Europak etxegabetzeen klausulak mugatu ditu

Luxenburgok abusutzat jo du hilabete bateko hipoteka kuota ez ordaintzeagatik pertsona bat kaleratzea, baina legezkoa dela ebatzi du

Kaleratzeen aurka Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko protesta bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, «abusua» da hilabete bateko hipoteka kuota ordaindu gabe uzten duen pertsona bat etxegabetzea, eta, horrekin batera, pertsona hori behartzea bizi den etxearekin batera maileguko dirua ematera bankuari. Kasu horretan, gutxienez hiru hilabeteraino luzatu beharko litzateke kaleratu ahal izateko epea. Europako auzitegiarentzat, dena den, legezkoa da bankuek epemuga bat jasotzen duten klausulak ezartzea, eta, haren iritziz, epaileek hori aldatzeak ez luke kontratuaren indargabetzea ekarri behar, baina horri buruz dio Espainiako Estatuko epaileek dutela azken hitza.

Erabaki horrekin, Luxenburgoko epaitegiak aintzat hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak 2016an ezarritako jurisprudentzia, eta zenbait zehaztapen edo gomendio egin dizkie epaileei. Prozedura Zibilerako Legea kontuan hartu zuen Gorenak, eta ebatzi zuen bezeroek «gutxienez» hiru hilabeteko kuotak ordaindu gabe utzi behar dituztela bankuek aukera izan dezaten kaleratzeak gauzatzeko.

Hilabete bateko klausula zehatz horri buruz jarritako salaketei erantzun die Europako auzitegiak. Ebatzi du aurretiko amaitze klausulek —horrela deitzen zaie kuotak ordaintzeko epeei buruzko klausulei— ez dutela urratzen Europako Batasuneko legedia, eta, beraz, jar daitezkeela. Kasu jakin horretan, Espainiako Estatuko epaileei eskatzen die beren legedira egokitzeko erabakiak, kasu honetan Espainiako Gorenaren jurisprudentziara.

Erabaki horrekin, auzitegiak dio kontuan hartzen dituela Europako eta Espainiako legediak, eta auziko bi aldeak. Batetik, klausula hori legezkotzat joz, bankuei aukera ematen die etxegabetze prozesuekin jarraitzeko, prozesua moteltzen badu ere. Bestetik, auzitegiak uste du klausula hori indargabetuko balitz kontratu osoa indargabetu beharko litzatekeela, «bezeroen kalterako». Espainiako Estatuko epaileen esku uzten du aukera hori gauzatzea ala ez, baina ohartarazi egiten die hori egiteak «egoera bereziki kaltegarrian» utz ditzaketela pertsona horiek, bankuek eskubidea izango luketelako «berehala» eskatzeko haiei maileguan utzitako diru guztia, etxearekin batera.

Europako ebazpenak eragina izango du erabaki horren zain etenda dauden etxegabetzeen kasuetan. Dena den, ekainean indarrean sartuko da Espainiako hipoteka lege berria, eta horri ere heldu ahalko diote epaileek —atzerako eragina izango du—. Horren arabera, hiru hilabetetik 12-15 hilabetera luzatuko da bezeroek ordaindu gabe utz ditzaketen kuotak bankuek etxegabetzeak gauzatu aurretik.

«Argitasun falta»

Stop Kaleratzeak plataformak «argitasun falta» leporatu dio Europako auzitegiari. Aipatutako klausula abusuzkotzat jo arren hori ez indargabetzea egotzi dio, eta azken erabakia Espainiako Estatuko epaileen esku utzi izana salatu du. «Modu argi eta irmoan Europako auzitegiak berak ebatz zezakeen aurretiko amaitze klausula duten prozedura guztien gauzatzearen artxiboa», azaldu du, komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Iaz, Hego Euskal Herrian 1.288 etxegabetze izan ziren, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera. 2017an baino 62 gutxiago. Hipotekekin loturikoek behera egin arren alokairuenek gora egin dutela nabarmendu dute Stop Kaleratzeak plataformako kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.