Amurrioko jaiak

Dena prest bazterrak giro onez betetzeko

Bihar hasi eta astebetez izango dira Amurrioko jaiak. Mateo Balbuena Iglesias borrokalari komunistak irakurriko du pregoia

Dantzak, ikuskizunak, musika... Izango da zer gozatua datozen egunotan Amurrion. JON HERNAEZ / FOKU.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Festa giroan sartuta daude dagoeneko Amurrion (Araba). Jaiei hasiera emango dien txupinazoa bihar botako dute, baina gaur izango da zer gozatua ere: pilota partidak eta 1960ko musika interpretatzen duen Los Blue Yeyes taldearen kontzertua, besteak beste. Gaur zortzira arte iraungo dute jaiek: hilaren 17ra bitarte, hain zuzen.

Aurten, antolatzaileek garrantzia berezia eman diete kontzertuei. Jaietako ekitaldi nagusienetako bat Doctor Deseo talde bizkaitarraren kontzertua izango da. La fuerza de la Fragilidad [Hauskortasunaren indarra] lan berria aurkeztuko du etzi, Juan Urrutia plazan, gauerdian. Hurrengo egunean, Glaukomak rap eta reggae doinuak zabalduko ditu herrian. Bi talde horien aurretik, gainera, Amurriock 2018 lehiaketako irabazleek joko dute, Meridian eta Deus Ez taldeek, hurrenez hurren. Hilaren 15eko kontzertu nagusia Korrontzi folk taldearen esku izango da, eta hurrengo eguneko dantzaldia Garilak 26 taldeak emango du. Aiko taldeak emango du jaietako azken kontzertua, hilaren 17an.

Haur eta nerabeentzako jarduerak ere nabarmentzekoak dira aurten; hilaren 13an izango dira. Adibidez, Lagunekin baratzean antzerkia ikusteko aukera izango da, Txiki Zumba, buruhandiak... Kaleguai ezarriko dute Urrutia Jauregia Landan, 11 urtetik gorako gaztetxoentzako gunea. Bertan, parkour erakustaldia zein tailerra eta pizza eta koktel tailerrak egiteko aukera eskainiko dute.

Horrez guztiaz gain, beste hamaika ekitaldi ere antolatu dituzte, denen gustura egokituak: Amurrioko jaietan ohikoak diren karroza lehiaketa, gastronomia lehiaketak, kaleko animazioak...

104 urteko pregoilaria

Suziria bota aurretik, pregoia irakurtzen dute udaletxean, eta aurten 104 urteko Mateo Balbuena Iglesiasek irakurri du. Leonen jaio zen, baina Lezaman bizi da; borrokalari komunista eta idazlea da Balbuena.

Asturiasko (Espainia) 1934ko iraultzan parte hartu zuen, eta Alderdi Komunistarekin batera borrokatu zen 36ko gerran. Hainbat liburu ere idatzi ditu; azkena iaz argitaratu zuen, bere kabuz. Liburuetan, gogoeta egiten du komunismoaz, eta egungo gizartearen nondik norakoak ere aztertzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.