Festak Zaldibarren

Festarako adinik ez dagoelako

San Martin nagusien elkarteari egokitu zaio aurten suziria botatzea. Zaldibartarrak jaietan izango dira gaur hasi eta igandera arte

Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Urtero kolektibo batek izaten du jaien hasiera iragartzen duen suziria jaurtitzeko aukera Zaldibarko santixabeletan (Bizkaia). Izan ere, herriko talde ugarik osatzen dute jai batzordea, eta, denen artean jaietako egitaraua prestatu ostean, haietako batek bota ohi du jaiak abiarazten dituen suziria. San Martin nagusien elkartea da kolektibo horietako bat, eta beraiek igoko dira aurten udaletxeko balkoira; elkarte horrek 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta beraien helburu nagusia zera da, adinekoak elkartu ahal izateko espazio bat ematea eta haientzako ekintzak bultzatzea. «Familia handi bat» direla sentitzen dute.

Transi Moraleja elkarteko zuzendaritzako kidea da, eta, haren esanetan, elkartearentzat ohore bat da txapligua botatzea: «Herriarentzat oso une garrantzitsua izaten da, eta ilusio handia egin digu adineko pertsonak kontuan hartzeak momentu horretarako». Kolektiboko kideak ekintza gehienetan parte hartzen saiatzen dira, eta Moralejak berak gauetako berbenak ditu gogokoen.

Hala ere, erretiratuek jarduera ugari egiten dituzte urte osoan, eta horiek ikusteko aukera egongo da jaietako jardueren barruan. Eskulan tailerrak egin ohi dituzte, eta bertan egindako lanak ikusteko aukera egongo da adinekoen egoitzan.

Baina, eskulanez gain, bestelako jarduerak ere egiten dituzte: areto dantzak, gimnastika saioak, hitzaldiak, aste kulturala, eta, uda hasieran, bazkidearen jaia. Elkarteak 200 bazkide baino gehiago ditu guztira, eta bertako kideek makina bat festatan parte hartu izan dute. Orain adinean aurrera egin badute ere, Moralejak adierazi du festak gazte garaian bezala bizi dituztela.

Pentsiodunak presente

Hego Euskal Herri osoan bezala, Zaldibarren ere presente izan dituzte pentsiodunen protestak. Azken hilabeteotan, pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte astelehenero udaletxe aurrean. Aurten, jaietako protagonistak direla aprobetxatuz, herritarrei babesa eskatu nahi diete haien eskaerak aurrera ateratzeko. Hain zuzen, elkartetik nabarmendu dute guztiena dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzeko borroka. Gaur, txupinazoa botatzearekin batera jaiak lehertuko direla ahaztu gabe, aldarrikapenak presente edukiko dituzte. Hori bai, santixabelak alaitasunez eta erantzukizunez gozatzeko deia egingo dute udaletxeko balkoitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.