Kontuak argituz doaz

Oberenak eta LAPKEk Hernani eta Erreka kanporatu dituzte, eta elkarren aurka ariko dira Berria Txapelketako finalerdietan

Sanchez Oberenako kadete mailako aurrelaria, pilota jotzear, Hernaniren aurkako kanporaketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Asteak aurrera joan ahala kontuak argitzen ari dira XVII. Berria Txapelketan. Joan den asteburuan, faboritoek ez dute hutsik egin. Iruñeko Oberena eta Lazkaoko (Gipuzkoa) LAPKE pilota elkarteek irabazi egin dituzte euren kanporaketak, eta elkarren kontra jokatuko dute finalerdietan. Oberenak ez zuen arazo handirik izan Hernani mendean hartzeko, eta lazkaotarrek ere aise gainditu zuten Doneztebeko Erreka (Nafarroa). Biek ala biek hiru partidak irabazi zituzten. Hala, finalerdi interesgarria jokatuko da nafar eta gipuzkoarren artean.

HERNANIN
Hernani 0
Oberena (Iruñea) 3


Faborito nabarmena zen Oberena Hernaniren aurkako kanporaketan, eta aurreikuspenak ondo baino hobeto bete zituzten nafarrek, joan den igande goizez, Hernaniko pilotalekuan (Gipuzkoa). Historikoki emaitza bikainak lortu izan ditu Oberenak Berria Txapelketan, eta igandean ere erakutsi zuen kontuak oso serio hartzen dituela, elkarteko pilotari onenekin lehiatu baitzen. Kadeteetan, Sanchez eta Santesteban nafarrek 22-3 irabazi zieten Hernaniko Iturbe-Azpeitiari. Ez zuen kolorerik izan partidak. Bikote lehiakorra osatzen dute hernaniarrek, baina koska bat gorago daudela erakutsi zuten Oberenakoek.

Gazte mailan ere Oberenako Sarasibar-Balerdi ziren faboritoak Hernaniko Jara-Etxarriren aurka, eta ez zuten barkatu. Hasieratik beste abiadura batean ibili zuten pilota, eta 22-7 nagusitu ziren. Batez ere, atzean egon zen aldea, eta, Etxarrik nahikoa egin bazuen ere defentsan, Jarak erabat salduta jokatu behar izan zuen. Saiatu zen kontraerasoan min egiten, baina nafarren joko erauntsiak ez zuen etenik izan. Hala, guztia erabakita zegoen nagusien partida jokatzerako, eta horretan ere erraz irabazi zuten bisitariek. Oberenako Mata-Aldabe 22-9 nagusitu ziren Hernaniko Ojuel-Lizeagaren kontra. Hura izan zen jaialdiko partidarik onena. Tanto polit ugari egon ziren, baina nafarrek aise irabazi zuten.

HERNANIN
Erreka (Doneztebe) 0
LAPKE (Lazkao) 3


Bigarren final-laurdena igande arratsaldez jokatu zen, Hernanin bertan, eta kasu honetan Gipuzkoako elkartea nagusitu zen. Izan ere, Lazkaoko LAPKE arazorik gabe nagusitu zitzaion Doneztebeko Errekari. Nafarrak lan bikainak egindakoak dira Berria Txapelketan, baina aurten bidean geratu beharko dute. Izan ere, pilotari interesgarriak dituzte lazkaotarrek, eta txapela janzteko hautagai sendoenetako bat dira. Euskal Herriko bikote onenetakoa dute kadeteen mailan, eta joan den igandean ere erakutsi zuten euren maila. Izagirre-Ibarluzeak 22-1 irabazi zieten Errekako Oiartzabal-Barbarini. Alde nabarmena nabaritu zen bi bikoteen artean.

Jaialdiko partidarik interesgarriena gazteen mailan espero zen, maila horretako bi aurrelari onenek jokatzen zutelako, baina uste baino errazago irabazi zuten gipuzkoarrek: 22-8 nagusitu ziren Zubizarreta-Telleria, Apezetxea-Agestaren aurka. Bestelako sendotasun batekin jokatu zuten gipuzkoarrek. Oso opari gutxi egin zituzten, eta Zubizarreta jokoan sartu zen bakoitzean min egin zuen. Nahi eta ezin aritu ziren nafarrak.

Hala, ez zuten ezer izan jokoan nagusiek, baina haiek eskaini zuten jaialdiko partidarik onena. Gogortasuna eta kalitatea nagusitu ziren, eta azkenerako 22-20 irabazi zuten LAPKEko Irribarria-Olidenek Oberenako Barandiaran-Cuairanen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.