eta adituek ohartarazi dute ezen, egunean mila kusatu baino gehiago izanik, ezinezkoa dela krisia kontrolpean hartzea. Bost eskualde berrogeialdian jarri behar izan dituzte, tartean Jerusalem. Benjamin Netanyahu lehen ministroak aitortu du «arinegi» kendu zituztela mugimenduen gaineko murrizketak.

ARGENTINA

Berrogeialdiaren aurkako protestak

Europan ez ezik, Latinoamerikan ere kalera irten dira milaka herritar gobernuak pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak salatzeko. Argentinan herrialdearen independentziaren urteurrena baliatu zuten milaka herritarrek gobernuak hiriburuan ezarri duen itxialdiaren aurka egiteko. Hirian asko dira lanpostu finkorik ez dutenak, eta berrogeialdiak ezinezko bilakatzen du haien bizibidea. Argentinan 90.693 kutsatu eta 1.720 hildako baieztatu dituzte orain arte.

Martxoaren 20an ezarri zuen Buenos Airesek berrogeialdia, eta hainbat asteren ostean, murrizketak arinduz joan da. Baina zenbait eskualdetan atzera egin behar izan dute, kasuek gora egin ondoren.

SIRIA

Lehen kasuak Idliben

Matxinoen kontrolpeko Idlib eskualdean, lehen koronabirus kasuak agertu ziren atzo. Turkiako mugatik gertuko Bab al-Hawako erietxean lan egiten duen 30 urte inguruko mediku batek eman du positibo. Baina erietxeko arduradunak beldur dira kutsatu gehiago agertuko ote diren.

Idlibeko hiru milioi herritaretatik 1,1 milioi kanpadendetan bizi dira, eta urteetako gerrak ia erabat deseginda utzi du osasun sistema osoa. Langileak kexu dira testak egiteko makina bakarra dagoelako eskualde osoan, eta bakar bat ere ez Siriaren menpeko Kurdistanen; eta, aldiz, bost daudelako gobernuaren kontrolpekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.