HIRUDIA

Erregistroak

Jon Alonso - Idazlea

2018ko urriak 11
Ez nuen oso argi zertaz ari ginen eztabaidatzen, baina azken bi artikuluek aski argi utzi didate; eta hori aski ez balitz, joan den igande honetako Olasagarrerenak, eta astearteko Etxanizenak argitu dizkidate azken lainoak: institutuetako programazioaz ari gara, antza.

Zerbait susmatzen nuen, egia esan, baina uste nuen amu pare bat botata aldatzen ahalko nuela, beharbada, eztabaidaren nondik norakoa. Ez da horrela izan, eta sentitzen dut. Ni ez naiz irakaslea eta ez dakit ezer hezkuntzaz. Gehienez ere, programazioan ez nintzela konformatuko Aizkorri igotzearekin; Hiru Erregeen Mahairaino saiatuko nintzatekeela, gutxienez.

Zer eta nola programatu behar den jakin ez, eta bestelako gaiak proposatu nituen nik, nola baita liburuaren fin gaizto, hurrenez hurreneko eta iragarria. Baina ulertzen dut amu horri kosk egin ez izana; ez da gisa urka-bilurra aipatzea urkatuaren etxean.

Batuarena eta Euskaltzaindiaren urteurrenarena mamitsuagoa iruditzen zitzaidan, eta zait. Eztabaida ez da batua-euskalkiak (benetan aspergarria, muerto erdara batua erabatekoa), baizik eta, zergatik behar izan duen Euskaltzaindiak behialako barne-arerio bat berpiztu eta astindu, mamu bat balitz bezala, batuaren berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko.

Ea ba: batuaren alde, agiria izenpetu duten erakunde guztiak, gehiengo soziala adostasun osoz, alderdi politiko gehienak, sindikatuak, milaka idazle eta bertsolari, daukagun egunkari bakarra, telebista eta irrati publikoak eta publikoak ez direnak, dauden aldizkari gehienak, administrazioa erabat edo ia erabat eta hezkuntza sistema oso-osorik. Batuaren aurka (arrazoi oso ezberdinengatik, bistan da): karlismo linguistikoaren nostalgiko batzuk eta, demagun, Ondarroako Gazte Asanblada. Ondarroakoa, esateko modu bat da; beste edozein herri euskaldunek balio lezake. Del Burgo eta enparauak beste maila bateko aurkariak dira, eta eztabaida honetatik kanpo daude.

Non dago arriskua? Zertatik edo norengandik zaindu behar da batua? Amerikako Estatu Batuen itsas armadako hegazkin-ontzi bat Kontikiaren aurka, non dago arriskua, non borroka? Sinpleki, ez dago, ez da posible. Orduan?

Batua erabilera ezetik zaindu behar da, zaindu behar izatekotan.

Baina tontolo-montolo —(B, l)—, akademiak beste hamarkada baterako diru laguntza publikoa ziurtatu du, bere aurrekontu potoloari eta jardun ekonomiko opakoari eusteko ezinbestekoa, noski. Eta bide batez, zalantzak eta arauak argitzeko beste liburuxka —hiztegi batua— bat jarri du salgai, Rikardo Arregiren lagunenek baino dezente arrakasta handiagoa edukiko duena (beldur naiz, temitxen naiz —etxetik ibiltzeko euskaldunberriera—). Oso esplikatzaile txarrak dira, edo gu oso tonto (edo biak?), berrogeita hamar urte eta gero arauak esplikatzen segitu behar izateko.

Liburuak euskal prosa areago (areago oraindik, are areago) uniformizatzeko balioko du, baina arazo nagusiaren aldetik ikusita, —erabilera— zero bat ezkerrean izango da, kasurik onenean. Okerrenean, zero bat ezkerrean ez, zero koma bat ezkerrean izango da.

Zeren, nork zaintzen du euskara euskararen zaindariengandik?

Zintz dagizuet —hau euskal klasiko batena da, Andoni Egañarena—, ordea, sorkuntza bultzatzean dagoela erabileraren gakoa. Baina gutxi fio: Hagintarien kode odontologikoa hiritarrok aho bete hortz uztea baita (hau beste euskal klasiko batena da, Olariagarena).

Bi klasiko hauek, ordea, diru laguntzaz urri, urteko kontuak berdintzen lanak dituen medio batean aritzen dira.

(Oharra: euskal literaturaren eta koroaren arteko harremanen gaia beste egun baterako utziko dugu, gustua baduzue, bitarte horretan Ondarroako Gazte Asanbladak —esateko modu bat da, berriz— gaia astintzen ez badu).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna