Inoiz ez da beranduegi arraunerako

Orioko 32 emakume 198 kilometroko erronka bat ari dira egiten: Oriotik Bilbora joan eta etorri arraunean. Bihar amaituko dute saioa

Orioko arraunlariak, atzo, Bilboko udaletxe parera iritsi zirenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Erotzat jo zituzten herrian Oriotik (Gipuzkoa) Bilbora arraunean joango zirela esan zutenean. «Zergatik ez?», pentsatu zuten eurek. Esan eta egin. Bidearen erdia eginda, lortu zuten urrian ezarritako erronka betetzea: 32 arraunlari hasiberri heldu ziren atzo eguerdian Bilbora. Zerua oskarbi, itsasbehera eta animo oihuak, harrera beroa egin zioten Tknika traineruari. Arraunak gora, eguzkia goi-goian eta Bilboko itsasadarra. Udaletxe aurrean trainerua lotu zuten arraunean zetozen hamahiru emakumeek, gainerakoen txalo artean. Zorion hitzak besterik ez zen entzuten bertaratutako familia eta lagunen artean, begien aurrean zutena sinetsi ezinik. Naiara Peinado Jimenez arraunlariak harro azpimarratu zuen egindako lanaren garrantzia: «Jendeak ez zuen gugan sinesten. Erakutsi dugu posible dela, eta jende horri muturrean eman diogu».

Era berean, ama eta alaba traineru berean ikusteko ere balio izan du erronkak; izan ere, Ainhoa Pozo Lizaso eta Josune Lizaso Aizpurua ama-alabek batera heldu diote erronkari. «Sekula ez dut kirolik egin, eta honek konbentzitu nau. Badakit hemendik aurrera egiten jarraituko dudala», azaldu zuen Josune Lizasok, alaba alboan zuela. Masailak gorri, izerditan blai eta egarri, baina pozez zoratzen iritsi ziren arraunlariak, ametsa zirudiena egia bilakatuz. Utopiatik errealitatera saltoa emateko, taldearekiko konpromisoarengarrantzia azpimarratu nahi izan zuen Ainhoa Pozok, taldearen bozeramaile lanetan: «Hasieran denon artean konpromiso batzuk erabaki, eta idatzi egin genituen». Eta konpromisoari helduz egin zuten aurrera; hain zuzen, hasitakoa bukatzeko beharrean tematuta: «Esandakoa betetzeko konpromiso bat hartzera eramaten zaitu horrek. Taldeko kirol bat da, eta, egiten ez baduzu, taldeari huts egiten diozu. Beraz, egin beharra dago», gehitu zuen Pozok.

Ostegunean ekin zioten bideari, espero baino baldintza zailagoetan. Orion, 07:00etan itsasoratu ziren, baina olatuek ez zieten bidea lasai egiten utzi. Lehen etapa Bermeon (Bizkaia) 12:30ean bukatu behar zuten, baina kostata heldu ziren Getariara (Gipuzkoa). 16:00 arte zain egon behar izan zuten, itsasoa baretu eta Bermeorako bidea hartu ahal izateko. «Ura sartu eta sartu, belauneraino geneukan, eta pisua asko nabaritzen genuen», adierazi zuen Leire Laredo arraunlarietako batek.«Itsasoak gure lekuan jarri gintuen, konturatu ginen askotan ezin zaiola naturari kontra egin», gehitu zuen Nere Manterolak, Laredo alboan zuela.

'Zergatik ez?' proiektua

Ideiaren hazia Oriora joandako kataluniar batek erein zuen, aurtengo maiatzean 40 urte beteko zituela eta. Joan den urteko maiatzean izan zen hori, eta urrian jarri zen martxan taldea. Orioko Arraun Taldearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta horiek bi baldintza jarri zizkieten: 25 emakumeko taldea osatzea eta euren buruari erronka bat jartzea. Erronka, Oriotik Bilbora arraunean joatea. Orduan jaio zen Zergatik ez? proiektua, emakume horien ideia «zoroa» erronka serio bihurtuz. Inoiz ez dela beranduegi kirola egiten hasteko argudiatuz, bideari ekin zioten 32 emakumeek. 35 urte ditu gazteenak eta 59 beteko ditu aurten taldeko beteranoak, baina ilusioa eta bizipoza ez zaie falta. Hamar hilabete eman dituzte astebururo-astebururo itsasora ateratzen. Tartean, korrikari, mendi igoerari eta ergometroari lotutako arratsalde asko ere igaro dituzte.

Aurretik apenas elkar ezagutzen zuten emakumeek sare indartsua osatzea lortu dute, edozein oztopo gainditzeko gai izan den sarea. Lana, familia eta kirolaren arteko oreka mantentzea ez dela erraza izan aitortu zuten, baina taldearekin hartutako konpromisoa betetzeko nahiak eman die aurrera egiteko indarra. Amore ematekotan ere sarri izan direla aitortu zuten, baina helburu argia izateak bidetik galtzea galarazi die. Gaur hirugarren etapa eta luzeena Ondarroan (Bizkaia) bukatuko dute, eta bihar izango dute egun handia Oriorako bueltan. Festa eta poza, egindako lanaren ordainsaria izango da etxerako buelta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.