Irabazteko garaia du

Realak hiru puntuak behar ditu Sturm Grazen aurkako partidan, Europan ondo kokatzeko. Ustez, multzoko kontrariorik ahulena da

Aritz Elustondo, Imanol Alguacil eta Mikel Merino, Zubietan egindako azken entrenamenduan. MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Joan, irabazi, eta etorri. Hori da Realak Europa ligako hirugarren jardunaldirako duen xedea. Donostiarrek Grazen (Austria) jokatuko dute gaur, Sturm Grazen aurka, eta hiru puntuak lortzea ezinbesteko baldintza dute bidaiari etekina ateratzeko. Ez hori bakarrik: irabazi beharra dute txapelketan aurrera egiteko.

Lehen bi jardunaldietan berdindu egin dute txuri-urdinek, eta irabazteko garaia dute orain. Bai puntuen premiarengatik, baita Sturm Graz multzoko kontrariorik ahulena delako ere, Europan ahulik bada. Lehia kontinentalak ez du uzten patxadarako tarterik: gaurkoa ez da hil edo biziko lehia, baina bai txapelketako norabidea ezar dezakeena, onerako nahiz txarrerako.

Donostiarrek une gozoan ekingo diote neurketari. Espainiako ligako lidergoan daude, eta azken jardunaldietan erakutsi dute aldez edo moldez irabazten badakitela. Horixe du gaurko egitekoa ere: nola edo ahala, baina garaipena erdiestea.

Horren inguruan, Imanol Alguacil teknikaria aho bizarrik gabe mintzatu zen atzo arratsaldean, Austriara ailegatu eta gutxira egindako prentsa agerraldian: «Umil baina anbizioz, helburua irabaztea izango da. Irabazteko partida bat da».

Realak bi puntu ditu sailkapenean, eta, gaurko jardunaldiaren atarian, bi gehiago dituzte Monakok eta PSV Eindhovenek. Anoetako taldeak haien kontra jokatu ditu lehen bi partidak. Hasiera batean, haiek dira multzoko aurkaririk makurrenak. Haiekin ez du galdu, baina ezta irabazi ere: horrek ematen die horrenbesteko garrantzia Sturmen aurka jarraian jokatuko dituen bi partidei.

Partidaren garrantziaz jakitun daude jokalariak ere. Martin Zubimendi erdilariak Alguacilen aurretik hitz egin zuen komunikabideekin, eta, azaldu zuenez, «gogoz» ekingo diote gaur gaueko norgehiagokari: «Neurketa oso da garrantzitsua. Momentu ona da hona etortzeko. Taldea ilusioz dago, ikusten dugulako lanak ordaina duela, baina hiru puntuak derrigorrezkoak dira. Bi berdinketarekin ez goaz inora».

Deialdian, aldaketa gutxi

Imanolek berritasunik apenas sartu duen Europako hirugarren norgehiagokarako. Reala larri antzean dabil lehen taldeko jokalari kopuruari dagokionez, eta, alde horretatik, jokatzeko moduan dauden guztiak eraman ditu Austriara. Guztira, 24 laguneko deialdia osatu du, eta joan zen larunbatean ligarako egokitutakoaren traza bertsukoa da. Diego Rico eta Asier Illarramendi taldearekin entrenatu dira azken egunetan, baina teknikari oriotarrak etxean utzi ditu. Mikel Oiartzabal, Ander Barrenetxea, Nacho Monreal, Jon Guridi eta Carlos Fernandez, min hartuta, ez dira ariko.

Aldiz, Reala B-ko lau jokalarik talde nagusiarekin bidaiatu dute: Unai Marrero atezaina, Beñat Turrientes, German Valera eta Julen Lobete dira. Azken horrek sartu zuen garaipenerako gola iragan larunbatean. Atzo goizean Zubietan entrenatu ostean, 18:20 inguruan heldu ziren Austriako hiri hartara. Han ez dute lan saiorik egin gipuzkoarrek.

Sturm izango dute zain Grazen. Austriako ligan bigarrenak dira, eta Europan, sailkapeneko zuloan daude. Hala, miraria behar dute txapelketako multzoen fasea gainditzeko, jokoan izandako sei puntuetatik alerik ere ez baitute bildu. Kamuts aritu dira orain artean, distirarik gabe, eta agerian utzi dute maila apalagoko liga batetik heldutako taldea dela. Monakok 1-0 irabazi zion, eta PSV Eindhovenek 1-4 astindu zuen gaurko estadio berean. Nolanahi ere, Realekoak ez dira fio kontrarioaz: «Neurketa konplikatua izango da. Badakigu Europa ezberdina dela; hemen ez dago partida errazik. Gu irabaztera aterako gara», adierazi zuen Zubimendi donostiarrak.

Etxetik kanpo jokatuko dute txuri-urdinek, eta, Imanol teknikari denetik, Realak Anoetatik urrun jokatutako partidarik ez du galdu Europan. Halere, tentuz aritu beharraz ohartarazi du prestatzaile oriotarrak: «Denerako momentuak egongo dira. Nire ustez, oso garrantzitsuak izango dira lehen 25 minutuak. Haiek oso ausartak dira, oldarkorrak, eta baloia lapurtzen duten bakoitzean oso joko zuzena egiten dute. Hor egongo da gakoa».

Etxeko zaleen suhartasuna ekarri du hizpidera Zubimendik, eta kontuan hartzeko beste faktore bat dela esan du: «Esan digute hemengo zaleak oso sutsuak direla. Agian, kontra izango dugu bihar hori, baina ondo moldatuko gara». Zer esanik ez Realeko zaleen babesa edukita: 600 inguruk bidaiatu dute Austriara.

STURM GRAZ-REALA
Sturm Graz. Siebenhandl; Dante, Wuthrich, Affengruber, Gazibegovic; Stankovic, Prass, Hierlander, Niangbo, Jantscher, Yeboah.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Aihen; Merino, Zubimendi, Silva; Januzaj, Portu eta Isak.
Epailea. Tobias Stieler (Alemania).
Lekua. Merkur Arena(15.400 ikusle).
Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.