AEBetako Gorenak ebatzi du natiboena dela Oklahomaren erdia

Estatuko agintariek ez dute eskumenik izango tribuetako kideen kasuak auzitara eramateko

Amerikar natiboen aldeko ebazpen esanguratsua izan da. ERIK S. LESSER/ EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Amerikar natiboen aldeko ebazpenik garrantzitsuenetako bat eman berri du AEBetako Auzitegi Gorenak: Oklahoma estatuko lurren erdiak natiboenak direla baieztatu du. Kontrako lau boto eta aldeko bostekin, eremu horren barruan bizi diren natiboak estatuko agintarien eskumenetik kanpo geratuko dira.

Gorenaren arabera, Oklahoma ekialdeko lurrak amerikar natiboen erreserbak dira; Tulsa, estatuko bigarren hiririk handiena, barne. Izan ere, Neil Gorsuch epaileak arrazoitu du AEBetako Kongresuak eman zizkiela tribuei lur horiek, eta herrialdeak promes hori «bete» behar duela. Eremu horretan, 1,8 milio herritar bizi dira, eta horietatik %15 dira natiboak. Erabakiaren ondorioz, agintari federalek soilik izango dute eskumena tribuetako kideen kasuak auzitara eramateko.

Epaiak iritzi kontrajarriak azaleratu ditu herrialdean. Oklahoman bizi diren bost tribuak pozik agertu dira erabakiarekin, baina errekonozimendua eman dieten arren, lurrak ez direla «eskuz aldatu» azaldu du Jonodev Chaudhuri Creek tribuko bozeramaileak. Epaile batzuek, ordea, zalantzak dituzte erabakiarekin, airean baitaude amerikar natiboen aurkako ehunka zigor, eta baliteke baliorik gabe geratzea edo berriro ere epaituak izatea. John Roberts AEBetako justizia buruak adierazi du epaitegiak «sakonki ezegonkortu» duela ekialdeko Oklahomako Gobernua.

Bestalde, aztertzen ari dira ea Gorenaren erabaki horrek eraginik izan dezakeen zerga kontuetan, eta gobernuaren beste hainbat eginkizunetan. Halere, natiboen lege adituek azaldu dute ebazpenak eragin «txikia» izango duela eremu horretan bizi diren eta natiboak ez diren herritarrengan. Orain, epaiak ekar ditzakeen eraginen xehetasunak zehaztu beharko dituzte estatuko agintariek, agintari federalek eta Oklahoma ekialdean bizi diren natiboen bost tribuek.

Sexu eraso bat abiapuntu

Azken erabakia orain atera bada ere, duela bi hamarkada eginiko sexu eraso bat du abiapuntu. 1997an, lau urteko haur bati sexu erasoa egiteagatik epaitua izan zen Jimcy McGirt Creek tribuko kidea. McGirtek, ordea, argudiatu zuen estatuko agintariek ezin zutela bere kasua epaitu, tribuaren eremu barruan jazo baitzen gertaera, eta, ondorioz, agintari federalek soilik epai zezaketela. Izan ere, McGirten esanetan, kongresuak ez zuen sekula «tribuaren burujabetza» ukatu. Fiskal nagusiak, ordea, arrazoitu zuen eremu hori ez zela inoiz natiboen erreserba bat izan.

Kasua herrialdeko Auzitegi Gorenera heldu zen, eta, orain, epaitegi horrek arrazoia eman dio McGirti. Aurreko zigorra, beraz, bertan behera geratu da, eta agintari federalek aztertu beharko dute berriro kasua. Bigarren aldia da halako kasu bat AEBetako Auzitegi Gorenera heltzen dela. Aurretik, 2018an, Patrick Murphyk antzeko salaketa bat jarri zuen.

Murphy epaitua izan zen Oklahoma ekialdeko hiri batean pertsona bat erailtzeagatik. Epaiketan, ordea, McGirtek egin bezala, salatu zuen hilketa natiboen erreserbaren barruan gertatu zela, eta, beraz, agintari federalek epaitu beharko luketela, eta lege federalek ez dutela uzten amerikar natiboei heriotza zigorra aplikatzen. Orduko hartan Gorenak eskaera onartu ez bazuen ere, orain, ebazpen berri honekin, Murphyren kasua ere berraztertu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.