Goia jo nahi dute

Getariak eta Zumaiak beste aukera bat daukate gaur eta bihar San Miguel ligara igotzeko. Egoitz Mateos, Getariako arraunlaria eta Iñaki Urtubia, Zumaiakoa, itxaropenez gainezka doaz kanporaketara.

Getariako eta Zumaiako traineruak, nor baino nor, Ondarroan jokatutako KAE1 ligako estropadan. KLAUSSER.
Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Getariak eta Zumaiak ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Bi denboraldi daramatzate KAE 1 ligako goiko lekuetan lehian, eta bi urte horietan, bien artean makina bat estropada irabazi dute. Orain, behetik gorako jauzia egin nahi dute, eta gaur eta bihar dute beste aukera bat, San Miguel ligara igotzeko kanporaketan. Bigarren urtez jarraian saiatuko dira maila nagusian sartzen. Iaz kale egin zuten biek ala biek.

Egoitz Mateos Getariako arraunlaria eta Iñaki Urtubia Zumaiakoa. Makina bat estropadatan arituak dira elkarren aurka. Zortzitan izan dira uretan kanporaketetan, eta bien emaitzak berdinak dira: «Nik hiru jokatu ditut, eta bi galdu», esan du Mateosek. «Ni ere berdin nago», gehitu dio Urtubiak. «Ea berdintzen dugun galdutakoen eta irabazitakoen kopurua», eskatu dute biek.

Aurreikuspenetan, Getaria ageri da Zumaiaren aurretik. Eta Portugalete getariarren pare. Mugardos (Galizia), aldiz, beste hirurak baino apalago omen dator. Gaur, Bermeon (18:00) hasiko da erabakitzen zein bi taldek lortuko duten saria; bihar Portugaleten (12:00) zehaztuko eta lotuko da dena. Bi egunetan erlojuaren aurka ariko dira lau taldeak. Gaurkoa izan ohi da erabakigarria aurreko ia urte guztietan. «Asko zehazten du azkeneko emaitza Bermeokoak», esan du Urtubiak. Mateosek ez du hainbeste esan, baina bere gogoen berri eman du: «Itsasoko estropadak nahiago ditugu guk. Aurtengo lanik onenak itsasoan egin ditugu». Ez da berme eta oinarri txarra gaurkoari aurre egiteko getariarrentzat.

Zumaiarrek ere nahiago dute itsasoan aritu, eta Bermeoko baldintza berezietan poparean baino nahiago, gainera: «Albotik jotzen du olatuak, eta ohituta gaude horretara, Zumaian horrela jotzen duelako, eta entrenamendu asko egiten ditugulako horrela». Aste honetan, esate baterako, lan asko egin dute olatu mota horrekin. Hobeto moldatu arren itsaso horretan, iaz ez zuten emaitza onik atera Bermeon zumaiarrek: «Gogoan daukagu bai, eta uste dut aurten lan hobea egingo dugula».

Getariakoen kezka bakarra beren burua da. Hala dio Mateosek: «Ez gaitu kezkatzen Bermeoko eremuak, alboko olatuak edo beste zerbaitek. Gure kezka bakarra da guk gure lana egitea, eta hori lortzen badugu, uste dut igotzeko aukerak izango ditugula». Taldea oso fresko eta ondo iritsi dela gaineratu du: «Uda hasieran bikain geunden, eta puntu pila atera genituen KAE 1 ligan. Gero, abuztu hasieratik, kanporaketa prestatzen ibili gara, ligan alde handia geneukalako bigarrenarekiko; eta sasoi bikainean heldu gara». Zumaia ere ondo datorrela gehitu du Urtubiak: «Ez dakit udako sasoirik onena den gurea, baina ondo gaudela badakit».

Presiorik ez igotzeko

Bi arraunlariek bat egin dute: «Ez daukagu igotzeko presiorik». Urtubiak, baina, uste du Getariak baduela beharra igotzeko: «Portugalete eta Getaria dira presioa daukatenak. Guk, aldiz, ez daukagu galtzeko ezer». Mateos ez dator bat horretan: «Klub apala gara, eta oso aurrekontu txikia dugu, txikienetakoa gure Ligan, eta presioa baino gehiago, saria litzateke igotzea».

Berritasun bat aterako du Getariak: traineru berria. Kontxarako sailkatze estropadan estreinatu zuen: «Alde egin digu. Behar genuen horrelako zerbait, gureak hogei urte dituelako». Urtubiaren ustez, berriz, «ikusi egin beharko da zer moduz moldatzen den alboko olatuarekin». Donostian, Getariak hiru segundo atera zizkion Portugaleteri, hamalau Zumaiari eta 23 Mugardosi, baina «eremuak zeharo ezberdinak dira», bota dute biek.

Zalantzak eta kezkak gaur hasiko dira argitzen Bermeon. Getariarren eta zumaiarren nahia da goitik atzo baino gertuago egotea gaur, eta bihar goia jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.