Pilotari handiek zerbait badute, talentua da. Eta, hori, partida horren ona egiten ez dutenean ere ateratzen dute. Gutxi behar duteerreskadan tanto sorta bat egin, eta zaildu egin zaien norgehiagoka bati buelta emateko. Hala egin zuen atzo Jokin Altunak, lau eta erdiko San Fermin Torneoko finalean.
Partidaren lehen zatian Erik Jakak estu hartu zuen. Lizartzakoak partida bikaina egin zuen hastapen horretan, eta ordu arte hobea izan zen. Baina Amezketakoak eutsi egin zion, aipatutako talentuari esker tantaka tanto ikusgarriak eginez. Sufritzen ere jakin zuen. Lehen atsedenaldi luzearen ostean, gainera, abiadura handiagoa eman zion pilotari, eta sakearekin lau tanto segidan egin ostean, aurretik jarri, eta azken txanpan oso nagusi izan zuen. Hala, 14-22 irabazita, hirugarrenez jantzi zuen txapela.
Gustura zen Altuna partida amaieran.«Hasieran asko kostatu zait. Pilota ez zait eskuan ondo sartu, eta Erikek ondo mugitu nau. Sakearekin ere min egin dit. Bigarren zatian aiseago aritu naiz, eta sakeari esker buelta eman diot partidari. Banuen gogoa eta beharra txapel hau lortzeko. Izan ere, joko aldetik urterik onena egiten ari naiz, baina txapelik irabazi gabe nengoen. Sekulako poza hartu dut irabazita, gero eta garestiago baitago». Jakak, berriz, sentipen kontrajarriak zituen:«Alde batetik pozik nago, zati luze samar batean ongi jokatu dudalako, eta nagusi izan naizelako. Sentipen onak izan ditut bitarte horretan. Baina, beste alde batetik, haserre ere banago; une erabakigarrietan ez dut asmatu, eta ez naiz gai izan horri buelta emateko. Txapelaren bila etorri naiz, ez dut lortu, eta amorratuta noa».
Labrit lepo bete zen. Altuna III.a zen faborito argia finala irabazteko. Baina partida ez zen nahi bezala hasi harentzat. Alderantziz. Jakak nahi zuen lekura eraman du norgehiagoka hasiera horretan. Lizartzakoari ez zitzaion partida nahastea komeni, baizik eta tanto bizkorrak egitea sake errestoaren bidez. Hori da haren indargunea, eta berriz erakutsi zuen. Horri esker, 3-0 aurreratu zen. Hiruna berdindu zuen Altuna III.ak. Baina Jakak bereari eutsi zion. Oso ondo sakatu zuen lehen tanto horietan, eta txinpartatsu ikusten zen, erasokor, eta min eginez. Defentsan ere ondo moldatu zen, hanka onak zituela baliatuz. Hala zulo txiki bat irekin zuen, 8-3 aurreratu baitzen.
Baina hurrengo sakea luze joan zitzaion. Eta hurrengoan ere, aukerako pilota batean, ez zuen eskua ondo sartu. Tanto batera gerturatu zen Altuna III.a markagailuan: 8-7. Baina ez zirudien gustura eta eroso. Pilota ez zitzaion ohikoa duen abiadurarekin atera eskutik, eta ez zen berezkoa duen eraginkortasunarekin aritu.
Dena den, tanto ikusgarriren bat egin zuen. Halakoa izan zen bederatzina berdintzeko egin. zuena. Jakak pilota bikaina bota zion txokora, baina iritsi, eta bazterrera pilotakada ederra eman zuen. Jaka ez zen iritsi.
Aurretik zen, hala ere, Lizartzakoa, eta lana ondo egiten. Oraindik ere fresko ikusten zitzaion, eta aurkaria ondo mugitzen. Baina ez zuen partida haustea lortu, hori falta izan zitzaion. Altunak III.ak hortzak estutzen jakin zuen momentu horietan. Jaka 12-10 iritsi zen aurretik norgehiagokako lehen etenaldi luzera.
Atsedenalditik bueltan lehen tantoa Jakak egin zuen. Baina pixkana beteago ageri zen, nekearen eta Labriten egiten zuen beroaren eraginez. Gainera, pilotariak egun ez daude ohituta eguerdian jokatzera, eta atzokoan hala egin behar izan zuten.
Hamar tanto segidan
Altuna III.ak erritmo apur bat gehiago eman zion pilotari, eta hobeto atera zitzaion eskutik. Gainera, saketik min egiten hasi zen. Horrek lehen aldiz aurretik jartzea ahalbidetu zion: 14-15. Lau tanto egin zituen lehen pilotakadarekin, eta bigaren atsedenaldira oso bestelako egoeran iritsi zen 14-18 baitzen aurretik.
Horrek patxada eman zion. Jaka, berriz, ezinean aritu zen azken txanpa horretan. Tantoa lortzeko izan zituen aukera apurrak ez zituen baliatu, eta hasieran zuen txinparta galdu zuen. Hala Altuna III.a 22ra ailegatu zen, eta txapela hirugarrenez jantzi zuen.
Erdipurdiko egun batean ere txapeldun
Altuna III.ak 14-22 irabazi dio Jakari lau eta erdiko San Fermin Torneoko finalean. Ez da nahi bezala hasi, baina lehiari buelta eman dio

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu