Ikuslea da artelanen laugarren dimentsioa

Jesus Rafael Sotoren 'Laugarren dimentsioa' erakusketa aurkeztu du Bilboko Guggenheim museoak. Otsailaren 9ra arte bisitatu ahalko da. Artistak 50 urtean ondutako 60 obra biltzen ditu

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Abstrakzioa eta mugimendua. Arte zinetikoa. Laugarren dimentsioa. Edo, bestela esanda, ikuslearen interakzioa. Kezka iturri eta hausnarketa bide izan zuen Juan Rafael Soto artistak (Venezuela, 1923 - Paris, 2005) obraren eta ikuslearen arteko lotura arakatzea, eta ikerketa horren emaitza da, hain zuzen, haren ibilbide artistikoa. Bere obrarik esanguratsuenetako batzuk gela bakarrean batu, eta askotariko tamaina, ehundura eta kolorez hornitutako erakusketa ondu du Bilboko Guggenehim museoak. Sotok 50 urtean egindako 60 artelanek osatzen dute Laugarren dimentsioa atzera begirakoa. Otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai.

Ez da, ordea, Sotoren obrak Guggenheim museo baten erakusten diren lehen aldia. 1974. urtean New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan jarri zituzten Sotoren margolanak eta eskulturak. Eta Cristobal Soto artistaren semearen esanetan, aitaren obra 45 urte geroago Bilboko Guggenheimean ikustea «oso adierazgarria» da.

Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak bi hitz besterik ez ditu behar izan Soto deskribatzeko: «Klasiko garaikidea». Eta kontzeptu hori baliatuz aipatu du museoaren izpirituarekin bat datorrela Sotoren ekarpen artistikoa: «Pinturaren eta eskulturaren arteko muga arrakalatu zuten artista horien parte da Soto». Zehatz esanda, artelanez gaindikoa ere izan zen haren ekarpena. «Ikuslearen parte hartzearen bidez laugarren dimentsioa miatu zuen Sotok; ikuspegi artistiko eraldatzailea zuen».

Iragan mendeko 20. hamarkadan jaio zen Soto, Venezuelan, baina bere bilakaera artistikoa itsasoz bestaldera garatu zuen:Parisen. Frantziako hiriburura egin zuen 1950ean, eta bertan bizi izan zen hil arte. Paris izan zuen geraleku eta abiapuntu, eta bertan gogoetatu zuen artearen zein haren mugen inguruan. Arte zinetikoa jorratu zuen gehien, Jean Tinguely, Iacov Agam eta Victor Vasarely artistekin batera. Artista zinetikoek mugimendua iradokitzen duten koadro eta eskulturak lantzen dituzte. Ilusio optikoek sortzen dituzten engainuen bitartez, pieza higitzen ari dela dirudi; hain justu, film bateko fotogramak batzean sortzen den akzioa balitz bezala.

Mugimendu hori sortzearen ardura ikuslearengan paratu zuen Sotok, gizakiaren parte hartzea obra «martxan jartzeko» ezinbesteko baldintza bihurtuz. Bide horretan, artista modernoek gerora izango zuten kezka bati konponbidea bilatu ziola uste du Manuel Cirauqui erakusketako komisarioak. «Aitzindaria izan zen; gerora beste artista batzuek zuten ikuslearen parte hartzeari buruzko kezka argitu zuen».

Laugarren dimentsioa deitu zion venezuelarrak elkarrekintza horri. Bi dimentsio agertzen ditupinturak, altuera eta zabalera, eta sakonera eransten da eskulturan.Urrunago heltzen da Soto; laugarren dimentsioa azaleratzen du, ikuslearen parte hartzea. Ondorioz, koadroaren edota eskulturaren aurrean jartzean errealitatean dagoenaren eta norberak ikusten duenaren arteko tirabira hasten da. Giza begia engainatzen dute artelanek Cirauquirentzat:«Dimentsioen ezbaiaren amildegian jartzen du ikuslea; pertzepzioaren ordena hausten du».

Zeharkatu daitekeen artea

Hain zuzen, laugarren dimentsioaren azalpena era bereziki argian hezurmamitzen dute Sotoren hiru pieza ageri ditu Guggenheimeko erakusketan. 1970eko hamarkadan ondu zituen lanak, eta, literalki, bisitariak artelanak zeharka ditzake. Horrela, erakusketa gelara sartu bezain pronto hasten da jolasa. Obra hauen aurrean gezi beltz batek iradokitzen dio bisitariari artelanera hurbiltze aukera duela. Gortina bat bailiran zintzilik dauden hariek kubo bat osatzen dute; hariak mugituz kuboaren barrunbeetara sartzeko aukera ematen duena. Ariketa horren bidez ikusleak obra barrutik bizi du.

Gainerako piezak hain interaktiboak ez diren arren, ikuslearen mugimenduaren bitartez aktibatzen dira. Forma geometrikoak izan zituen lanabes, eta lerroak batzeko bide ezberdinak jorratu zituen Sotok. Zurruntasunera eta malgutasunera egin zuen artistak, garaian garai, material ezberdinekin jokatuz.

Hastapenetako artelanek lerro geometriko zurrunak dituzte, ilusio optikoak sortzeko gai izanda ere, horma irudi gisa gorpuztuak. Gerora, esperimentazio bidea hasi zuen Sotok eta geometriaren «deseraikitze» fasea abiatu. Irregulartasuna eta egitura kurbatuak dira nagusi 1960. hamarkadako lehen erdiko piezetan. Ondorengo aldian, berriz, ikuslearen barneratzea ahalbidetzen duten piezak. Eta, hortik aurrera, artelanek sortu ditzaketen soinu, kolore efektu eta sakontasun pertzepzioaren inguruan ikertzen hasten da. Erakusketan dagoen Sotoren piezarik berriena da lanketa horren erakusgarri: 2001ean ondu zuen Urdin nagusia. Komisarioak azaldu duenez, koadroa ulergaitza da giza begiarentzat:«Giza begiarentzat ezinezkoa da pieza hau ulertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.