Luze joan den urte bat laburretan

Sail ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film labur estreinatuko ditu gaur Zinebi jaialdiak Bilbon, Arriaga antzokiko irekiera ekitaldian

Zinebiko sail ofizialean proiektatuko diren euskal filmen prentsaurreko aurkezpena, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Señora?». Pandemiaren hasiera-hasierara darama ikuslea Maider Oleaga zuzendariaren Kinka fim laburraren hasierak, proiekzioa abiatu eta segundo gutxi batzuetara. Itxialdia ezarri zuen agindua hedatzen du etxeko horma hutsen artean irrati batek, eta justu orduan zabaltzen du atea bertan bizi den adineko emakumezkoa zaintzera datorren langileak. Zalantzati. Ez dute elkar ezagutzen, baina elkarrekin zeharkatu beharko dute historia. Zineuskadik itxialdiari buruzko filmak sortzeko martxan jarritako laguntzekin filmatu zuen lana iazko abenduan zuzendariak, eta film horrekin abiatuko da gaur Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Arriaga antzokian egingo dute inaugurazio ekitaldia, Sra. Polaroiska kolektiboak gidatuta, Capsula taldearen zuzeneko musikarekin; Margarethe von Trotta zinemagileari Ohorezko Mikeldi Saria ere emango diote, eta sail ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film emango dituzte ondoren. Publikoarekin. Jendea aurrez aurre eta alboz albo dutela. Baina lehen eszenatik bertatik proiektoreak koronabirusaren itzala oraindik gogoan duela. Estreinaldiak izango dira guztiak, baita Oleagarena ere.

Donostiako Zinemaldian Kuartk Valley dokumental luzea aurkeztu zuen Oleagak duela hilabete pasa, eta fikziozko labur bat estreinatuko du orain. Elena Irureta eta Maria Isabel Diaz aktoreak baino ez dira azalduko kamera aurrean, eta haien elkarrizketa, keinu eta solasaldien bidez agertuko da pandemiaren itzal luzea filmean. Oleaga: «Itxialdian bizi izan genuen ezinegona eta beldurra adierazten ditu lanak, pandemiak bereziki gogor jotako bi gizatalderen bidez». Horregatik adineko emakumea, eta horregatik zaintzailea. «Oso egoera bortitzak bizi izan zituzten, eta oso ikusezinak izan ziren».

Aurten egon den ekoizpenaren «laburpen borobila» izango da gaurko proiekzioa Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendariaren hitzetan. Bi proiekzio egingo dituzte zazpi lanekin, gainera. Gaurkoa izango da lehena, eta hilaren 18an bigarrena. Eta bietan, Oleagaren lanaren ondoren proiektatuko dituzte Mel Arranz zinemagilearen Azaletik azalera animazio film esperimentala, Aitor Oñederraren Ur azpian lore, Raquel Calvo eta Elena Molinaren Yungai 7020 dokumentala, Aitor Gametxoren Berak baleki fikzio lana, itxialdian girotutako David Perez Sañudoren Voltios fikziozko laburra, eta Txuspo Poyoren Love Needs Time to Kill dokumentala.

Duela hamar urte sortu zitzaion Oñederrari gaur estreinatuko duen animazio laburra sortzeko harra. 2010. urte inguruan heldu zitzaion Madrilen Poliziak itxi berri zuen abortu klinika klandestino bati buruzko albistea, eta orduan piztu zitzaion hango bezero izandako baten kontakizuna animatzeko gogoa. Giza barrunbeak irudikatzen dituzten irudi abstraktuen mozkorraldi batek hasten du filma horregatik, bozgorailuek jario eta bihotz taupada hotsak zabaltzen dituzten bitartean, eta hala joango da kontakizuna pixkanaka, irristean bezala, kanporantz, dutxa bat hartzen ari dela odola isurtzen duen txinatar emakume baten irudira. Eta protagonistaren bizitzan aurrera eta atzera joango da kontakizuna hortik aurrera. Animazio teknika batetik bestera egingo du jauzi filmak horretarako.

Aurrez ere Zinebin labur bat aurkeztutakoa da Oñederra. I Said I Would Never Talk About Politics erakutsi zuen 2015ean, eta, hain justu, animaziozko filmak bukatzera heltzeak eskatzen dituen epeez aritu da lanaren aurkezpenean. «Sei urtez aritu gara film honekin lanean», azaldu du. «Animazio bat egiteak lan handia dakar, eta finantzaketa eskasa baldin badauka, edo zuzendariak ordaindu behar badu lan guztia, azkenean, luze egiten da».

Lurpeko herri bat

Ideia piztu eta hamar urtera aurkeztu dute beren dokumentala Raquel Calvo eta Elena Molinak ere. 2010ean izan zen Calvo Perun irrati ikastaroak ematen, eta orduan izan zuen Cordillera Blanca izeneko mendate ikusgarriaren magalean dagoen Yungay herriarekin gertatutakoaren berri. Lurrikara gogor bat izan zen 1970ean, eta 15.000- 18.000 pertsona inguru hil zituen ikara hark eragindako lur jausiak, minutu gutxi batzuen buruan. Herria desagertu egin zen lurpean, eta, gobernuak beste bailara batera joateko aukera eskaini bazien ere, herri berri bat eraikitzea erabaki zuten bizirik atera zirenek, jatorrizko herria izan zen lekutik kilometro gutxira. Eta gertakari haren memoria da filmaren ardatza. Gertakarien 50. urteurrenean irratiek nola zabaltzen dituzten lekukoen oroitzapenak, bizirik atera zirenek nola antolatzen dituzten bisita gidatuak turistentzat, eta nola egin duten aurrera herritarrek, besteak beste senideak ehortziak dituzten lurretatik metro gutxira hulla hoop-ak, biserak eta bestelako oroigarri batzuk saltzen dituzten dendak zabalduta. «Herria han zegoela jakin nuenetik, obsesio bat bihurtu zitzaidan», azaldu du Calvok. «Hori kontatu beharra zegoela sentitzen nuen».

Familiaren aurrean bere homosexualitatea ezkutuan daraman gizon baten egunerokoa kontatzen du Aitor Gametxo zuzendariaren Berak baleki lanak, eta Sumendi Filmak eta Galapan Productions ekoizpen etxeen eskutik heldu da Zinebira. Eurek ekoiztu dute Oleagaren Kinka laburra ere, eta jaialdiak haien lanak aukeratu dituelako poza azaldu du Ander Barinaga ekoizleak. «Guretzat oso garrantzitsua da lana etxean aurkeztea baina, aldi berean, nazioarteko aitortza duen jaialdi batean ere egotea».

Sail ofizialeko 7.000 euroko sari nagusian ez ezik, beste hainbat sari jasotzeko lehian ere izango dira zazpi lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.