Eusko Jaurlaritza Araban goi tentsioko lineak sartzearen aurka agertu da

Tapiak adierazi du Aragoiko energia jasotzeko proiektua ez dagoela «justifikatuta». Sailburuak uste du badaudela aukera «hurbilago» batzuk

184 dorre eraiki nahi dituzte Araban. JON URBE / FOKU.
unai etxenausia
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak baztertu egin ditu Araban aurrera eraman asmo ziren goi tentsioko lineen proiektuak. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Arabako azpiestazio elektrikoetara garraiatzeko Forestalia enpresa pribatuak dituen asmoei buruz galdetu zion atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Tapiak erantzun zion Aragoiko energia jasotzeko proiektua ez dagoela «justifikatuta», uste baitu energiari eta ingurumenari dagokienez beste aukera egokiago batzuk badaudela.

Forestalia enpresa pribatuak Arabako hiru gune zeharkatuko dituzten goi tentsioko hiru linea berri eraiki nahi zituen. Enpresaren asmoa zen, linea horiei dagokienez, Zaragozan (Espainia) dituen parke berriztagarrietan produzitzen duen energia Gasteizko Arzubiagako eta Jundizko azpiestazioetara garraiatzea. Hiru proiektuen artean, proposatutako luzeenak; guztira, enpresak nahi zuen 220 kilometro luze izatea. Guztira, goi tentsioko 184 dorre eraiki nahi dituzte Araban. Horietako altuenek, gainera, 72 metro izango dituzte.

Sailburuak adierazi zuenez, energiaren ikuspegitik, ez du «argi» ikusten 150 kilometroko distantziara sortutako energia garraiatzeko proiektu bat, «lurralde osoa» zeharkatuko lukeena. Uste du «Euskadik energiaren garapenean duen gaitasuna» baldintzatuko lukeela. Aragoin sortutako energia garraiatu beharrean, «beste aukera hurbilago batzuk» daudela esan zuen. Ildo horretan, adierazi zuen egokiena dela energia sortzeko eta husteko puntuak elkarrengandik «ahalik eta hurbilena» egotea. «Ingurumenaren ikuspuntutik, produkzioaren eta banaketaren hurbiltasunaren oinarrizko irizpide horien aurka doa, baita ebakuazio puntuak ahalik eta gertuena egotearen aurka ere», erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.