Donostiako 67. Zinemaldia

Bette Davisen itzalpean

Bette Davis izan zen Donostiako 37. Zinemaldiko izar nagusia. Donostia saria jaso zuen, azkeneko agerpen publikoa izan zuen ekitaldian. Handik egun gutxira zendu zen.

Bette Davis, Maria Cristina hotelera iritsi zenean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zinemaldia hainbat arrazoigatik gelditzen da iltzatuta oroimenean. Batzuetan, Sail Ofizialean programatzen dituzten filmek ematen diote oihartzuna; besteetan, alfonbra gorria zapaldu eta beren azken filmak aurkezten dituzten izarrek. Eta badira arreta pertsona ia bakar batek erakartzen duten edizioak ere. Hori gertatu zen 1989an, Donostiako 37. Zinemaldian: Bette Davis Hollywood klasikoko izar handiak jaso zuen urte hartan Donostia saria —artean bakarra ematen zenean—, eta jaialdiko protagonista ia absolutua izan zen. Hamaika argazkilari eta kazetari izan zituen gainean denbora guztian, eta, Diego Galan jaialdiko zuzendariak gerora gogoratuko zuen moduan —jaialdia amaitu berritan dimisioa eman zuen, baina berriro itzuli zen 1990eko hamarkadan—, Davisek izar eta diva handiek bezala jokatu zuen Donostian izan zen egunetan. Handik bi astera hil zen, Parisko ospitale batean.

Davis ez zen Hollywood klasikoaren ordezkari bakarra izan 1989an. Donostian izan zen Claire Trevor ere, John Forden Stagecoach western mitikoaren 50. urteurrena ospatzeko emanaldian.

Sail Ofizialari dagokionez, euskara lehendabizikoz entzun zen lehiaketan, Antxon Ezeizak Ke arteko egunak filma aurkeztu baitzuen. Koldo Izagirrerekin eta Usoa Urbietarekin batera idatzi zuen gidoia Ezeizak, eta filmak Donostia saria irabazi zuen urte hartan: gerora, jaialdiak utzi egingo zion sari hori emateari.

Urrezko Maskorra, berriz, konpartitua izan zen urte hartan. Ingrid Cavenek, Felipe Cazalsek, Ildiko Enyedik, Luis Garcia Berlangak, Shohei Imamurak, Otar Ioselianik eta Daniel Schmidek osatutako epaimahaiak ex aequo eman zien sari nagusia Homer and Eddie (Andrei Konchalovski) eta La nación clandestina (Jorge Sanjines) filmei. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Miroslaw Borkek (Konsul) jaso zuen, eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Fernando Fernan Gomezek (El mar y el tiempo). Aktoreei dagokienez, Mirjana Jokovic (Eversmile New Jersey) eta Ari Bery (Tusztorténet) saritu zituzten.

Lehiaz kanpo, berriz, Batman estreinatzera etorri ziren Tim Burton zinemagilea eta Michael Keaton aktorea.

Gainerakoan, Zinemaldiak bi atzera begirako antolatu zituen urte hartan, eta James Whaleren eta Krzysztof Kieslowskirenobra ezagutzeko aukera eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.