Ametsetako txupinazoa afixan

Edurne Tainta burlatarrak egin duen kartelak iragarriko ditu aurten sanferminak, botoen %30 jasota. Inoizko parte hartzerik handiena izan da bozketan: 10.629 iruindarrek eman dute botoa

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ametsezko postal batek iragarriko ditu aurten sanferminak. Afixaren izenburuak ematen du pista: Atzo uztailaren 6 batekin amestu nuen. Edurne Tainta burlatarrak egin du: 3.180 boto lortuta irabazi du sanferminetako kartel lehiaketa. Boto guzien %29,9 lortu ditu, hain zuzen. Iruñeko udaletxean aurkeztu du kartela, Joseba Asiron alkatea eta Maider Beloki Kultura zinegotzia lagun.

Sanferminak iragartzeko afixa boto bidez aukeratzen da 2008az geroztik, eta aurten inoiz baino jende gehiagok eman du bere iritzia. Orotara 10.629 iruindarrek parte hartu dute kartela aukeratzeko bozketan, iaz baino 4.118 gehiagok. Datu horiekin kontent agertu da Iruñeko alkatea: «Albiste ona da, eta gisa honetako parte-hartze prozesuen garrantzia berresten du; sanferminetara eta hiriaren beste alor batzuetara ere eraman dugu». Irabazleak 3.600 euroko saria jasoko du.

Asironen zorion hitzen ondotik mintzatu da Tainta bere kartelari buruz. Kartel fantastiko bat dela azaldu du, eta amets bat agertzen duela. Ilustrazio proiektu bat egiten ari zela etorri zitzaion ideia burura: ohatzetik jaiki, balkoia ireki eta han amets bat ikusten zuen pertsona bat zen. «Ideia horrek uztailaren 5ean izaten dudan urduritasuna ekarri zidan gogora: ohatzean etzaten naizenean, ametsetan bezala nago». Ideia hori garatu zuen kartelean: «Amets bat irudikatu nahi nuen. Jaiki, balkoira atera, eta bat-batean 12:00ak direla, txupinazoa».

Horixe ikus liteke Taintaren afixan: Udaletxe plaza mukuru, txupinazoan. Plano zenitala da, balkoi batetik ikusia. Eguerdian Udaletxe plazan ateratako argazki batean oinarritu zen ilustrazioa sortzeko. Eraikinetako bat itzaletan geratzen da ordu horretan, argi kontrastea eginez. Horretarako, argi-iluna erabili zuen: kolore bero eta hotzak. «Kolore beroek eguna adierazten dute, eta hotzek, gaueko mundua. Udaletxetik behera erortzen diren konfetiak gauaren aldera igarotzen direnean, izar bihurtzen dira».

Koloreei buruzko azalpen luzeagoa eman du: «Ametsez eta onirikoaz ari garela, koloreak ez dira errealak; fantastikoak dira, fantasiazko ipuin baten antzekoak. Horrela, politikarik gabeko mundu bat adierazi nahi izan dut, sinbolorik gabekoa; dena neutroa da». Udaletxean paratu dituen banderak ez dira han eskegi ohi dituztenak. Gorriak dira denak, baina tonu ezberdinetakoak. Modu horretan, Nafarroako gorriari baizik ez dio egin erreferentzia. «Gainera, banderek urrezko sekzioaren konposizioa egiten dute», zehaztu du Taintak.

Ilustrazioa marko baten barnean sartu du. «Markotxoa duten argazkietan oinarritu naiz: azpian, bidaiaren data eta egon zaren tokia apuntatzen duzu». Gauza bera egin du afixako testuarekin: «Bitxia zen hor San Fermin 2019 jartzea, postal bat balitz bezala».

Saria irabazita «oso kontent» dagoela aitortu du egileak. Azaldu du afixa horretan bere ikasketek eta bere pasioak bat egiten dutela. Kontatu du txikitatik asko gustatu zaiola margotzea, eta, beraz, gustuko duena egiteak eta sanferminak islatzeak gogobete egin du. Aurtengo sanferminak bereziak izanen direla ere onartu du. Ez soilik sariarengatik: «Kanpaldietako begiralea naiz, eta Hondarribian egon ohi naiz; beraz, txupinazoan ez dut hemen egoterik izaten. Baina aurten uztailaren 5ean itzuliko gara».

Txistularia bigarren

Ia mila botoren aldea atera dio irabazleak bigarrenari. Txist-jazz afixak 2.183 boto lortu ditu, nahiz eta UPN eta PSN alderdiek kartel horren kontra egin. Bi emakume ageri dira afixa horretan: Fatima Djarra Braulia erraldoiaren rolean, eta Veronica Ferreira erraldoiaren txistularia. Ferreira EH Bilduren zerrendan hirugarren aurkeztu zen Espainiako hauteskundeetan, eta horregatik polemika pizten saiatu ziren oposizioko alderdiak. Epaimahaiak ez zituen haien kexak aintzat hartu, eta Hauteskunde Batzordeak ere ez zuen arazorik ikusi kartelak lehiaketan parte har zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.