«Libreko saio bat egin ahal izateko bertsolari handiak behar dira», hitz horiek erabiliz aurkeztu zituzten Igor Elortza eta Aitor Mendiluze bertsolariak, atzo goizean. Bilboko Santiago plazan izan ziren biak bertsotan. Halaber, bertsolariek jasotako lore horiek baliatu zituzten bertsoei ekiteko. Ariketa samurra ez bazuten ere —beraien esku zegoen gaien eta doinuen aukeraketa—, maila handia izan zuen saioak hasieratik.
Bost aulki zeuden hutsik oholtza gainean, bi bertsolarien atzeko aldean. Plazan, bestalde, jende andana gelditu zen esertzeko tokirik gabe. Hori horrela, Elortzak eta Mendiluzek entzuleak bertan zeuden aulkiak hartzera animatu zituzten. Eta, bi bertsolarien harridurarako, emakume bat eskaileretan gora oholtzara igo zen. Hala eskertu zion Mendiluzek kaso egin izana: «Esan badegu esan degu ta, gora igo da laguna/ baten faltan bi eraman ditu, horretan ondo jarduna/ eseri lasai ta eskerrik asko, esan behar det urruna/ orain badakit bat badagola, kaso egiten diguna». Elortzak esan bezala, aulki jokoaren bertso saioetako bertsioa sortu zuten nahi gabe atzo Bilbon. Halaber, entzuleen txalo zaparrada jaso zuten bai oholtzara igotako emakumeak eta bai bertsolarien saio hark.
Zorioneko ziren atzo bertsozaleak. Euria bota ahala aritu zen goiz osoan Bilbon, baina bertso saioa hasterako aldendu ziren lainoak. Zale batzuek, hala ere, lainoak itzultzeko beldurrez, badaezpada, katedralaren arkupean gelditzea erabaki zuten. Era berean, Aste Nagusian eguerdiero egin bezala, bertsozale finez bete zen plaza.
Egoerak hala eskatuta, Aste Nagusiaz aritu ziren bertsolariak saioak iraun zuen ordubetean. Esaterako, ostegunean ospatutako Euskaraldiaren eguna izan zuten kantagaietako bat. Bilbo euskalduntzeko bidean egin beharreko lana aipatu zuen Elortzak, eta ondorengo galdera utzi zuen Mendiluzek airean:
Mingainetako giharrak
atrofiatu xamarrak
ze hizkuntzatan dira kaleko
kontu ta marmarrak
atzo bilduta indarrak
berpiztuko ziren garrak
baina ez al du kezka ematen
ospatu beharrak
Fermin Muguruzak jasotako Euskara saria hizpide hartuta, urte batzuk barru omenaldia Mendiluzeri egiteko aukera aipatu zuen Elortzak. Baten lekuan bi omenaldi eskatzeaz gain, harro erantzun zion gipuzkoarrak bizkaitarrari: «Omenduko ez bazaitu ere/ Bilbok maite zaitu».
Igor Elortzak eraman zuen saioaren gidaritza hein handi batean. Bertsokidearekin aitatzen bazuen ere, bera arduratu zen gaien eta doinuen aldaketa egiteaz. Jaiak belzten dituzten gaieninguruan ere aritu ziren: «Aurten berria omen da/ berririk ez dela», esan zuen Elortzak eraso sexisten inguruan. Halaber, honako hau gehitu nahi izan zuen Mendiluzek: «Berria hori bada, bere hortan bego/ ta ez ditzagula jakin, pasa eta gero». Horrez gain, azken egunetan jai eremuan zabaltzen ari omen den «andrak musukatzeko» burundangaren gaia atera zuen Elortzak, eta Mendiluzek emakumeen eta gizonen arteko botere harremanen inguruan hausnarketa egiteko baliatu zuen unea.
Harremana ezin da
izan gain ta azpi
parez pareko izan
behar luke noski
baina festa da gure
barruen argazki
ta kontuz ibiltzea
ez denean aski
zer egiten ari da
gizarte hau gaizki
Luze jardun ziren gaiaren inguruan; Mendiluzeren esanetan, entzule askok pentsatuko zuten «betikoak» esaten ari zirela, baina, hala ere, esan egin behar direla azpimarratu zuen. Elortzak berriz, aholku bat bota zuen: «Goza ezazue, eta gozatzen ere utzi».
Buruz buru
Seriotik asko jo bazuten ere, algaretarako eta elkar zirikatzeko tartea ere izan zuten bertsolariek saioaren azken hatsean. «Bertso saio bat beti da bidaia bat», azaldu zuen Mendiluzek. Puntua jarrita, Elortzak Mendiluzeri atzoko egunerako zuen planaren inguruan galdetu zion.Mendiluze bertsotan ondo eta gustura egitearekin konformatzen zen, baina Elortzak gehiago tira egin nahi izan zuen. Eta Bilboko jai giroko konpartsak ere gogoan izan zituen:
Irudikatu dezagun baina
imaginatzeai ekin
gaur gauen zer gerta liteken
aurretik ezin da jakin
ai igual gauerdian
purpurina aurpegian
Barullon edo Mamikin
Bilbori sua emango dio
Aitorrek jantzita drag queen
Gaur ere tripa bertsoz betetzeko aukera izango dute bertsozaleek.
Errimen zaparrada nagusitu da
Aitor Mendiluze eta Igor Elortza buruz buru aritu dira bertsotan. Hasieran eguraldiak lagundu ez arren, lepo bete da Santiago plaza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu