Gazteenak dira hautagairik behinenak

Federazioaren aizkolari txapelketako finala jokatuko dute bihar, Bilbon. Iazko bost finalista berriz ariko dira; Basozabal da berria

Asteazkenean egindako finalaren aurkezpena. EUSKADIKO HERRI KIROL FEDERAZIOA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Esangura handiko garaipena erdietsi nahi dute Euskadiko Federazioaren aizkolari txapelketako finalean ariko diren sei aizkolariek. Ezpal elkartearen lehiaketa jokatu dutenen faltan, Bilbon ariko direnek osatuko dute Lehen Mailako finala, eta sari handia dute jokoan: beren izena historiako onenekin batera agertzea.

Hodei Ezpeleta Bihurri zerrenda horretan da dagoeneko. Ez alferrik, hark irabazi baitzuen iaz antzeko egoeran jokatutako finalean. Sherpakorik gabe, hura gailendu zen Tolosan, eta gauza bera egin nahi du bihar, Bizkaia pilotalekuan (12:00, ETB 1). Ezpeleta da txapelketa irabazteko hautagai nagusienetako bat.

Jokin Urretabizkaia Basozabal da bestea. Hain justu ere, biak dira bihar ariko diren aizkolaririk gazteenak: Xabier Zaldua, Iban Resano, Luis Mari Txapartegi eta Joxean Etxeberria dira gainontzeko laurak.

Urretabizkaia kenduta, iazko finalean aritu ziren beste guztiak. Dena den, Basozabal prest dago finalerako: «Urte hasieran lesio bat izan nuen, baina, hura gaindituta, uste dut sasoi ona osatu dudala. Ea txapela lortzeko lehian egoteko aukerarik dudan», esan du donostiarrak.

Dena den, Urretabizkaiak «lehia estua» aurreikusi du. Hark onartu du katedrak Ezpeleta jotzen duela faborito, baina ondo aztertu du iazko finala, eta zabaldu egin du hautagaien multzoa: «Atzo [herenegun] osorik ikusi nuen iazkoa, erreferentziak hartzeko, eta Zaldua ere hortxe egon zen. Oinbikoetan Bihurri-ren gain-gainean izan zen, eta aurten ere oso urte ona egin du. Kontuz ibiltzekoa da. Zer esanik ez Joxean Etxeberriaz-eta. Haiek ere asko egiten dute aizkoran, eta errespetu osoa zor zaie».

Finaleko eskarmenturik eza da Urretabizkaiaren lasta handiena. Ordea, donostiarra «ondo» dago lehia erabakigarriaren atarian: «Sasoi onean ailegatuko naiz. Lan txukuna egiteko gai naizela uste dut, eta lanei ez diet beldurrik. Eguna ailegatzeko zain nago jada». Azaldu duenez, azken xehetasunei erreparatu die azken egunetan; entrenamendu «koskor» batzuk egin ditu, finalera «bizitasunez» heltzeko.

Basozabalek estreinako aldiz egingo ditu plazako lanik mardulenak. 1985az geroztik federazioaren txapelketan egiten den proba homologatua izango da: lau kana-erdiko —54 ontzako enborrak—, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebakitzea. 72 ontzakoak dira azken egur horiek.

Hori da, izan ere, sasoiko lanik luzeena txapelketa ofizialei dagokienez. Basozabalek estreinako aldiz egingo du jendaurrean: «Lan luzea da, horren ingurukoeztabaidarik ez dago. Nik uste, alde batetik kaltea den moduan, abantaila dela bestetik. Lan motzetan, edozein akats txikik saio guztian eragiten du, eta luzean, berriz, lan orokorra hartzen da kontuan.

Batetik ez bada, bestetik

Ohitura falta horrek eragin dezakeen galdetuta, Urretabizkaiak uste du «desabantaila» txiki bat izan dezakeela alde horretatik: «Gainontzekoek iaz jokatu zuten txapelketako finala. Nik lehendabiziko aldia dut, eta aizkora noiz aldatu, non utzi... Horren inguruko desabantaila txiki bat izan dezaket. Beti izaten da lehendabiziko aldi bat, baina nik uste asmatuko dugula, eta ea 25 segundo beste nonbaitetik irabazterik badaukagun».

Izan ere, garaipena da Basozabalen helburua, eta kiniela guztietan hautagaien multzoan ageri da. Ezpeleta eta bera dira txapela janzteko hautagai behinenak, baina Zalduak eta Etxeberriak ere badute horretarako esperantzarik. Nolanahi ere, plazak jarriko du aizkolari bakoitza bere lekuan.

Ezustekorik ezean, 40 minututik gorako lana egingo dute aizkolariek, hamabi enborrak mozteko eginahalean. Azkarrenak irabaziko du proba, eta, aurrez, garailearen izena da pizgarri nagusia: Ezpeletak bigarren aldiz lortuko duen, edo beste aizkolarietako batek lehena eskuratuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.