Huthiak gabe hasi dira Yemenen gerra bukatzeko negoziazioak

Saudi Arabiak gidatutako koalizioak aldebakarreko su etena iragarri du ramadanaren bezperan. Matxinoek esan dute ez dutela parte hartuko elkarrizketetan, Riaden direlako

Yemengo matxino huthien talde bat, atzo, Sana hiriburuan, haiekin bat egin nahi duten pertsonak erakartzea asmo zuen desfile batean. YAHYA ARHAB / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Yemengo gerra amaitzeko bide orri bat adostea dute asmo Riadenatzo hasi eta apirilaren 7ra arte egitekoak diren elkarrizketek. Hori adierazi du negoziazioen hauspotzaileak, Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak. Yemengoalde guztiak deituta daude elkarrizketa saioetara, baina matxino huthiek ez dute horietan parte hartuko, argudiatuta ez dituztela herrialde neutral batean egingo, baizik eta Saudi Arabiako hiriburuan. Hain zuzen, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako nazioarteko koalizio militarrarekin gerran daude Iranek lagundutako Yemengo huthiak, 2015etik.

Negoziazio horiek «arrakastatsuak» izan daitezen, nazioarteko koalizioak aldebakarreko su eten bat iragarri zuen herenegun gauean. Saudi Arabiako Spa berri agentziak koalizioko bozeramaile Turki al-Malkiren hitzak jasoz argitaratu zuenez, meniaren helburua da, gainera, ramadanean—musulmanen hilabete santua etzi hasi eta maiatzaren 2an bukatuko da— «giro positibo bat» sortzea, baita Yemenen egonkortasuna, bakea eta segurtasuna lortzea ere.

Nolanahi ere, huthien ustez hala moduzkoa da koalizioak iragarritako su etena, iruditzen baitzaie Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek herrialdeari egindako blokeoa ekintza militar bat dela, «indarrez» ezarritakoa den neurrian. «Yemendarrek blokeoaren ondorioz pairatutako sufrikarioa gerrak berak eragindakoa baino handiagoa da. Beraz, blokeoa hausteko operazio militarrekin jarraituko dugu», idatzi zuen Twitterreko bere kontuan Mohamed al-Bukaitik, matxinoen buruetako batek, atzo. Bide batez, atzo iluntzean bukatu zen joan den larunbatean matxinoek iragarritako alde bakarreko su etena. Orduan egindako adierazpenean atea ireki zioten menia iraunkor bati.

Hainbat eragilerekin

Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Qatarrek, Kuwaitek, Bahrainek eta Omanek osatzen dute Golkoko Lankidetzarako Kontseilua. Aliantza politiko eta ekonomiko horren bozeramaile Nayek al-Hajrafek atzo nabarmendu zuenez, gerra urteek erakutsi dute politikaren bidez eman behar zaiola konponbidea. Riaden hasi dituzten elkarrizketen helburu behinena da pauso praktikoak planteatzea Yemen «bake estatu bat» bihur dadin eta «itxaropena» izan dezan.

Negoziazioetara gonbidatu dituzte, gainera, Saudi Arabiak gidatutako koalizioaren ordezkaritza bat, analista independente batzuk, AEBak, gobernuz kanpoko erakundeetako kideak, Saudi Arabiarekin lotura duten alderdi politikoak, eta, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundea.

Hain justu, NBEren Yemenerako mandatari berezi Hans Grundbergek hitza hartu zuen elkarrizketa sailen inaugurazioan, eta adierazi zuen NBEren «ahaleginak» laguntzen dituzten «proposamen diplomatiko guztiak» ongietorriak direla auzia onbideratzeko. Bide batez, eta huthiak aipatu ez zituen arren, alde guztiei eskatu zien «kontsultetan» parte hartzeko. Itxaropentsu agertu zen, eta uste du apirilaren 7rako hel daitezkeela negoziazioak berrezartzeko aukera eskain dezakeen «puntu batera». Gerran dauden bi aldeek 2016an negoziatu zuten azken aldiz, Kuwaiten, baina ahalegin haiek huts egin zuten.

Saudi Arabiak gidatutako koalizioak Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernua babesten du —nazioarteak onartzen duen gobernua da—, eta ia egunero eraso egiten die huthien posizioei, izan Sanan edo beste probintzia batzuetan. Matxino xiitek, berriz, Saudi Arabiako egitura ekonomikoak dituzte jopuntuan.

Negoziazioetara deitutako zenbait adituren arabera, huthiek ez badute Riadeko saioetan parte hartzen, horiek soilik balioko dute Yemengo aldeek matxinoen kontra are gehiago bat egiteko. «Ez naiz oso itxaropentsua lor daitezkeen emaitzei dagokienez», aitortu zion Faris al-Beel analista yemendarrak Efe berri agentziari. Al-Mandab Eskualdeko Ikerketen Zentroko zuzendari Nabil al-Bukairiren arabera, huthiak «alderdi garrantzitsuena» dira bai bake prozesu bat hauspotzeko, bai gerra bukatzeko, eta horregatik uste du haiek mahaian ez egonda elkarrizketek «seriotasuna» galtzen dutela.

NBEren arabera, 2015ean piztu zenetik ia 400.000 hildako eragin ditu gerrak. Gainera, 13 milioi pertsona daude gosete larria pairatzeko arriskuan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.