Amildegi bat, historiaren erakusleiho

'Kiputz, amildegia historiaurrea' erakusketa zabaldu dute San Telmo museoan. Leizera erori ziren animalien arrastoak biltzen ditu

Kiputz, amildegia historiaurrean erakusketan ikusgai dagoen estepa bisontearen hezurdura. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Sei metro luze; bi eta erdi metro zabal. Kiputz amildegiaren (Mutriku, Gipuzkoa) ezaugarriak dira horiek, baina, amildegi bat izateaz harago, tranpa bat izan zen: animalia asko leize horretara erori ziren, ezustean, deskuidu soil baten eraginez. Denbora pasatu ahala, tranpa natural hori garai hartako animalia askoren hezur eta hondarren bilgune bilakatu zen. Bertan pilatu ziren oreinen, elur-oreinen eta bisonteen hezur anitz. Leize horretan aurkitutako hezur horiekin guztiekin osatu dute leizearen izen berbera duen erakusketa: Kiputz, amildegia historiaurrean.

Gaurtik aurrera egongo da ikusgai, Donostiako San Telmo museoan: 2020ko otsailaren 9ra arte. Gero, Altamira museoan (Santillana del Mar, Kantabria, Espainia) egongo da ikusgai: bi museoen artean antolatu dute erakusketa, Gordailuarekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zuten eginiko lana, Donostian, eta hor izan ziren Pedro Castaños eta Xabier Murelaga erakusketaren komisarioak ere. 2004tik 2007raegin zituzten, hain zuzen, hezur horiek ateratzeko eta aztertzeko indusketa lan guztiak. Aranzadi, Munibe eta EHUk osatutako talde batek egin zituen lan horiek, eta, historiaurreko animalien milaka hezur aurkitzeaz gain, azken glaziazioan nagusi izan zen klimaren nondik norakoak ezagutzeko datuak lortu zituzten.

Guztira, 18.000 hezur puska baino gehiago aurkitu dituzte amildegian; horietatik gehienak, orain 20.000 urtekoak. Iberiar penintsula osoko elur oreinen, oreinen eta bisonteen multzo paleontologikorik «oparoenak» bildu dituzte, eta, kasu askotan, hezurdura horiek «ia osorik» berreskuratu. Posizio anatomikoan zeudelako, hots, hil baino lehen hartu zuten jarrera berean. Gizakiaren interferentziarik eza ere izan da hezurrik gehienak osorik kontserbatu izanaren beste arrazoietako bat: ez zen inor leizean bizi izan, eta inork ez zituen animalia horiek jan.

Kiputz amildegiaren hiru ezaugarri azpimarratu nahi izan ditu Castaños paleontologoak: «Lehenik eta behin, aztarnategi oso aberatsa dela esango nuke, ikaragarri aberatsa». 18.000 hezur eta hondarrei egin die erreferentzia aberastasun hori aipatzean. Gaineratu duenez, lan ona egin dute aztarnekin; izan ere, aurkitutako hezur guztien %70 identifikatu dituzte, atal bakoitza zein animalia edo espezierena den zehaztuta.

Erakusgarritasuna aipatu du Castañosek bigarren ezaugarri gisa: «Leize hau erakusgarria da garai hartan animalia espezie horiek bizi izan zuten garaiari eta testuinguruari dagokionez». Nabarmendu du «leize hertsiki paleontologikoa» dela, eta gizakiaren hartu-emana hutsala izan dela.

Kronologiaren interesari ere egin dio erreferentzia, azkenik. Esan duenez, aurkikuntza hau oso baliagarria izan da garai hartako klimaren datuak ezagutzeko. «Klima aldaketa garrantzitsuak izan dira azken 20.000 urteetan, eta leize honetan aldaketa horiek guztiak biltzen dira», azaldu du. Zehazki, «azken glaziazioa» gisa sailkatutako aldia azpimarratu du: «Esan genezake erakusketa honetan ikus daitekeen fauna bat datorrela 'azken negu handia' gisa ezaguturiko aldi horrekin».

Hezurdurez harago

Erakusketaren pieza berezien artean dago estepako bisonte baten burezur ia oso bat: Iberiar penintsulan bakarra eta Europa mendebalean espezie horretatik «ondoen» kontserbatzen den aleen artean dagoen kaskezurra. Gutxi gorabehera, 900 kiloko pisua eta metro batetik gorako adar luzera zituen bisonteak. Azken glaziazioaren amaieran desagertu zen espezie hori, eta, burezurraz gain, gorputz osoko hezurrak ere ikus daitezke San Telmo museoko erakusketan. Hala ere, hezur guztiak ez dira bisonte berberarenak. Bisonteaz gain, elur orein baten hezurdura eta orein batena ere erakusketaren parte dira.

Bizkaiko itsasoko ertza estepa handia zen duela 20.000 urte, eta gaur egun jada desagertu diren animalia askoren bazkaleku zen. Gizakiekin batera bizi baziren ere, klima epeldu ahala, desagertu egin ziren, eta hori hezurren aztarnen esker jakin dute. «Garai hartan, itsasoa egun baino 18 kilometro urrunago zegoen kostaldetik», azaldu du Castañosek. Gaur egungo itsas plataforma kontinentala dagoen tokian zegoen estepa hartan, elurra ugari eta landarea urri zirela erantsi du.

Aurkikuntza horien harira atera daitezkeen ondorioak aletzeko eta egin daitezkeen askotariko gogoetak egiteko bide ematen saiatu dira erakusketaren arduradunak. Hala, hezurdurez harago, garaiko datu eta informazio andana biltzen duten azalpenak jarri dituzte hormetan. Hain justu, gogoeta egitearen beharraz hitz egin du Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak: «Gure kostaldea garai hartan nolakoa zen, gure klima nolakoa zen eta biodibertsitatea nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen du». Gainera, iraganeko hezur eta hondar horietatik abiatuta gaurkotasuna duen erakusketa bat antolatzea goraipatu du Insaustik, «galderak planteatu eta etorkizunari begira gogoeta egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.