Gizon bat hil da Bermeon, denboralearen eraginez

Zenbait tren zerbitzu bertan behera utzi dituzte, haizearen eraginez. Iragarpenen arabera, baliteke elur maila 200-300 metrora jaistea gaur

Emakume bat haizearen aurka borrokan, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Atzo goizaldean 80 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten Bermeoko portuan (Bizkaia), ustez denboralearen eraginez hilda. Izan ere, euria eta haizea protagonista izan ziren atzo Euskal Herrian, eta elurra ere egin zuen zenbait eremutan. Gaur elur maila jaistea aurreikusi dute, eta tenperaturek behera egingo dute. Alerta laranja ezarri dute Hego Euskal Herrian.

Astelehen gauean senideek ohartarazi zuten 80 urteko gizona etxetik falta zela, euri eta haize denboralearen erdian, eta larrialdi zerbitzuek hura bilatzeko operazioa antolatu zuten. 01:00 aldera, Gurutze Gorriaren ontzi bateko kideek topatu zuten gorpua.

Bizkaian, zenbait ibai gainezka egiteko zorian izan ziren euriteen ondorioz. Nafarroan, Pirinioetako NA-2000 eta NA-176 errepideetan derrigorrezkoa da kateak erabiltzea, eta Belateko portua itxita dago, elurragatik.

Haizea ere protagonista izan zen atzo. Besteak beste, Matxitxakon (Bermeo, Bizkaia) orduko 161 kilometroko boladak erregistratu zituzten, Donostian 143 km/h-koak eta Zokoan (Lapurdi), 137 km/h-koak. Ondorioz, TER tren konpainiak bertan behera utzi zituen Baiona-Hendaia (Lapurdi) eta Baiona-Donibane Garazi tren zerbitzuak. Euskotrenek ere Usurbil eta Orio (Gipuzkoa) arteko tren zerbitzua eten zuen, zuhaitz bat errailetara erori ostean.

Planak martxan

Bihar egun osorako alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Euskalmeten iragarpenen arabera, 400-500 metro inguruan egongo da elur kota, eta baliteke 200-300ra ere jaistea egunean zehar. Ipar-mendebaldeko haize gogorrak ere iragarri dituzte, eta tenperaturak nabarmen egingo du behera. Hala, Jaurlaritzako Neguko Bideozaintza Plana Koordinatzeko Organoa elkartu zen atzo goizean, eta 13:00etatik aurrera planaren fase operatiboa aktibatzea ebatzi zuten. Jaurlaritzak baliabide gehiago ezarri ditu, bereziki, errepide nagusiak garbitzeko; hala nola elurra kentzeko 205 makina, zazpi garabi astun eta zaintza lanetan laguntzeko 130 ibilgailu.

Nafarroako Gobernuak, aldiz, 15:00etan aktibatu zuen Babes Zibileko Planaren aurrelarrialdi maila, elurte arriskuari aurre egiteko. Herritarrei eskatu die beharrezkoa ez den kasuetan soilik erabiltzeko errepideak, eta eginez gero, bakarrik ez bidaiatzeko edo garraio publikoa erabiltzeko.

AEMET Espainiako Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera, Nafarroa erdialdean eta ipar isurialdean hamar zentimetroko lodiera izan dezake elur geruzak; lehen eremuan, 700 metrora, eta bigarrenean 500 metrora. Pirinioetan, aldiz, hogei zentimetroko elur pilaketak espero dituzte mila metroko altueran. Hala, Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 125 makina kokatu ditu errepide sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.