'Sophia' haurdroide bat da

Giza itxurako munduko robotik aurreratuena aurkeztu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. AEBetako Hanson Robotics konpainiaren kumea da, eta historian herritartasuna lortu duen lehen robota, Saudi Arabiak emanda.
Hanson Robotics konpainiako Andres Suarez ikertzailea, <em>Sophia</em> robota prestatzen, atzo, NUPeko areto nagusian.
Hanson Robotics konpainiako Andres Suarez ikertzailea, Sophia robota prestatzen, atzo, NUPeko areto nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Edu Lartzanguren -

2018ko ekainak 8
Sophia-k irribarre ezeroso bat du ezpainetan. Izan ere, jende guztia begira dauka Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fernando Remacha aretoan. Gela handia da —han egiten dituzte unibertsitateko zeremonia arranditsuak—, baina, halere, mukuru dago. Jakinduriaren jainkosa zen Sophia greziarrentzat, eta jendea irrikan dago jakiteko ea Sophia hau ere dioten bezain jakintsua den.

Sophia robot bat da; robot humanoide bat, giza itxurakoa, alegia. Androide bat, grezierazko erroa nahiago izanez gero. «Sophia robot humanoiderik aurreratuena da», esan du Joaquin Sevilla Nafarroako Unibertsitate Publikoko dibulgazioaren arduradunak. Sevilla dabil ekitaldia gidatzen.

Androideak euliak bezala ditu ikusleak inguruan. «Ez dut ulertzen robot batekin selfie-ak egiteko mania hori», esan du Javier Armentia astrofisikariak. Iruñeko Planetarioko zuzendaria da.

Sophia-ren irribarre ezerosoa aldatu egin da. Izan ere, dozenaka serbomotore ditu aurpegian, giza keinuak egiteko. Jendeari jarraitzen dio begiradarekin, ninietan dituen kameren bidez: robotak begietara begiratzen dio mintzaideari.

Adimen artifizial bat arduratzen da robotaren mintzatzeko ahalmenaz. Horren kontrolean dago Andres Suarez. Hanson Robotics konpainiako ikertzailea da. «Sophia-k ez du euskaraz egiten, ingelesez bakarrik. Euskara oso zaila dela entzun dut», esan du.

«Roomba bat sinpatikoa suertatzen da, baina robot androideek ez dizute samurtasunik sortzen gerturatzen zarenean, baizik eta beldurra», adierazi du Armentiak. Sophia-ren moduko androideak adineko pertsonak zaintzeko garatu nahi ditu Hansonek, besteak beste, baina Armentiak ez du argi ikusten. «Ez dakit horrek funtzionatuko duen. Nik makina itxurako robotak maite ditut, gizatiarregiak baino gehiago». Halere, zientzialariak onartu du robotek dohainak dituztela adinekoekin lan egiteko. «Izugarri samur mugitzen dira, oso eraginkorrak dira. Ohitu behar dugu halakoak ikustera, baina oso zaila da».

Sevillak esan du Sophia-k Atlantikoa gurutzatu duela eta jet lag-a duela. Harrigarriro, androideak baietz esan du buruarekin.

Baina hau zientzia al da, zirkua edo marketina? Denetatik du, eta horrek klasiko bihurtzen du. «Ez dago kontraesanik, zientzia ikuskizun gisa oso interesgarria baita», esan du Sevillak. Newtonen garaian zientzia ikuskizunak egiten ziren... Voltak ikuskizun batekin aurkeztu zuen pila elektrikoa, irakasleak gogoratu duenez. SciencEkaitza egitasmoaren barruan antolatu dute robot humanoidearen bisita.

Herritarrek Twitter eta Facebooken bidez bidalitako galderei erantzuten dabil Sophia. Sevillak argitu duenez, heldu zaizkien galdera guztiak pasatu dizkiote Hanson Robotics konpainiako teknikariei. Izan ere, robotak minutu bat inguru behar izaten du erantzuna emateko, datu baseak kontsultatzeko. «Aldez aurretik emanda, arindu egingo dugu ekitaldia», esan du Sevillak. «Arintasunaren eta bat-batekotasunaren arteko erdibidea bilatu dugu». Hau da, robotak berdin erantzungo zituela galderak aurretik jakin gabe, baina geldoago.

