H.B. bere lekuaren bila itzuli da

Unai Iturriagaren eta Alex Sanviren 'Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista' komikia argitaratu dute Ikastolen Elkarteak eta 'Xabiroi'-k. 'Litxarrerien jauna' aurreko liburuan bezala, errealitatearen parodia egin dute egileek

Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista komikiko irudi bat. UNAI ITURRIAGA-ALEX SANVI.
mikel lizarralde
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Haur Besoetakoa bueltan da. Literalki, eta baita fikzioan ere. 2014ko udazkenean kaleratu zuten Unai Iturriagak eta Alex Sanvik Litxarrerien Jauna pertsonaian oinarritutako lehenengo albuma, eta, lau urte igaro direla, bigarren alearekin itzuli dira: Paristik datorren artista. Itzulera bikoitza, beraz; komigileena bata, eta H.B.rena bestea, izenburuak dioen bezala, Frantziako hiriburua utzi eta bere jatorrizko lurraldera itzuliko baita. Litxarrerien jauna bezalaxe, Ikastolen Elkarteak eta Xabiroik eman dute argitara Paristik datorren artista.

Iturriaga: «Lehen albumaren amaieran, kinka larrian utzi genuen gure Haur Besoetakoa; batetik, albuma amaitzeko modu bat zelako hura, eta, bestetik, Alex eta biok nahiko kinka larrian geundelako pertsonaiarekin». 2007an ikusi zuen argia lehendabizikoz Haur Besoetakoa-k, Xabiroi aldizkariaren orrialdeetan. 2014ra bitartean argitaratutako istorioen bilduma batek osatu zuen, hain zuzen ere, Litxarrerien jauna, eta pertsonaiarekin «borrokatxo bat» ere bazuten ordurako Iturriagak eta Sanvik. «Ez ginen ausartu akabatzera. Eta denborarekin konturatu ginen merezi zuela bizirik irautea».

Haur besoetakoa-ren lehen liburuaren abiapuntua erabat parodikoa zen. The Godfather pelikulako aitajaunak bezala, Haur Besoetakoak litxarrerien eta bideo-jokoen merkatu klandestinoa kontrolatzen zuen, helduak ugalketarako eta zerbitzurako izaki huts ziren bitartean. Bigarren alean, istorioak ez du ukitu parodikoa galdu, baina alderdi hori lausotuago dago Iturriagaren beraren iritziz. «Aurrekoan The Godfather-en erreferentzia oso agerikoa zen, eta pertsonaia bera mafiosoa zen. Baina denborarekin bizitza propioa hartu du pertsonaiak».

Litxarrerien jauna-ren amaieran, «[Humphrey] Bogarten eta [Ingrid] Bergmanen elkarrizketa famatua parodiatuz, Paris gelditzen zitzaien protagonistei», eta Frantziako hiriburuan hasten da, hain zuzen, bigarren albuma. Han dira H.B. eta Lo-li-ta, bere salbatzaile baina aldi berean antagonista dena. Bere jatorrizko mundura itzultzeko aukera izango du H.B.k, eta berregin beharko du bere bizitza haurren munduan, «traidore izatearen akusazioa hor gainean daukan bitartean». Behetik hasi beharko du borroka, gora igotzeko nahiarekin, baina bidea zaila izango da, «are gehiago kontuan izanik nolakoa den: baliorik gabekoa eta printzipioak izatera iritsi ez den haur bat».

Gazte batek bezala heldu batek irakurriko duen liburu bat da Haur Besoetakoa. Paristik datorren artista. «Batzuek geruza batzuk galduko dituzte, eta beste batzuek beste batzuk, baina oinarrian beti dago errealitatearen parodia». Eta, hala ere, egileak ez du uste «haurrentzako» album bat denik, «batzuetan planteatzen dituelako gai batzuk nahiko konplexuak. Beharbada, aita edo ama batek umeari azaltzeko egun bat beharko luke».

Liburuan, gainera, erreferentzia ugari aurkituko ditu irakurleak, Iturriagaren zaletasunen isla direnak hein handi batean. «Nire garaiaren semea naiz, eta birziklatze handia dago hemen. Eragin didaten gauza asko dago. Zinema, beste komiki batzuk... erreferentzia asko daude, niri beste komiki batzuetan ere gustatzen zaidalako hori ikustea. Uste dut egileari buruzko pista asko ematen dituela horrek. Hori bai, Alex erotu dut horrekin! [barrez]».

Lehen albuma egiteko zazpi urte behar izan zituzten bezala, bigarrena lau urteren buruan iritsi da. Hirugarrena ailegatuko den galdetzeko «goizegi» da, baina oraingoan, behintzat, ez dute pertsonaia «akabatzeko» gogorik izan. «Ez dakit zer egingo dugun, baina egia da helduen mundu honek beti ematen dituela ideiak parodiarako eta kritikarako».

'Xabiroi'-ren 11. albuma

2005. ekainean jarri zuen abian Xabiroi aldizkaria Ikastolen Elkarteak, eta laster 50. zenbakia argitaratuko du — 2008an ale berezi bat atera zuen, zenbakirik gabe—. Dani Fano zuzendariak gidatu du proiektua hamaika kolaboratzailerekin elkarlanean, eta urte hauetan guztietan 11 album kaleratu dituzte. Haur Besoetakoa da, baina, errepikatu den lehenengo seriea. Fano: «Haur Besoetakoa-ren muinean dago helduen munduaren kritika bat, eta Xabiroi-n zerbaitetan saiatzen bagara da gazte diren gure irakurle horiek ergeltzat ez hartzen. Horregatik, Haur BesoetakoaXabiroi-ren ikur bilakatu da. Gure ikono eta aldarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.