Albistea entzun

Koronabirusa

Eurokopa datorren urtera atzeratu dute

Asmoa da Txapeldunen Ligako finala ekainaren 27an jokatzea, eta Europa ligakoa 24an. Amerika Kopa ere datorren urtean jokatuko dute. Olinpiar Batzordeak Jokoen prestaketei eutsi die
Portugalek irabazi zuen 2016ko Eurokopa. Irudian, jokalariak kopa jasotzen.
Portugalek irabazi zuen 2016ko Eurokopa. Irudian, jokalariak kopa jasotzen. MIGUEL A. LOPES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2020ko martxoak 18

Azken egunetan bazebilen zurrumurrua, eta baieztatu da. Koronabirusa dela eta, Eurokopa datorren urtera atzeratzea erabaki dute Europako Futbol Elkarteen Batasunak (UEFA), herrialdeetako federazioek eta jokalarien sindikatuek. Europa ligako eta Txapeldunen Ligako finalak ere atzeratu dituzte, eta, adostutakoaren arabera, ekainaren 24an eta 27an jokatuko dira, hurrenez hurren.

Erabakia aho batez hartu zuten atzo, bideokonferentziaz egindako bilera batean. Horrek modua emango luke herrialdeetako txapelketak amaitu ahal izateko, ekainaren amaiera arte luzatuz egutegia. Europako hemeretzi futbol liga geratuta daude oraintxe. Turkiakoa, Hungariakoa eta Suediakoa dira lehiari eusten dioten bakarrak. Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak honela azaldu zituen erabakiaren arrazoiak: «Zaila izan da, baina futbolaren ongizateagatik hartu dugu erabakia. Batasunez, elkartasunez eta arduraz jokatu dugu, egoerak hori eskatzen baitu orain. Lehentasuna kirolarien, prestatzaileen eta zaleen osasuna izan da». Federazioen eta jokalarien jarrera ere txalotu zuen. «Harro eta oso eskertuta nago egoera zail honetan Europako futbolak erakutsi duen batasunarekin eta elkartasunarekin».

Eurokopa ekainaren 12tik uztailaren 12ra jokatzekoa zen, estreinakoz hamabi egoitzatan. Horietako bat Bilbo zen, San Mamesen jokatzekoak baitziren lehen faseko zenbait norgehiagoka. Beste egoitzak hauek ziren: Londres, Amsterdam, Baku, Bukarest, Budapest, Kopenhage, Dublin, Glasgow, Munich, Erroma eta San Petersburgo. Horiei eutsi die UEFAk datorren urteari begira.

Bestalde, Txapeldunen Ligako finala maiatzaren 30ean zen jokatzekoa, Istanbulen; Europa ligakoa, berriz, Poloniako Gdansk Arenan. Bi txapelketak final-zortzirenetan dira, eta ikusteko dago nola egokituko dituzten egutegiak falta diren kanporaketak jokatzeko.

UEFAk atzeratzeko erabakia hartu du, eta ez bertan behera uztekoa, azken horrek ekarriko lituzkeen ondorio ekonomikoengatik. 2016an Frantzian jokatu zen Eurokopak, adibidez, 2.000 milioi euroren diru sarrerak eragin zituen; aurreko sasoiko txapeldunen Ligak, Europa ligak eta Europako Superkopak, berriz, 3.250 milioi euro gordin. Horietatik 295 txapelketen antolakuntzarako izan ziren, eta 227,5, berriz, elkartasun funtserako.

Geratzen diren 2.730 milioi euroetatik %6,5 UEFArentzat dira, eta %93,5, parte hartzen duten klubentzat. Hala, Eurokopa atzeratzeagatik, 300 milioi euroko elkartasun funtsa osatu nahi du UEFAk, eta, horretarako, ligetara joko du.

Amerika Kopa Eurokoparen data berean jokatzekoa zen, Kolonbian eta Argentinan, eta hura ere urtebete atzeratu dute. Atzo hartu zuen erabakia Conmebolek. «Ezohiko erabaki bat da, ezohiko egoera bati aurre egiteko. Ez da erraza izan erabakia hartzea, baina lehentasuna koronabirusari aurre egitea da orain, eta kirolarien eta zaleen osasuna zaintzea eta babestea. Datorren urtean indartsuago itzuliko da txapelketa», adierazi zuen Conmeboleko presidente Alejandro Dominguezek.

Jokoen prestaketa, aurrera

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ere (NOB) bilera egin zuen atzo, Tokioko Olinpiar Jokoez hitz egiteko. Ohar bidez jakinarazi zuen oraindik lau hilabete falta direla Jokoetarako, eta ez dela «neurri gogorrak» hartzeko garaia. Hala, prestakuntza lanei eutsi die. «Aurtengo Jokoekiko erabateko konpromisoa dugu». Onartu zuen egoera eragina izaten ari dela prestakuntza horietan, eta egunez egun joango direla egoera aztertzen, Munduko Osasun Erakundeko eta Tokioko Olinpiar Jokoetako antolakuntza batzordeko kideekin.

Jokoak airean egoteak ezinegona eta zalantzak eragin ditu kirolarien artean. Baina haiei ere mintzatu zitzaien oharrean Olinpiar Batzordea. «Egoerak uzten dien neurrian, ahalik eta ondoena prestatzen jarraitzeko eskatzen diegu». Izan ere, NOBk emandako datuen arabera, jokoetan parte hartu behar duten atleten %57 sailkatuta daude, eta beste %43ak sailkatzeko probak egokitzeko lanean ari dira. Ez dute baztertu gonbidapen sistema bat ezartzea proba horiek jokatu ezin badira.

Batzordeak berretsi zuen «arduraz» jokatzen segituko duela, eta olinpiar batzordeei eta federazioei eskatuko die segitzeko neurriak hartzen koronabirusari aurre egiteko. «Funtsezkoa da kirolarien osasuna zaintzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bi bikoteak, konforme pilotekin

Bi bikoteak, konforme pilotekin

Aitor Manterola Garate

Elezkanok eta Zabaletak batetik, eta Peñak eta Albisuk bestetik, igandeko finalerako pilotak aukeratu dituzte Bizkaia pilotalekuan. Baikoko bikotearenak bizixeagoak dira.

Santiagotarrakeko arraunlariak, larunbatean, Orioko estropadan. ©JOXE MARI OLASAGASTI

«Denok izan ginen irabazleak»

Aitor Manterola Garate

Arraunean egun historikoa izango da 2021eko maiatzaren 1a: lehen aldiz jokatu zen emakumeen zortziko ontzien Gipuzkoako Txapelketa, Orion. Bide luze baten hasiera beharko luke.

Danel Elezkano, pilota bat eskuetan duela, herenegun, jaioterrian, Zaratamon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Txarrenari ere onena atera dio

Julen Etxeberria

Danel Elezkanok kolpe gogorra hartu zuen Aspek aurreko binakakotik kanpo utzi zuenean. Orduan bizi izandakoak «asko» ikasteko eta gauza batzuk «gehiago baloratzeko» balio izan diola dio; batez ere, «gertukoen maitasuna sentitzea».

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Finala ez da izango gure arteko azken partida bezalakoa»

Julen Etxeberria

Txapelketa ikusgarria egin du Zabaletak, eta makina bat laudorio jaso. Eskertu egin ditu, baina zehaztu du «kasu gutxi» egiten diela. Lana biribiltzea besterik ez du buruan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna