Literatur ateak irekitzeko giltzak

Zazpigarrengo aldiz hartuko du Zarautzek Literaturia jaialdia, irailaren 25etik 27ra. Azoka, aurkezpenak eta ekitaldiak bilduko ditu

Itziar Iruretagoiena, Yoseba Peña eta Irune Urbieta, atzo, Literaturiaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Zarautz
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Maiatzeko ohiko datetatik kanpo egingo da aurten Literaturia jaialdia. COVID-19aren hedapenak ezinezko egin zuen euskal literaturaren topaketa udaberrian egitea, baina antolatzaileek atzeratzeko asmoa azaldu zuten orduan, eta iraileko azken asteburuan egingo da azkenik. 25ean, ostiralez, hasi eta 27ra arte. Literaturia Zarautzen (Gipuzkoa) antolatu duten zazpigarren urtea izango da aurtengoa, eta topaketa egingo den hamabigarrena —aurretik bost urtez egin zuten Larrabetzun (Bizkaia)—.

Atea: hitza da giltza goiburua izango du aurtengo Literaturiak, eta ateak berak duen sinbologiari erreparatu dio Yoseba Peña antolatzaile taldeko kideak: «Atea sinbolo polita da. Leku batetik bestera pasatzeko bidea da atea». Literatura izan du beti ardatz Literaturiak, baina beste arte eta kultur adierazpenetako ateak ere ireki izan ditu beti, eta aurtengo jaialdia ez da salbuespena izango.

Nolanahi ere, berrikuntzak ere izango ditu aurten Literaturiak. Orain arteko jaialdietan Musika plazan egin izan dute liburu azoka, baina aurten Lege Zaharren enparantzara eramango dute. Hain zuzen ere, aurrenekoz karpa bat jarriko dute bertan. Peñak gogoratu duenez, behin baino gehiagotan ekaitzak eta euri zaparradak pairatu dituzte Literaturian,eta karpak liburuez eta erakusmahaiez erosoago gozatzeko aukera emango du. Azoka larunbatean eta igandean izango da, eta bertan egingo dituzte liburu aurkezpenak ere.

Itzulpengintza

Literaturara iristeko ateetako bat da itzulpengintza, eta aurten leku berezia izango du Literaturian. Larunbatean, azoka irekitzearekin batera, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea omenduko dute, eta jarraian Itzulpengintza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko izenburuko mahai inguruan parte hartuko dute Idoia Santamariak, Beñat Sarasolak eta Isabel Etxeberriak.

EIZIE ez da Literaturian omenaldia jasoko duen bakarra, Leire Bilbao idazleak haur literaturaren esparruan egindako lanari ere aitortza egingo baitiote igandean egingo den ekitaldian. Bilbao bera ipuin kontalari ariko da egun berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.