Eskozian doan emango dituzte hilekoari lotutako produktuak

Oinarrizko produktu horiek erosteko diru arazoak izaten dituzte emakume gazte askok.

Konpresak eta tanpoiak, artxiboko argazki batean. BERRIA.
Andoni Imaz.
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Eskoziako Parlamentuak aho batez onartu zuen herenegun arratsaldean hilekoari lotutako produktuak doan izan daitezela. Orain, eskualdeen eta udalen ardura da bermatzea tanpoiak eta konpresak, besteak beste, eskura egongo direla «behar dituzten pertsona guztientzat». Monica Lennon laboristak eraman zuen proposamena parlamentura, eta 2016an hasi zuen «pobrezia menstrualaren» kontrako kanpaina.

Lennonen esanetan, legea «praktikoa eta aurrerakoia» da, eta ezin zitekeen gehiago atzeratu, koronabirusaren krisiak agerian utzi baitu «inoiz baino beharrezkoagoa» dela produktu horiek emakume guztien esku egotea.

Azken urteetan, legearen aldeko kanpainan, pobrezia menstruala salatu dute: diru gutxi duten andreek ezin dituztela oinarrizko produktu horiek erosi. Batez beste, hilean bederatzi euro gastatzen dituztela ikusi dute hainbat ikerketatan.

Young Scot etxeak 2.000 pertsonari baino gehiagori egin zion galdeketa batean jakin zuten Eskoziako ikastetxe eta unibertsitateetako lau parte hartzailetik batek arazoak izan dituela produktu horiek lortzeko. Ikerketaren arabera, Erresuma Batuko ikasleen %10ek ezin izan dute menstruazio produkturik erosi; %15ek arazoak izan dituzte ordaintzeko; eta %19k behar bezain egokia ez den produkturen bat erosi dute prezioa dela eta.

Diru arazoa da askorentzat, eta estigma kontua ere bai, gehienentzat. 14 eta 21 urte arteko nesken %71k lotsaz erosten dituzte hilekorako produktuak. Hezkuntzan ere badu eragina: inkestan parte hartu dutenen erdiak noizbait ez dira eskolara joan hilekoarengatik. Horrez gain, pandemiarekin okerrera egin du egoerak. Ikerketen arabera, koronabirusa gelditzeko ezarritako lehen itxialdiak iraun zuen bitartean, 14 eta 21 urte arteko emakumezko askok arazoak izan zituzten produktuok eskuratzeko.

Neurria onartu dutenez gero, Eskoziako 32 eskualdeek erabaki beharko dute zer-nolako moldaketak egingo dituzten legea betearazteko. Eskatu diete «behar dituzten guztiei» emateko produktuak, «aski erraz» eta «duin».

Lehenago ere, Eskozia munduko lehen herrialdea izan zen menstruazio produktuak doan jartzen eskoletan eta unibertsitateetan. Iaz urrats bera egin zuten Galesek eta Ingalaterrak ere, eskoletan produktuok doan eskainiz. Neurri hori herritar guztiengana zabaltzeak zalantzak sortu izan ditu, eta gobernuak atzera bota zuen hasieran, «kezka handiak» zituelako funtzionamenduaren inguruan. Zuzenketa batzuen ondoren, alderdi guztiek onartu zuten asteartean.

Eskoziako Gobernuak 5,8 milioi eurorekin sustatuko du legea, eta udalen esku utzi ditu beste lau milioi eta erdi, leku publikoak banaketarako prestatzeko. Zenbait taberna eta jatetxetan hasiak dira produktuak banatzen.

Munduan lehena

Halako erabaki bat hartzen duen munduko lehen herrialdea bilakatu da era horretan Eskozia. Erabakiaz «harro» mintzatu da Nicola Sturgeon lehen ministroa sare sozialetan: «Emakume eta neskentzako erabaki garrantzitsua da, eta iraultzailea».

Aileen Campbellek, komunitateetarako gobernu ordezkariak, nabarmendu zuen neurri honek «argi» uzten duela nolako herrialdea izan nahi duen Eskoziak. «Denok bat gatoz inork ez lukeela geratu behar bere oinarrizko beharrak ase gabe arrazoi ekonomikoengatik, eta hilekoarekin lotutako produktuak eskuragarri izatea beharrezkoa dela berdintasuna eta duintasuna bermatzeko», esan zuen Campbellek Parlamentuak lege proposamena onartu ostean.

Lennonen arabera, ordea, prozesua ez da amaitu: «Emakumeen osasuna Eskoziako agenda politikoko gai nagusien artean sartzea da orain gure hurrengo helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.