1920ko hamarkada eroaren errepasoa

Bilboko Guggenheim museoan 300 objektutik gora bildu dituzte 'Urte eroak, 1920ko hamarkada' erakusketan. Garai hartako esperimentaziorako joera «ausarta» islatu nahi izan dute komisarioek

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gizakiaren berritzeko nahiak nabariak izan ziren 1920ko hamarkadan. Ohiko gizarte eta familia rolak eraldatu egin ziren, eta talde babesgabeenek ahotsa altxatu zuten politikari eta kulturari zegozkien auzietan. Berrikuntzarako gogo horrek arteari ere bultzada eman zion, eta esperimentazioa nagusi izan zen diziplina guztietan. Hain zuzen ere, hori da Urte eroak, 1920ko hamarkada erakusketaren bitartez Catherine Hug eta Petra Joos komisarioek lortu nahi izan dutena: garai hartako diziplina artistiko guztietatik barrena ibilbide bat egitea. 300 objektu adierazgarritik gora bildu dituzte erakusketa osatzeko, eta irailaren 19ra bitarte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Zentroak ez ezik, Suitzako Kunsthaus Zurich museoak ere parte hartu du erakusketaren antolaketan.

Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak adierazi du «lankidetza» izan dela erakusketa aurrera eramateko gakoetako bat. Calixto Bieito Bilboko Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa arduratu da eszenografia atontzeaz, eta, haren hitzetan, «sormenari eta askatasunari gorazarre egiten dion erakusketa bat da».

Zazpi narrazio ataletan egituratuta dago: Gerraren trauma atzean utzita; Rol berriak, eredu berriak; Ikusteko modu berriak; Modaren iraultza; Lana eta aisia; Gorputzaren nozio berriak; eta Irrika. Areto bakoitzean islatuta agertzen dira, besteak beste, hamarkada hartan hirigintzan, familian, parte hartze politiko eta sindikalean eta aisialdian izandako aldaketarik eta aurrerakuntzarik nabarienak. Esate baterako, modaren garapena, emakumeen askatasuna, erotismoa eta abar agertzen dira piezen bidez. Horrekin batera, hainbat mugimendu aurrerazaleri erreferentzia egiten zaie erakusketan. Beste hainbaten artean, Bauhaus mugimenduari, dadaismoari eta objektibotasun berriari. Izan ere, eraldaketa aldi hari esker, dibertsitate handia sortu zen kultur arloko diziplina guztietan.

«Erakusketaren helburua arte diziplina guztiak elkartzea izan da», azaldu du Petra Joos komisarioak. Garai hartan diziplina guztietako artistak «lankidetzan» aritzen zirela nabarmendu du, eta erakusketaren bitartez ere elkarlan hori islatu nahi izan dute: «Garai hartan, [sortzaileak] eremu berriak esploratzen eta esperimentatzen hasi ziren, eta oso ausartak izan ziren».

Era berean, museoko bisitariek Europako hainbat hiritara bidaiatzeko aukera izango dute ibilbide horretan. Kasurako, Berlinera, Parisera, Vienara eta Zurichera. Hain zuzen ere, herrialde horietan hasi ziren garatzen gaur egun indarrean jarraitzen duten aldaketa horietako batzuk. Hortaz, Le Corbusier, Fernand Leger, Constantin Brancusi eta Max Ernst artisten obretatik abiatu, eta Ludwig Mies van der Rohe arkitektoak diseinatutako altzariak ikusteko aukera izango du bisitariak, baita Lucien Lelong jostun frantsesak egindako jantziak ere, besteak beste.

Joosek azpimarratu du «paralelismo ugari» daudelahasi berria den hamarkadaren eta 1920ko hamarkadaren artean, batetik bestera 100 urte egon arren: «Paralelismorik nabariena pandemia da, zalantzarik gabe». Lehen Mundu Gerrak eta 1918ko gripeak eragindako hondamendiari egin behar izan zien aurre duela mende bateko gizarteak. Hala eta guztiz ere, bi hamarkadek alde positibo «asko» ere badituztela azaldu du: «Iragana aztertzea ideia bizkorgarria eta inspiratzailea izan daiteke etorkizunera begira».

Museotik Arriaga antzokira

Guggenheimeko erakusketaz gainera, Bilboko Arriaga antzokiak bat egin du egitasmoarekin, eta 1920ko hamarkada eroarekin lotutako zazpi ikuskizun antolatu ditu datozen egunetarako.

Lehena joan den igandean izan zen: Jerusalem Quartet musika taldeak eta Hila Baggio soprano israeldarrak Varsoviako Yiddish kabaretaren 1920ko hamarkadako abesti bilduma interpretatu zuten. Hurrengoa hilaren 19an izango da. Miren Urbieta-Vega sopranoak eta Sapere Aude Sinfoniettak Paris, años 20 kontzertua eskainiko dute, Alain Aierdiren zuzendaritzapean. Hurrengo egunean, berriz, antzerkiaren txanda izango da. Doña Rosita, anotada obraren bitartez, Federico Garcia Lorcaren Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores obran oinarritutako denboraren joanari buruzko tragikomediaren irakurketa bat egingo dute.

Ekaineko egitarauari dagokionez, Los siete pecados capitales ekoizpen lirikoa ikusteko aukera egongo da 4an eta 5ean. Horrez gainera, ekainaren 10ean, Ausrine Stundyte sopranoa igoko da oholtzara. Bi egun geroago, bigarren antzerki proposamena izango da ikusgai: Kakerlake/Kafka antzezlana. Kafkaren Metamorfosia-n oinarrituta dago, eta Richard Sahagunek egindako egokitzapen bat da. Programazioa amaitzeko, berriz, zinema eta kontzertua uztartzen dituen ikuskizun bat egingo dute ekainaren 19an. Hain zuzen ere, Die Nibelungen: Siegfried filmaren musikaz zuzenean gozatzeko aukera egongo da, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren emanaldi baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.