Ahots isilduak eta gerra arrastoak Giza Eskubideen XX. Zinemaldian

Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas' filmak hasiko du festibala, apirilaren 21ean, eta 40 filmetik gora izango dira. Carmen Castillo idazleak jasoko du sari berezia

Las buenas compañías filmeko irudi bat. NICO DE ASSAS.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hogei bete ditu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak. Josemi Beltran jaialdiaren zuzendaria harro agertu da hogei urtean edonola hazteko «tentazioari» eutsi izanaz. Aurtengo aldia giza eskubideen urraketen bila abiatuko duten bidaia izango dela azaldu du Beltranek, baina itxaropenaren alde eginez, egoerak irauli daitezen: «Gaur egungo Ukraina, Sahara edo Iran; iraganeko Aljeria edo Errumania; eta gure gertuko istorio asko izango dira programazioaren ibilbidearen zati bat». Bidaia horretarako prestatu dute hamazazpi film luzeko Sail Ofiziala, fikzioa eta dokumentala parekatuz. Apirilaren 21etik 28ra egingo dute jaialdia, eta 32 herrialdetako 40 film pantailaratuko dituzte orotara; horietatik gehienak Viktoria Eugenia antzokian ikusi ahalko dira.

Identitateari buruzko 20.000 especies de abejas lanarekin (Estibaliz Urresola) abiatuko da programazioa, eta ezkutuko haurdunaldiak ardatz dituen Beatrice Pollet zuzendariaren Toi non plus tu n'as rien vu film frantsesak itxiko du, hilaren 28an. Carmen Castillo dokumentalen zuzendari eta idazle txiletarrak jasoko du aurten Giza Eskubideen Zinemaldiaren saria, asteleheneko irekiera ekitaldian.

Sail Ofizialean izango dira, besteak beste, No Bears, Jafar Panahi irandarraren fundamentalismo islamistaren aurkako erresistentziari buruzko filma —Veneziako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen—; Fernando Guzzoni txiletarraren Blanquita, botere ustelei eta adingabeen sexu esplotazioari buruzkoa eta Italiako jaialdian ere izan zena; eta Michal Blaskoren Victim pelikula, Europako antitziganismoa jorratzen duena.

Urresolaz gain, euskal ordezkaritza izango du jaialdiak: Ainhoa Andrakak eta Zuri Goikoetxeak zuzendu duten eta Espainiako emakumezkoen gurpil aulkiko saskibaloi selekzioari buruz ari den Cabeza y corazón dokumentala, torturari buruzko Ander Iriarteren Karpeta urdinak dokumentala eta Iratxe Fresnedaren Tetuán ez-fikziozko filma erakutsiko dituzte.

Hiru proiekzio horiek amaitzean, solasaldiak egingo dituzte. Ez dira bakarrak izango, ordea, Beltranek esan duenez «garrantzi berezia» ematen baitiete solasaldiei. Las buenas compañías filmaren ostean, esaterako, Errenteriako Emakume Taldeari buruz mintzatuko dira. 1970eko hamarkadan eratu zuten elkarte feminista hori, emakumeei abortuaren prozesuan laguntzeko. Silvia Munt zuzendariak, Alicia Falco eta Elena Tarrats protagonistek eta Arantxa Olañeta emakumeen taldeko kideak hartuko dute parte hizketaldian.

Viktoria Eugenian ez ezik, Antzoki Zaharrean eta Tabakaleran ere hartuko du aterpe aurtengo programak. Azken horretan, zinemari eta memoriari buruzko ziklo bat egingo dute. Jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, irudiek historia, politika eta kontzientzia sortzeko duten indarra «balioesten» duten hiru film emango dituzte: Rithy Panhen Everything Will Be OK, Mark Cousinsen The March on Rome eta Rabah Slimaniren Wanibik.

Jaialdia «inklusiboagoa» izan dadin lan egin dutela ere adierazi du Beltranek. Hala, azpititulu irisgarriak jarriko dituzte; prestakuntza saio irekia antolatuko dute, Gautena elkarteko haur autistentzat; Martuteneko espetxeak film laburren saio bat antolatuko du; eta Principal antzokiak 4.000 ikasle inguru hartuko ditu saio didaktikoen bidez, Yoko urtetik urtera, Oporretan urtetik urtera eta Trash ikusteko.

Sarrerak gaur salgai

Hiru sari egongo dira jokoan: 3.000 eurorekin sarituko du film labur onena Gazte Epaimahaiak; Ikusleek proiekzioak amaitu ondorengo botoen bidez, film luze onenari emango diote saria; eta Amnesty International taldeak ere banatuko du berea, horretarako eratu duen aparteko epaimahaiaren bitartez —Olatz Beobidek, Saul Castrok, Ricardo Martinek eta Itziar Medranok osatuko dute—.

Sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 11:30ean, 5 euroren truke. Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan zein online erosi ahal izango dira. Doako saioetarako, gonbidapen bat jaso beharko da, txarteldegietan edo Internet bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.