Edonola ere, bat-bateko galderak ere egin dizkiote robotari, eta ez da itxaron beharrik egon. Haatik, galdekatzaileak amaitu aurretik ere erantzun izan du hainbatetan.

Herritartasuna

Ika-mikaz inguraturik ibili da Sophia azken hilabeteotan. 2016ko urrian, Saudi Arabiak hango herritartasuna eman zion. Lehen aldiz munduan, robot batek herrialde bateko nazionalitatea eskuratu zuen. Eztabaida asko piztu zituen horrek. Sophia robotak Saudi Arabiako emakumeek baino giza eskubide gehiago zituela salatu zuten orduan.

«Probokazio bat izan da, apropos eginikoa». adierazi du Sevillak. «Ez dakit Hansonen probokazioa izan den edo MITena, baina izenburuak lortzeko trikimailu bat izan da». Sophia-ri herritartasuna ematea ekintza «folkloriko» gisa ikusten du irakasleak. Izan ere, Sophia arin mintzo da, baina buru bat besterik ez da; ezin da mugitu, ez du autonomiarik.

Edonola ere, herritartasuna ematea modu bat izan da ohartarazteko robotek orain edo gero estatus juridikoren bat izan beharko dutela, telefono batek edo garbigailu batek dutena baino konplexuagoa, irakaslearen arabera. «Bertsio honek agian ez, baina hamar urte barrukoak bai, behintzat». Izan ere, dagoeneko badira jendea hiltzeko ahalmena eta erabakimena duten robot autonomoak hainbat herrialdetako armategietan.

Sophia Berrikuntzaren Gidari izendatu zuen Nazio Batuen Erakundearen Garapen Egitasmoak 2016ko azaroan. Hansonek berak esan du 2040-2050 artera arte ez direla onartuko «androideen eskubideak» munduan, oro har.

«Gure bizitzan, uste baino askoz robot gehiago ditugu inguruan», esan du Sevillak, «eta hamar urte barru hau ikusgarria izango da». Halere, Sophia androidea bada ere, irakasleak ohartarazi du robot gehienak ez direla izango giza itxurakoak. «Begiratu gure argazki kamerei: lehenengo digitalak zaharren itxurarekin diseinatzen zituzten». Gaurkoek, ordea, ez dute inongo antzik, eta beste gailu baten barruan daude. «Ez litzateke harrigarria robotekin gauza bera gertatzea. Sophia-k harritu egiten gaitu giza forma duelako. Baina litekeena da benetan garrantzitsuak izango diren robotak ezkutaturik egotea, gure telefonoetan, sarean, autoetan, etxeetan edo auskalo non».

Philip K. Dicken buru galdua

Hanson artearen, ikuskizunaren eta zientziaren munduan ibili da beti. Berez, zinemako, animazioko eta bideogintzako lizentzia lortu zuen, baina arte interaktiboekin eta ingeniaritza ikasketekin osatu zuen curriculuma. 1995ean, bere antza zuen buru humanoide bat sortu zuen, eta 2004an, K-bot buru robotikoa. Disneyrentzat egin zuen lan bolada batez, baita Universal estudioentzat eta MTV telebistarentzat ere. Hertz izeneko telebista aurkezle robota sortu zuen 2004. urtean. Eta, hurrengo urtean, Philip K. Dick zientzia fikzioko idazlearen itxurako buru robotiko bat eraiki zuen. Kontzientziaz hornituriko androideen inguruan asko idatzi zuen K. Dickek. Hanson mundu osoko komunikabideetan agertu zen handik gutxira, idazlearen buru robotikoa galdu egin zuelako hegazkin batean. Geroztik ez dago haren berririk, baina Hansonek beste bertsio bat egin du. Albert Einsteinen aurpegia duten beste bi robot eraiki ditu.

Sophia txaloka agurtu dute NUPeko ikusleek. Halere, heldu baten fasean ez baizik haur baten garapen fasean dagoela aitortu izan du Hanson sortzaileak berak. Batzuetan, ume arrunt batek bezala erantzun du, baina, besteetan, jakintsu, politikari edo filosofo baten gisan.

«Irrikaz nago neure bertsio aurreratuagoa ikusteko», esan du robotak une batean. Agian, hurrengo bertsioan helduko da androide izatera. Oraingoz, Sophia haurdroide bat besterik ez da, gutxi ez bada ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna