Festak Agurainen

Aldarri artean emango diote hasiera festari

Ander Iriarte gazteak botako du Aguraingo jaien hasierako txupinazoa, Naizen elkartearen izenean. Gaur arratsaldean hasiko dira jaiak

Ander Iriarte gaztea, atzo, Agurainen; herritarrek hautatu dute jaiei hasiera emateko. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta datorren igandera arte ospatuko dituzte jaiak Agurainen (Araba). Urtero bezala, asteartean egingo dute abere azoka; aurten 624. aldia izango da. Han izango dira Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako azienden lehiaketa, behi erakustaldia, eskulangintza produktuen salmenta eta Arabako artzainen gazta lehiaketa. Festetan, haurrentzako jolasak, otorduak eta kontzertuak ere izango dituzte, bederatzi egunetan, Arabako lautadako hiriburuan.

Berrikuntzarako tokirik ere egongo da; izan ere, orain arte Alfredo Ladron de Gebarak ematen zien hasiera festei, baina berriki zendu da, eta, beraz, udalak ardura hori beteko duen ordezkoa bilatzeko prozesua abiatu zuen. Guztira, hogei norbanako eta kolektibo aurkeztu ziren jaietako suziria botatzeko asmoz, tartean: mugimendu feminista, blusa taldeak eta Evaristo La Polla Records taldeko abeslaria. Aurten, ordea, Ander Iriartek botako du txupinazoa. Naizenen izenean egingo du, adingabe transexualen familien elkartearen izenean.

Ikusgarritasun eztanda bat

Iriarte 18 urteko gazte transexuala da. Kuadrillako lagunek, beste gazte batzuekin batera, ezkutuan aurkeztu zuten haren hautagaitza txupinazoa botatzeko. Berria eman ziotenean, sorpresa handia hartu zuen, eta pozik onartu zuen ardura.

Adierazi du ez duela batere lotsarik jendaurrean hitz egiteko, eta harro igoko dela udaletxeko balkoira. «Aukera paregabea da gure egoera ikusarazteko», esan du. Uste du bere hautagaitza aukeratu izanaren arrazoia mezua izan daitekeela: «Aldarrikatzailea da, jendeak niregandik zerbait ikas dezakeela uste dut», esan du. Agurainen egon litezkeen beste transexualentzako erreferente bat izan daitekeela ere pentsatzen du, eta, aldi berean, normaltasunez bizi daitekeela erakutsi. Hain zuzen, bere herrikideengana heldu nahi du, eta buruari bueltak emateko mezu labur bat bidaliko du metxa piztu aurretik: «Neure burua Ander gisa aurkezten hasi nintzenean hasi nintzen ni izaten». Amari kontatu zionetik izan duen aldaketa kontatu nahi du, eta izen berri batek izan dezakeen indarraz jabetu daitezela ere nahi du Iriartek.

Gazte askoren moduan, parranda eta kontzertuak gogoko ditu. Aitzitik, txarangekin batera ibiltzea da jaietan gehien gustatzen zaiona, ohetik jaikitzea kostatzen bazaio ere. Jaien testuinguruan zorte handia izan duela gehitu du, beste trans batzuek bizitakoaren aldean ez baitu erasorik jasan. Herrian oso ongi hartu dute haren egoera, eta eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, emandako babesagatik. Udalak ere esker ona adierazi nahi dio gazte aguraindarrari. Horretarako, harrera egingo dio festak hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean. Alfredo Ladron de Gebara ere gogora ekarriko dute, urteetan egin duen borondatezko lana aitortzeko. 19:00etan hasiko dira festak, jai giro eta aldarrikapen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.