Donostiako 66. Zinemaldia. Historia

Epaimahaiaren apetak

Alejandro Agresti argentinarraren 'El viento se llevó lo que'-k irabazi zuen Urrezko Maskorra 1998an. Beste ekitaldi batzuetan bezala, palmaresak kritikarien haserrea piztu zuen.

El viento se llevó lo que izan zen 1998ko Donostiako Zinemaldiko irabazle nagusia. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Epaimahaiaren, ikusleen eta kritikarien iritziak bat etortzen dira batzuetan sari nagusiak nori eman behar zaizkien erabakitzerakoan, baina Donostiako Zinemaldiaren historia luzean hamaika izan dira batzuen eta besteen arteko desadostasunak. Inor gutxik ulertu ditu hautu horiek, komunikabideetako kritikariek ez, gutxienez. 90eko hamarkadan izan ziren halako batzuk —esaterako, 1996an, Imanol Uriberen Bwana eta Gillies Mackinnonen Trojan Eddie Bertrand Tavernierren Capitaine Conan-i nagusitu zitzaizkionean—, eta antzeko zerbait gertatu zen Donostiako 46. Zinemaldian, 1998koan.

Urte hartan, Jeremy Thomasek (presidentea), Valeria Golinok, Patricia Reyes Spindolak, Manuel Rivasek, Valeria Sarmientok, Julian Schnabelek eta Jerzy Skolimowskik osatutako epaimahaiak Urrezko Maskorra Alejandro Agresti argentinarrak zuzendutako El viento se llevó lo que-ri ematea erabaki zuen. Zinemalditik epel igaro zen komedia surrealista samarra da Agrestirena, eta kontatzen du nola taxista bat Patagoniara iritsi, eta munduarekiko harremana bobinak ordenaz aldatuak dituzten film zaharren bitartez lantzen duen komunitate bat aurkitzen duen.

Ezustea eragin zuen epaimahaiaren erabakiak, batez ere bazirelako nahikoa quorum lortu zuten hainbat film. Kiniela guztietan azaltzen ziren, adibidez, Bill Condonden Gods and Monsters, Fernando Leon de Aranoaren Barrio eta Robert Guediguianen A la place du coeur, eta pixka bat atzerago bada ere, baita Olivier Assayasen Fin août, debut septembre ere. Sari nagusirik gabe, baina gainerakoak banatu zituzten horien artean. Hala, Leon de Aranoak zuzendari onenaren saria jaso zuen, eta Gods and Monsters nahiz A la place du coeur-ek epaimahaiaren sari berezia irabazi zuten, ex aequo.

Interpretazio sariei dagokienez, Ian McKellenek eskuratu zuen gizonezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra (Gods and Monters), eta Jeanne Balibarrek emakumezko aktorerik onenarena (Fin août, debut septembre).

Abolfazl Jalili irandarraren Don filmak, bestalde, epaimahaiaren saria eskuratu zuen, eta Hirokazu Kore-edaren After life-k Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren saria.

Honako hauek izan ziren Sail Ofizialean lehiatu ziren gainerako filmak: A Kind of Hush (Brian Stirner), Frontera sur (Gerardo Herrero), No se lo digas a nadie (Francisco J. Lombardi), Sweety Barrett (Stephen Bradley),Un embrujo (Carlos Carrera), Very Bad Things (Peter Berg) eta Your Friends & Neighbours (Neil Labute); azken horrekin abiatu zen jaialdia, irailaren 17an.

Lehiaz kanpo ere izan ziren proiekzioak Sail Ofizialean. Hala, Brian de Palmaren Snake Eyes eman zuten, eta Bernardo Bertoluccik Besieged aurkeztu zuen. Horretaz gain, Donostia saria eman behar ziotela-eta, Anthony Hopkinsek bere azken filma ekarri zuen zinemaldira: The Mask of Zorro.

Kimuak-en aurkezpena

Azkeneko urteetan euskal zinemaren loraldiaz hitz egin da, baina, neurri batean bada ere, duela hogei urte erein zen gaur euskal zinema denaren hazi bat. Izan ere,Eusko Jaurlaritzak Kimuak egitasmoa jarri zuen abian 1998an, «lehen urratsak egiten ari diren zinemagileei plataforma bat eman nahian», eta, hain zuzen ere, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Lehen katalogo hartan, gaur egun aurkezpenik behar ez duten zinemagileak zeuden: Asier Altuna eta Telmo Esnal (Txotx), Koldo Almandoz (Razielen itzulera) eta Joxean Muñoz eta Txabi Basterretxea (Tortolika eta tronbon).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.