Intimismoa eta pluraltasuna

Antton Larrandaburu & Bitxiloreak laukoteak kantu «alai» eta «ilunak» bildu ditu bigarren lan luzean: 'Ibilbide terapeutikoa'

Antton Araspin, Benjamin Labaka, Miguel Etxeberri eta Antton Larrandaburu. ANNIE ETXEPARE.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bigarren diskoa aurkeztu berritan hirugarrenaren prestatzen ari dela aitortu du Antton Larrandaburu gitarra jole eta kantariak. «Orain berean, banuke materiala beste hiru diskoren egiteko bederen», eskapatzera utzi du, irriño batekin. Iaz plazaratu zuten lehen diskoa Larrandaburuk eta hiru lagunek: Antton Araspin gitarran, Benjamin Labaka baxuan eta Miguel Etxeberri baterian. Maitasunari, hausturari, ametsei eta askatasun beharrari kantatu zieten lehen disko hartan, giro «intimo batean».

Ibilbide terapeutikoa. Horrela izendatu dute lan berria; disko bikoitza da. Yin-yang pentsaeraren ildotik irudikatu dute sorkuntza. Disko bat zuria, eta bestea beltza. Hori da, Larrandaburentzat, ibilaldi terapeutiko baten emaitza; elkar osatzen duten alde iluna eta argia. Zazpi abesti ditu disko bakoitzak, eta alde «ilunean» edo «argian» izanik ere, molde ezberdineko kantuak entzun daitezke bakoitzean. Halere, hitz batez definitzeko, rocka egiten dutela uste du Larrandaburuk.

Lehen diskotik oraingo lanera estiloa «landu» dutela azaldu du, eta argi du emaitza oso ezberdina dakarrela horrek. Izan ere, Larrandaburu Araspinekin batera hasia zen lehenago, eta Labaka eta Etxeberri berantago sartu ziren taldera. Elkar ezagutzen ikasi eta laukotea osatu dute, bakoitzak «berea» ekarriz. Hatsarretik Larrandaburuk ditu hitzak idazten, eta, orain arte musika hark sortu badu ere,Araspin ere ibili da «oinarri» batzuen sortzen ibilbide terapeutiko horretan. «Lehen diskoa eta bigarrena ez dira gauza bera, eta ez dira gauza bera izanen bigarrena eta hirugarrena».

Laukotea osaturik eta elkarrekin trebatuz, musikalki «biziki aldatua» ikusten du lan berria. «Hor ari gara rocka sartzen lehen planoan; erakusten dugu rock talde bat garela, Ipar Euskal Herrian ere rocka bizirik dagoela eta horrekin ibilbide terapeutikoak egiten ahal direla, gainera!».

Kantu bakoitza desberdina izanik, eta hainbat estilo eta unibertso landuz, entzuleak «nahi duena» har dezakeela uste du Larrandaburuk. Rockak gaina hartzen du, beraz, baina bi diskoen artean zerbait nabarmendu du: lehen partea —alde alaia— pop-rocka da; bigarrena, berriz, rock alternatiboa eta, batzuetan, metala. «Espero dut aniztasun hori gustatuko zaiola publikoari».

Jeremy Garatekin grabatu dituzte bi diskoak, Larrazkena estudioan. «Soinu bikaina» egin diela azaldu du Larrandaburuk, eta emaitzaz «zinez kontent» direla azpimarratu. Grabatzeko orduan, kanpoko artista batzuen parte hartzeak izan dituzte —Laura Lazkano, Iban Falxa, Yoan Aroztegi eta Ximun Garat—, eta bi etapatan egin dute lana. Autoekoizpenaren abantailetariko bat dela uste du Larrandaburuk. «Argi genuen hastapenetik gure baitarik egin nahi genuela, libertate osoa izateko. Ez gara profesionalak, eta nahi genuena atera nahi genuen, nahi genuelarik eta nahi genuen maneran. Autoekoizpena manera hoberena da horretako». Horrek dakartzan zailtasunak zehaztu ditu, halere. «Zuhaurek aritu behar duzu saltokien atzematen, dena pagatu behar duzu aitzinetik... baina moldatu gara».

Grabatzea alde batera utzirik, kontzertuak ematen hasiak dira,eta, Larrandabururen iritziz, horrek «presio positiboa» ematen die. Etxeberrik kontzertu horien garrantzia azpimarratu du. «Musikari gisa, obligatua zara musika jo eta partekatzera publikoarekin. Ez da aski zure xokoan entrenatzea. Ez da hori musika; behar da publikoarekin partekatu». Etxeberri 9 urtetan hasia zen bateria jotzen, eta hainbat talde eta proiektutan parte hartu du geroztik, bateria eta perkusioak joz. Antton Larrandaburu & Bitxiloreak taldearen parte izatea «izugarriko xantza» dela uste du. «Haiekin jotzea kristoren plazera da, zeren eta lagun onak baikara; badugu koherentzia bat pentsatzeko moldean, eta musikalki elkar ulertzen dugu. Ber erreferentziak ditugu, eta pertsonalitate mailan berdintsuak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.