Donostiako 68. Zinemaldia

Peckinpah, lehiatik kanpo

1970ean, Sam Peckinpahek Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu behar zuen 'The Ballad of Cable Hogue', baina arauek kanpoan utzi zuten: 'Ondata di calore' filmak irabazi zuen sari nagusia.

Stella Stevens eta Jason Robards, The Ballad of Cable Hogue filmeko protagonistak. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Joan den urteko Zinemaldiko lehiaketan, James Francoren Zeroville zegoen programatua, baina, azkenean, Sail Ofizialean bai, baina saririk jasotzeko aukerarik gabe eman zuten. Egun batzuk lehenago Errusian estreinatu zuten filma, eta horrek berak, zinemaldiaren arauei jarraituta, lehiaketatik kanpo utzi zuen filma. Ez da , nolanahi ere, Donostiako jaialdian halakorik gertatu den lehenengo aldia. 1970ean,, 18. edizioan, Sam Peckinpah zinemagile estatubatuar ezagunaren The Ballad of Cable Hogue westerna zen lehiatzekoa, baina, egun batzuk lehenagoeta zuzendariaren baimenik gabe—, Parisen estreinatu zuten, eta, ondorioz, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatik kanpo gelditu zen. Filmak, hala ere, kritikaren eta publikoaren erantzun ona izan zuen, eta Peckinpahek, bere aldetik, Donostian egindako agerraldian argi utzi zuen ekoizleekin zuen harremana: «Ez dut inoiz utziko nire obra berriro moztu dezaten». Major Dundee eta The Wild Bunch filmen esperientziak oso bizi segitzen zuen bere baitan.

Gauzak horrela, Fritz Langek, Peter Bacsok, Antonio Giorgionik, Lose Lopez Rubiok, Antonio Mingotek eta Rene Thevenetek osatutako epaimahaiak Urrezko Maskorra Nelo Risi italiarraren Ondata di calore misteriozko dramari ematea erabaki zuen. Film horrek Jean Seberg zuen protagonista, baina ez zuen oso harrera ona izan kritikarien artean, ezta palmares orokorrean ere. Zilarrezko Maskorra Maximilian Schell aktoreak zuzendutako lehengo filmarentzat (Erste Liebe, Alemania) eta Henri Chapierren Sex power-entzat (Frantzia) izan zen, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia Igor Talankinen Tchaikovsky-rentzat (Sobiet Batasuna).

Bestalde, interpretazio sariei dagokienez, emakumezko aktorerik onena Stephane Audran izan zen, Claude Chabrolen Le boucher-en (Frantzia) egindako lanagatik, eta gizonezko aktore onenarentzako saria ex aequo jaso zuten Innokenti Smoktounovskik (Tchaikovsky) eta Zoltan Latinovitsek (Utazás a koponyám körül, Hungaria).

Sail Ofizialean lehiatu ziren gainerako filmen artean Joseph Loseyren Figures in a Landscape nabarmentzen zen. Besteak beste, The Servant eta Accident-i esker Europako egile-zinemaren izen handienetakoa zen orduan Losey, baina Donostian saririk gabe gelditu zen. Lehiaketan izan ziren, halaber, Glauber Rocharen Cabezas cortadas, Robert Aldrichen Too Late The Hero, Marcello Fondatoren Certo, certissimo, anzi... probabile, Damiano Damianiren La moglie più bella, Hideo Gosharen Goyokin, Janusz Nasfeterren Abel, twoj brat, Antonio Da Cunha Tellesen O cerco, Jaroslav Papouseken Ecce Homo Homolka eta Gonzalo Suarezen Aoom. Azken horrek, bere filmak izan zuen harrera hotzaren jakitun, honako hau adierazi zuen: «Nire zinema gerora ulertuko dute, ez baita gaur egungoa».

Lang, lehenengo lerroan

Donostiako 18. Zinemaldian anekdota bitxiak ere izan ziren. Epaimahaiaren presidenteak, Fritz Langek, hiru egun behar zituen trenez Donostiara iristeko. Zinema zuzendari alemaniarrak 79 urte zituen ordurako, baita ikusmen arazo handiak ere —bere azkeneko urteetan ia itsu gelditu zen—, eta, ondorioz, antolakuntzak Viktoria Eugenian epaimahaiarentzat gordetako palkoan ez, baizik eta antzokiko lehen lerroetan eserita ikusi zituen Sail Ofizialeko pelikulak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.