«Egoera biziki larria da»

ASBko jokalariak entrenamenduetara itzuli dira, asteburuko plantoaren ostean. Baionako Herriko Etxeari eta Avironi laguntza eskatu diete

Baionako jokalariak, denboraldi honetako partida batean. STEPH V PHOTOS.
Iñaki Berastegi.
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Lehenik eta behin, entzunak izan nahi dugu». Maya Lespielle (Baiona, 1999) ASB taldeko jokalariak jarri dio ahotsa bizi duten egoera «larriari». Entrenamenduak osatzeko zailtasunak dituzte klubeko Elite 1 eta Federale 1 mailetako taldeek. «Bi taldeen artean, 40 lizentzia baino ez ditugu, baina entrenamenduetan 20 edo 25 jokalari baino ez gara biltzen. Biziki gutxi da», azaldu du Lespiellek.

Taldea ongi osatzeko ezintasun hori dela eta, asteburuan Elite 1 mailako taldeak erabaki zuen uko egitea Okzitaniako Tolosaren aurkako Frantziako Kopako neurketa jokatzeari. Planto egin zuten, jokalariek hala adostuta. «Guztien iritzia bildu, eta bozketa egin genuen. Tolosa jada Baionara etorri zenez, haiekiko errespetuagatik, jokatzeko prest ziren jokalarietako batzuk. Baina, dugun egoeraz ohartarazteko, ez jokatzea erabaki genuen azkenean». Planto egiteko argudioetan sakontzen hasita, Tolosaren aurkako neurketarako errugbian hain garrantzitsua den lehen lerro osoa falta zuen taldeak, eta, beraz, Laspiellek berretsi egin du sare sozialetan argitaratutako oharrean esandakoa. «Federale 1eko taldeko neskak ez dira prestatuak horrelako partidak jokatzeko; haien ongizate fisikoa arriskuan jartzea litzateke, eta ez genuen hori nahi».

Baina jokalarien eskasia ez da arazo bakarra. Duela lau urte Elite 1 mailara—Frantziako maila nagusira—igo zirenetik, taldeak ez du eman ia aurrerapausorik. «Aspalditik heldu da egoera. Igotzea lortu genuenean, klubeko zuzendaritzarekin bildu ginen. Azpimarratu genien helburua maila horretan egonkortzea bazen kluba hobeki egituratu behar zela».

Baina klubeko zuzendaritzak onartu moduan, taldea ez da garatu errugbiaren erritmo berean. Harago doa Lespielle: «Ez dituzte kontuan hartu gure iradokizunak, eta, ondorioz, maila handiko jokalari anitz galdu ditugu azken boladan. Ezin izan dugu nahi bezala lan egin».

Maika Brust baxenabartarra da taldeak galdu duen azken jokalaria, Eibarren azken fitxaketa, hain zuzen. Aurrez beste jokalari batzuek egin bezala, Pauline Bourdonek ere, azken urteetan taldeko izarra izandakoak, Okzitaniako Tolosaren eskaintza onartu zuen. «Beste talde guztiek proposamen hobeak egiten dituzte. Diru pixka bat eskaintzen dute, edo lana eta etxea bilatzeko laguntza eta erraztasunak eman. Euskal Herrian lana bilatzea ez da batere erraza, eta etxebizitzaren kontua aski zaila da Baionan. Horrez gain, entrenatzeko eta jokatzeko azpiegiturak gureak baino hobeak dira. Garrantzitsuak ziren lehen taldeko sei jokalari galdu ditugu denboraldi honetarako».

ASBko neskek astean hiru edo lau aldiz entrenatzen dute, eta asteburuetan ligako edo kopako neurketak jokatzen dituzte. Musu truk ari dira. «Ez dugu deus irabazten: jokalari bakoitzak bere lana du, edo ikasten ari da. Entrenatzaileek zerbait irabazten dute, baina ez dakit zehazki zenbat: ez da anitz izanen». Jokalari gutxi izateak eragin zuzena izan du entrenamenduetan, baita liga hasieran ere: sailkapeneko azken postuan daude, jokatu dituzten hiru neurketak galduta. Are gehiago, alde handiarekin galdu dituzte hiru neurketak; izan ere, 16 puntu egin dituzte, eta 122 egin dizkiete. Ataka «txarrean» daude, eta «biziki zaila»izango da mailari eustea: «Gainera, jokalari anitz min hartuak dira, eta denboraldia biziki luzea izanen da denentzat».

Hala ere, Lespiellek onartu du zenbait gauza aldatu direla denboraldi honetan: «Entrenatzaile berriak ditugu, eta prestatzaile fisiko bat ekarri dute. Gimnasioaren gisako gela bat ere badugu, eta hori bikaina da. Baina oraindik ere aldea handia da elite mailako beste taldeekin. Ez dugu neskak garatzeko eta mantentzeko baliabide aski».

Egun bakarreko geldialdia

Igandean planto egin bazuten ere, ASBko neskak entrenamenduetara itzuli ziren asteartean. «Partida egunean baino ez genuen planto egin. Gure helburua gogor entrenatzea da, maila atxiki ahal izateko. Auzi honetan, entrenatzaile taldearen sostengua dugu». Beraz, taldeko zuzendaritzarekin dute arazoa. «Erraten dute denetarik egiten dutela, baina, egiazki, ez dute deus egiten. Gure iradokizunak entzunik ere, klubean ez da deus aldatzen». Gauzak hala, planto egitea izan zen haien egoera salatzeko bidea: «Beharrezkoa zen gure egoera nolakoa zen ikusaraztea, jendeak uste zuelako taldea egoera normal batean zegoela, eta ez: egoera biziki larria da».

Deia eginda, erantzuna zein den jakitea falta da. Planto egin izanak oihartzun handia izan du, eta talde eta jokalari askoren babesa jaso dute. Baina, aurrera egiteko, Baiona «osoak» egitasmoarekin bat egin dezala eskatzen dute: «Baionako Herriko Etxeari eta Avironi laguntza eskatu nahi diegu. Denen laguntzarekin, egitasmo eder bat sortzen ahal dugu. Dirua ez da eskatzen dugun lehenbiziko gauza, baina diru pixka bat inbertitzea ere beharko da».

Lehen helburua liga hasiera kaxkarrari buelta eman, eta mailari eustea bada ere, zeharka datorren denboraldiari begira ari dira: «Orain biziki zaila da neska berriak ekartzea. Hortaz, heldu den denboraldirako neskarik ez galtzea da lehentasuna», nabarmendu duLespiellek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.