Albistea entzun

Etxeko taldearentzat da abantaila

Gaurtik urriaren 28ra bitartean jokatuko da Munduko Errugbi Kopa, Frantzian eta Bretainian. Lucas Paulos Baionako jokalariak txapelketa «lehiatua» espero du: «Ezusteko asko egon daitezke».
Frantziako jokalariak txapelketa prestatzeko lan saioetako batean.
Frantziako jokalariak txapelketa prestatzeko lan saioetako batean. PETIT TESSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko irailak 8

Frantziak eta Zeelanda Berriak Stade de France zelaian jokatuko duten A multzoko neurketarekin hasiko da Munduko Errugbi Kopa, gaur (21:15, Movistar Plus). Lau multzotan banatuta dauden hogei selekziok jokatuko dute, eta txapelketak zortzi egoitza izango ditu Frantzian eta Bretainian zehar: Paris, Bordele, Lyon, Lille, Naoned, Niza, Saint-Etienne eta Okzitaniako Tolosa. Finala urriaren 28an jokatuko da, Parisen. Frantziako selekzioarekin ariko den Maxime Luku izango da parte hartuko duen euskal jokalari bakarra.

Munduko Kopa dela eta, Europako errugbi liga nagusiak eten egingo dira ia bi hilabetez. Baionako sei jokalarik jokatuko dute kopa: Luke Tagi eta Sireli Maqala Fijirekin ariko dira, Georgiak Kote Mikautadze eta Gela Apradsize deitu ditu, Manuel Leindekar Uruguairen deialdian dago eta Rodrigo Brunik Argentina ordezkatuko du.

Hain justu, Argentinaren azken deialditik kanpo geratu dira Facundo Bosch eta Lucas Paulos (Buenos Aires, 1998) Baionako jokalariak. «Munduko Kopa ezberdina espero dut. Txapelketa lehiatua izango da, eta, azken lagunartekoak ikusita, ezusteko ugari espero ditut. Nire ustez, Argentinarekin batera noski, Frantzia, Irlanda eta Hegoafrika dira hautagai nagusiak», nabarmendu du Paulosek. «Oso txapelketa gogorra izango da, eta oso errugbi ona ikusiko dugu».

A MULTZOA
Frantzia, Zeelanda Berria, Italia, Uruguai eta Namibia
Multzo «desorekatua»

Multzo honetan, bi selekzio daude beste guztien gainetik. «Frantzia eta Zeelanda Berria, zalantzarik gabe, beste guztiak baino koska bat gorago daude. Euren arteko partida hori irabazten duena izango da multzoen fasea lehen postuan gaindituko duena». Bi horien artekoa partida «polita» izan daitekeela uste du. «Frantziako selekzioak duen jokatzeko modua ikusita, eta Zeelanda Berriak azken lagunartekoa ia 30 punturen aldeagatik galdu zuela jakinda, borroka ikaragarria ikusiko dugula uste dut. Bietako inork ez du defendatu nahiko». Etxean jokatzeak Frantziari «asko» lagunduko diola ere azpimarratu du argentinarrak.

Paulosen iritziz, beste hiru selekzioek ez dute gaitasunik Frantzia edo Zeelanda Berria estutzeko. «Oso desorekatua dago multzo hau. Hori bai, hirugarren posturako lehia entretenigarria eta orekatua espero dut Italiaren eta Uruguairen artean. Namibiak ez dakit nola jokatuko duen».

B MULTZOA
Hegoafrika, Irlanda, Eskozia, Tonga eta Errumania
Eskoziak erabaki dezake

Lehendabiziko multzoa baino «orekatuagoa» izan daiteke bigarrena. «Eskozia azkenaldian oso ondo ari da, txapelketa ondo prestatu dute, eta iruditzen zait euren mailak erabaki dezakeela multzo hau».

Edonola ere, aurrera egiteko bi hautagai nagusiak Hegoafrika eta Irlanda dira. «Bata munduko txapelduna eta bestea munduko zerrendako lehen sailkatua delako. Multzoa orekatuta ikusten dut, eta ez nintzateke harrituko Eskoziak bi horietakoren baten kontra ezustekoa emango balu. Bere mailarik onena emanez gero, gai da multzoen fasea gainditzeko».

Tonga eta Errumania koxka bat beherago daude. «Errumania da multzoko selekzio ahulena, ezbairik gabe. Tongari dagokionez, azken deialdietan selekzioarekin bat egin duten jokalariei esker asko hobetu dute. Oso talde fisiko eta gogorra da, eta partida itxia izanez gero, zailtasunak emango dituen taldea izan daiteke».

C MULTZOA
Australia, Gales, Fiji, Georgia eta Portugal
Lehia estua espero da

Multzo guztien artean «lehiatuena» da. «Ikusteko oso multzo polita eta entretenigarria izango da. Ez soilik multzoa oso orekatua delako, bost selekzio horiek oso joko alaia eta entretenigarria egiten dutelako ere bai».

Paulosek ez dauka hain argi zein bi selekziok egingo duten aurrera. «Logikari helduko bagenio, Australia eta Fiji sartuko nituzke, baina Australia garai txarrean ailegatuko da, neurketa asko galduta. Georgia oso talde fisikoa izateaz gain, azken hilabetetan bere erasoko jokoa asko garatu du».

Galesekin eta Portugalekin ez du esperantza handiegirik Baionako jokalariak. «Gales ere ez dago boladarik onenean. Beraz, partida guztietako emaitzak eta puntuazioak oso garrantzitsuak izango direla uste dut».

D MULTZOA
Ingalaterra, Japonia, Argentina, Samoa eta Txile
Bi toki, hiru selekziorentzat

Azken multzoko lehen bi postuetarako hiru hautagai aipatu ditu errugbi jokalari argentinarrak. «Argentina lehen postuan igaroko dela uste dut, eta bigarren postu hori Ingalaterraren eta Japoniaren artean borrokatu beharko dute. Ingalaterra ez da errugbi ona egiten ari, baina txapelketa handietan duen esperientzia gakoa izan daiteke Japonia menderatzeko. Jokoari dagokionez, Ingalaterra bere jokoa gehiago garatu ezinda ikusten ari naiz».

Txileri eta Samoari dagokionez, Ozeaniako selekzioa ikusten du arriskutsuen. «Oso talde fisikoa da, eta aurkariek lana gogotik egin beharko dute euren kontra irabazteko. Ez zait iruditzen multzoa Samoa erabakiko duenik, baina bai uste dudala aurkariak asko higatu ditzaketela hurrengo neurketetarako».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean
Chima Moneke Baskoniako jokalaria eta Xavi Rabaseda Bilbo Basketekoa, lehian, Euskal Kopan. Bertan behera geratu zen partida, hezetasunagatik. ©SASKI BASKONIA

Zalantzak eta ziurtasunak

Mikel Reina

Baskoniak eta Bilbo Basketek bihar ekingo diote ACB ligari. Gasteiztarrek Lugon jokatuko dute, Breoganen aurka. Bilbotarrek, berriz, Andorra jasoko dute Miribillan.
Oihan Sancet, gola ospatzen. Athleticek Alavesi sartutako bigarrena izan da. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Zuri-gorrientzat izan da derbia

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.

 ©BERRIA

Zantzu onak indartu nahian

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek eta Athleticek sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen. Arabarrek etxeko hirugarren garaipena lotu nahi dute. Bizkaitarren asmoa emankor jarraitzea da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...