Sanpedroak Urdiainen

Kaldereteak, jaiak indartsu hasteko

Urdiaingo kuadrillek euren sukaldaritzako gaitasunak erakutsi beharko dituzte gaur eguerdian. Bost bat kuadrilla espero dituzte

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Gaur bertan hasiko dira San Pedro festak Urdiainen (Nafarroa), nahiz eta atzo pilota partidak ere izan ziren. Eguerdiko suziriarekin hasiko dira festak, eta lehen eguna indartsu hasteko, herriko plaza kalderetez beteko da ordubata aldera. Izan ere, kuadrillen arteko kalderete txapelketa ospatuko dute, seigarrenez, Sakana bailararen bihotzean.

Urdiaingo Gazte Asanblada izango da antolatzailea, eta hango kide Ander Galarzak dioenez, «txapelketa informal bat da: ez dugu izen ematerik hartzen, txapelketa dagoela programan jartzen dugu, geure artean hitz egiten dugu, eta, gutxi gorabehera,bost kuadrilla inguru bildu izan gara». Kuadrilla bakoitza 10-15 pertsona inguruk osatzen du oro har, eta gazteenek 15-16 urte dituzte; zaharrenak, berriz, 30 urtekoak ere izan dira beste urte batzuetan. Urdiaindar guztiak gonbidatuta daude txapelketan parte hartzera.

Kalderetea jatea oso ohikoa da Nafarroako herri bazkari ugaritan. Izena kozinatzeko erabiltzen den eltzetik datorkio, eta untxiak edo oilaskoak osatzen du, patatekin osagarri gisa. Hala ere, txapelketa horretan kuadrillek janaria nahi bezala prestatzeko askatasuna dute.

Urdiaingo Gazte Asanblada oinarrizko azpiegituraz arduratuko da: mahaiez, bankuez eta suaz. Eltzeak eta beharrezkoak diren gainerakoak, berriz, kuadrillen kontu izango dira.

Epaimahai ofizialik ez dago, baina ordu bat ezarriko dute kaldereteak aurkezteko. «Tabernara joaten gara eta parte hartzen ez duten bi edo hiru pertsona hartzen ditugu epaile lanak egiteko», Galarzak dioenez. Epaimahai amateur horrek bi irizpide jarraitu beharko ditu kalderete onena zein den neurtzeko: alde batetik, aurkezpena; eta bestetik, zaporea, zein den goxoena.

Epaiaren ostean, plazan jarritako mahai eta bankuetan esertzen dira kuadrillak, eta bakoitzak bere kalderetea jateari ekiten dio. Irabazleak ez dauka saririk,«txapelketa informal» bat delako.

Urdiaingo Gazte Asanblada ez da soilik San Pedro jaietara mugatzen. San Joan bezperako asteburuan hasita futbol txapelketa batean murgilduta daude, adibidez. Deialdia Sakana bailara osorako da, eta beste urte batzuetan Goierritik ere joan izan dira taldeak. Finala Andramauztuko jaietan izango da. Abuztuaren 14 eta 15ean ospatzen diren jai horiei erefesta txikiak esaten diete urdiaindarrek. Bi egunekin nahikoa ez, eta hirugarren bat gehitzen dio gazte asanbladak Gazte Egunarekin, abuztuaren 13an edo 16an.

Urdiaingo Gazte Asanbladak sei urte inguru ditu, eta 30-40 kide inguruk osatzen dute, denak urdiaindarrak, denak gazteak. «Oso harreman ona» dute herriko udalarekin, «zerbait proposatu dugunean laguntzeko prest» agertu direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.