Etiopia eraldatu duen agintariak irabazi du Bakearen Nobel saria

Abiy Ahmed lehen ministroak Eritrearekin sinatutako bake itunarengatik lortu du saria. Etiopia demokratizatzeko pausoak ematen ari da, gerra egoeran bi hamarkada igaro ostean

Abiy Ahmed Etiopiako presidentea, urtarrilean Erroman eginiko prentsaurreko batean. ALESSANDRO DI MEO / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Urte eta erdi soilik behar izan du Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak modako politikari afrikarra bilakatzeko. Denbora tarte horretan astindu du Etiopiako egoera politikoa, eta haren jardunak oihartzuna izan du mundu osoan. Etiopian bertan demokraziara hurbiltzeko pauso garrantzitsuak eman ditu, baina atzerri politikan emandako pausoei esker iritsi zaio azken aitorpena: Bakearen Nobel saria.

Aljerko bake ituna 2000. urtean sinatu zuten Etiopiak eta Eritreak, baina gerra egoeran jarraitu dute azken bi hamarkadetan. Abiy gobernura iritsi bezain pronto, gerra egoera bukatutzat eman zuten Isaias Afwerki Eritreako presidenteak eta biek, Asmaran eginiko akordio batean. Mugak zabaldu zituzten, eta elkarren arteko harremana «baketsua eta laguntasunezkoa» izatea adostu zuten. Sudango trantsizio prozesuan ere erabakigarria izan da Etiopiako presidentea.

Aurtengo Bakearen Nobel saria irabazteko kinieletan zeuden pertsona nabarmenduenak ziren Abiy Ahmed bera eta Greta Thunberg klima larrialdiaren aurkako ekintzailea, borroka horren ikur bilakatzeagatik. Azkenean etiopiarrak irabazi du saria, eta, ondorioz, bigarrenez jarraian jaso du afrikar batek Nobelaren Batzorde Norvegiarrak emandako saria. Joan den urtean, Denis Mukwege mediku kongoarrak eta Nadia Murad ekintzaile yezidiak irabazi zuten, biolentzia sexuala jasaten duten emakumeen alde egindako lanagatik.

Etiopiako lehen ministroak azkar erantzun zion sariari. Komunikatu baten bidez, «etiopiar guztien garaipen kolektiboa» dela esan zuen, eta guztien artean Etiopia indartu eta «itxaropen zantzu bilakatzera» gonbidatu zituen herrikideak, «nazio oparo bat» direla erakusteko.

Demokraziarako bidean

2018ra arte, etengabeak ziren giza eskubideen urraketak Etiopian: alderdi bakarreko sistema politikoa zegoen indarrean —trantsizio prozesuan egiten ari dira orain—; handiak ziren zentsura eta errepresioa; eta gutxiengo etnikoak etengabe zapalduak ziren.

Ezustean amaitu zuen sistema hura Abiyk, elite politikoa osatzen duen taldeko kide baitzen egungo lehen ministroa. Boterera iritsi aurretik, armadako jenerala izan zen, eta alderdi bakarreko kidea da —Herri Etiopiarreko Fronte Iraultzaile Demokratikoa—.

Azken hamarkadetan Etiopiaren egoera ekonomikoa nabarmen hobetu bazen ere, kaskarra zen herrialdearen kalitate demokratikoa, eta neurriak hartu zituen Abiyik. Lehenik, Hailemariam Desalegn aurreko presidenteak ezarri zuen larrialdi egoera indargabetu zuen. Horrez gain, disidenteak itzultzea baimendu, milaka preso askatzeko agindu, eta ehunka webgune eta hainbat telebista kate desblokeatu zituen. Oposizioko buruzagiekin ere bildu da, eta Ginbot 7 erbestean zen talde armatu nagusiak desegitea erabaki zuen joan den maiatzean, bere egoera Etiopian normalizatu ondoren. Gainera, Sahle-Work Zewde izendatu zuen presidente, uneotan estatuburu den Afrikako emakume bakarra. Ekonomikoki zenbait neurri liberal ere ezarri ditu Abiyek.

Gaur egun, 100 milioi biztanle baino gehiago ditu Etiopiak, eta pobrezia tasa handia da oraindik; are eta larriagoa azken lehorteen ostean. Gainera, politikoki, ez da kudeatzeko herrialde erraza; hamahiru talde etniko baino gehiago daude, baita hamahiru hizkuntza baino gehiago ere. Etnia horientzat autodeterminazio eskubidea onartzen du konstituzioak, armadak orain arteko saiakera guztiak zapuztu dituen arren.

Etnien arteko gatazka hori arazoak sortzen ari zaio lehen ministroari. Larriena, ekainean Sidama eskualdean egin zuten estatu-kolpe saiakera. Gertakariak 30 hildako baino gehiago eragin zituen, tartean eskualde horretako presidentea eta bi jeneral. Gobernuak Interneterako konexioa ere moztu zuen herrialde osoan, komunikazioak kontrolatu eta egoera baretzeko. Nazioartean kritika asko egin zizkioten horregatik.

Oraindik ere 2,3 milioi etiopiar errefuxiatu daude herrialdean bertan, Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluaren arabera. GKE horretako idazkariak, Jan Egelandek, adierazpenak egin zituen Abiyren izendapenaren ostean: «Sarituak ausarta izaten jarraitu behar du, gatazka etnikoak konponbide baketsuen bidez konponduz, hala miseria nola errefuxiatuen sufrimendua amaitzeko». Etnien arteko gatazkak baretu, hautesle erroldak osatu eta hauteskundeak egitea da hurrengo erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.