Albistea entzun

Aiora Zabala. Akademikoa

«Gune berdeek estres maila jaisten laguntzen dute»

Klima larrialdiari aurre egiteko asmoz bakoitzak eguneroko bizimoduan egin ditzakeen gauza txikien inguruko hausnarketa sustatu nahi izan du Zabalak 'Natura gure esku' liburuaren bidez.
GABRIELLA FÜZI Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin - Jone Arruabarrena -

2022ko azaroak 2

Norberak egiten dituen ekintzetatik hasi eta arlo politikoan ingurumenari buruzko erabakiak hartzeko estrategietaraino, «bidaia bat» proposatu du Aiora Zabala zientzialari eta komunikatzaileak (Irun, Gipuzkoa, 1982), Natura gure esku liburuan. Azaldu du ingurumen gaien inguruan «gehiago ikasteko nahia» ikusi zuela gizartean, eta haren inguruko jakintza eskuragarri jartzeko saiakera dela lana: «Ingurumenari buruzko ikerketak ez du ezertarako balio hor geratzen bada, apal batean hautsa hartzen. Denen artean egin behar dugun gauza bat da».

Hala ere, ahalegin berezia egin du modu errazean transmititzeko; ez du eskura duen ezagutza guztia islatu liburuan, «icebergaren punta» baino ez. Irakurlearen eguneroko momentu ezberdinetara hurbildu da Zabala liburuaren bidez, eta, horrela, arlo zientifikoa norbanakoen erabakiak hartzeko tresnatzat baliatzeko bidea ireki du. Klima larrialdiari aurre egiteko erabakiak «konplikatuak» izan daitezkeela dio liburuak, baina Zabalak erabaki horiek «puska txikitan» banatzeko proposamena egiten dio irakurleari.

Zortzi kapitulutan, beste horrenbeste gai jorratzen ditu; esaterako, elikaduraren industriak ingurumenean sortzen duen inpaktua. Zabalaren iritziz, jendartea ohartzen da eragin bat duela, baina neurri bateraino, «pertsonaren arabera»: «Batzuek bertako produktuak kontsumitzen dituzte, eta, orduan, errazagoa da jakitea zer-nolako inpaktua eragiten duten». Hala ere, azaldu du gaur egungo bizitza erritmo «bizkorrak», zailtasunak ekartzen dituela kontsumitzen diren produktuak arretaz aztertzeko orduan: «Ez dugu denborarik horretan pentsatzeko». Horrek, era berean, zuriketa berdean erortzeko arriskua dakar; «informazio faltsua» produktuak ingurumenean dituen ondorioei buruz, hain zuzen: «Produktuak berdea dela zergatik dioen argitu dezakegu, edo dendariarekin hitz egin. Horretarako denborarik ez badago, badakigu produktuak tokikoak eta denborakoak direnean hobeak izaten direla».

Ingurumenari gizakiak eragiten dizkion bestelako inpaktu batzuk ere ekarri ditu gogora; besteak beste, gehiegizko ustiapenak eragiten dituenak: «Baliabideak husten ari dira, eta etorkizunerako jada ez dira egongo. Horrek ezin digu onurarik ekarri». Izan ere, ongizateaz zabal aritu da Zabala bigarren kapituluan; zehazki, ongizatearen neurketa izan du hizpide. Datu makroekonomikoek «hazkundea» dagoela erakutsi arren, beste adierazle batzuei ere erreparatzeko beharraz aritu da: «Badaude barne produktu gordina zabaltzen duten adierazleak. Kontuan hartzen dute baliabide naturalen xahutzea ere. Horrelako neurketekin atentzioa naturan ere jartzen da».

Baina beste mota bateko ongizatearen garrantzia ere azaleratu du: buru ongizatea. Horretan ere, naturak rol garrantzitsua jokatzen duela azaltzen du liburuak, hirugarren atalean: «Ikerketek diote gune berdeek helduengan badituztela onura kognitiboak, estres maila jaisten laguntzen dutela, besteak beste».

Horrez gain, egileak azaldu duenez, lakuek edo aintzirek antzeko efektua dutela esaten duten azterlanak ere badira. Baina, aldi berean, ongizateari modu negatiboan ere eragin diezaioke naturak, edo, zehatzago, haren galerak, «ekoantsietatea» sortzeraino: «Naturak, berez, ez du eragin txarrik, baina badira naturarekin lotutako emozio negatiboak. Esaterako, gure ingurunea okerrera doala ikusten dugunean, estresatuak sentitzen gara, pertsona batzuk antsietatea sentitzen dute». Solastalgia da sortu daitekeen beste emozio negatiboetako bat: «Nostalgia da gure etxetik urrun gaudenean sentitzen duguna, gure ingurunea aldatu delako, eta solastalgia da gure etxetik mugitu gabe, aldatzen dela ikustea».

Ekintzarako deia

Horrez gain, sentimendu negatiboek dakartzaten arriskuez ere ohartarazi du Zabalak: «Askotan, izoztuta uzten gaituzte, pentsatzen dugulako ezin dela ezer egin». Horregatik, motibazioen inguruan ere hausnartu du, ingurumen psikologiaren teoriei jarraituta. Besteak beste, gizarteak ingurumenaren aldeko ekintzak egiteko behar dituen baldintzez ari dira teoria horiek: «Batzuetan, zerbait egiten dugu, erraza delako, edo merkea delako. Adibidez, birziklatzea, zenbait kasutan errazagoa baldin bada kontainerra hurbilago dagoelako, ingurumen kontzientzia izan ez arren». Era berean, gehitu du ekintza bat «oso zaila» denean, «normala» dela inork ez egitea.

Arau moralek ere badaukate bere pisua: ekintza bat egiteagatik gizarteak norberari buruz izango duen irudian pentsatzeak eragina du. Horrez gain, egun kontsumitzen eta ekoizten den hori, baina aldentzeko proposamena ere egiten du Zabalak, baldin eta ongizaterik ekartzen ez badu: «Horrekin jada bidearen zati handi bat egin genezake».

Politikan egin beharreko aldaketei buruz ere idatzi du, eta gako batzuk eman ditu ingurumen arloan adostasun zabalago bat lortzeari begira: «Garrantzitsua da gizarteko eragileen arteko konfiantza. Hartuko diren erabakiek komunitate batean eragina badaukate, komunitate horrek parte hartu behar du». «Negoziazioetan elkarren arteko adostasunak identifikatu behar dira», adierazi du. Hala ere, ez dira baldintza bakarrak klima larrialdiari begira norabidea aldatzeko. «Zeharlerrotasuna» defendatu du egileak: «Imajinatu dezagun etorkizunean guztiok auto elektriko bat daukagula: Autoek ez dute CO2a isuriko, baina tokia hartuko dute, eta horiek egiteko materiala nonbaitetik dator».

Ekintzarako dei bat da liburua: «Kontzientziazioan gelditzen bagara, ez dago gehiago egiterik». Zabalaren aburuz, garrantzitsua da mezu horiek «baikorrak» baina «errealistak» izatea: «Mezuak oso ezkorrak badira, hor gelditu gaitezke. Kontzientziatuta egongo gara, baina oraindik ere izozturik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko
Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...