Albistea entzun

Festak Etxebarrin

Inprobisaziozko pregoian, aldarrikapenak

Elena Caballero 'La Basuk' botako du jaiei hasiera emango dien suziria, gaur. Kuadrillen arteko olinpiadak izango dira jaien ardatza
La Basu rap abeslariak txupinazoa botako du, gaur, udaltxeko balkoitik.
La Basu rap abeslariak txupinazoa botako du, gaur, udaltxeko balkoitik. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Javi West -

2019ko uztailak 19

«Hemen, auzoan, beti izan naiz arraroa, la rapera, baina egun horretan ez naiz izango Basu, Elena izango naiz». Elena Caballero La Basu rap abeslariak botako du Etxebarriko (Bizkaia) jaien hasiera iragarriko duen suziria, eta pregoia irakurriko du. Gaur hasi, eta hamar egunez izango dira jaiak, eta Elektrotxufla elektrotxarangak emango die hasiera, 18:30ean. Amaiera, berriz, Lekittoko Deabruak taldearen kale antzerkiak emango die, uztailaren 28an, domekan, musika eta piroteknia uztartzen duten ikuskizun batekin.

Caballerok pozik hartu du berria: «Nire herria da, eta bat-batean jendeak zu aukeratzea pozgarria da benetan». Abeslariak poztasunez gogoratu ditu txikia zeneko jaiak: «Niretzako, jaiak askatasuna ziren, haietan dena egin zitekeelako», eta azken urteetan asko aldatu direla uste du. «Lehen denok ezagutzen genuen elkar», esan du herriaren hazkunde demografikoari aipamena eginez —biztanleria ia bikoiztu egin da azken hogei urteetan, Bilbotik gertu dagoelako— baina gauzak onerako aldatu direla azpimarratu du, batez ere euskararen eta emakumeen egoerari dagokionez. Caballerok dioenez, lehen «ezinezkoa» zen euskarazko talde batek herriko jaietan jotzea, eta gero eta emakume gehiago ikusten ditu parrandetan.

Mikrofonoan, aldarriak

Hala ere, jaiak are gehiago aldatu behar direla uste du, eta oraindik euskararen falta sumatzen du herrian, nahiz eta pentsatu Euskaraldiarekin pauso handiak eman direla. Caballerok maiz kritikatu du emakume gutxi kontratatzen direla musika egiteko. Egoera hori islatzen du Etxebarriko jaietako kartelak —gutxi dira neska bakarra daukaten taldeak— eta horrekin ere kritiko azaldu da, baina Euskal Herri osoko arazo bat dela nabarmendu du: «Aurrekontua ez da aitzakia, nahi baduzu, egin daitezke pila bat gauza dirurik gabe». Haren aburuz, desinformazio kontua da, eta «txipa aldatu» behar dela uste du: «Proposamena bota dut: egun batean emakumeen eguna egiteko, eta ea datorren urtean gauzak aldatzen diren». «Poliki» bada ere, konbentzituta dago herria bide onetik doala. Alde batetik, horretarako sortu zuen Woman Powah proiektua, besteak beste, Aneguria, Las Tea Party eta Madmuaselekin batera.

Pregoiari dagokionez, Caballerok konpromisoa dauka euskararekiko, eta hala egingo du hark; herrian lehenbizikoz, pregoia euskaraz egingo du. «Egin behar da», zehaztu du. Abeslaria egunaren zain dago, eta han bere izena aldarrikatuko du, familia eta lagunen aurrean. Ogibideari fidel, ez du ezer prestatuko, eta inprobisaziora joko du, ideia batzuk «argi» izan arren: euskara, kultura librea eta emakumeen egoera.

Kuadrillen olinpiadak

Herrian ohikoak dira urteroko kuadrillen arteko olinpiadak, eta, jarduera bakanak irabazteak asko balio badu ere, saritu egiten dute ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzea. Horretarako, kirol eta sukaldaritza lehiaketak izango dituzte, baina, puntu gehiago egiteko, jaitsieran eta herri bazkarietan hartu beharko dute parte, mozorrotzeaz aparte.

Adin guztientzako ekintzak antolatu dituzte aste bietan: umeentzako magia ikuskizuna, zezensuzkoak eta apar festa. Nagusiagoentzako, berriz, musa, dantzaldia eta sukaldaritza lehiaketak. Ez hori bakarrik; etxebarritarrek gustu guztientzako kontzertuak izango dituzte: rock taldeak, DJak, mariatxiak, erromeriak...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Aranburu aktorea, danborradazalearena egiten. ©Atzean Zulo

Noren ipurdia utziko dute oraingoan bistan?

Edu Lartzanguren

Atzean Zuloa ekimenak bideo-esketx sasoi berria iragarri du. Bideoetako baten jomuga jarraitzaileei aukeratzen utziko diete, eta galdezka hasi dira dagoeneko.

Haur danborradako karguen aurkezpena, gaur goizean. / ©Oihane Arretxea Bereziartua, Irutxuloko Hitza

Haur danborradako pertsonaiak eta Danbor Nagusia aurkeztu dituzte Donostian

Oihane Arretxea Bereziartua, Irutxuloko Hitza

Gipuzkoako hiriburuan aurten aterako den danborrada bakarra izango da haurrena. 26 ikastetxetako 30 konpainia aterako dira kalera, eta guztira, 2.956 haurrek hartuko dute parte.

 ©BERRIA

Kolonen hatza, zientziari begira

Jakes Goikoetxea

Atzeratzen ari dira Kristobal Kolon nabigatzailearen jatorria argitzeko azterketa genetikoen emaitzak. Berez, iaz eman behar zuten haien berri. Kolonen eta senideen hezurretako DNA aztertzen eta alderatzen ari dira. Hainbat teoria daude haren jaioterriari buruz, tartean euskalduna zela.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Pertsonak bezala, ez daude bi harri berdin»

Iker Tubia

Piezaz pieza osatzen dira Lekuonaren eskulturak. Ikusteko ez ezik, baxera gisa erabiltzeko ere badira. Ezohiko ezaugarriak ematen dizkio harriari: «Askotan, harria baino burugogorrago izan behar duzu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Javi West

Informazio osagarria