Urrian 3.000 langabe gehiago izan dira Hego Euskal Herrian

Lanik gabe geratu direnen erdiak zerbitzuen sektorekoak dira. Urriko ohiko igoera izan da Gizarte Segurantzarako afiliazioetan, hezkuntzan ikasturte hasieran eginiko kontratazioengatik

Irune Lasa.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Irailean irabazitakoak urrian galdu dira. Irailean, 3.000 langabe gutxiago zenbatu ziren Hego Euskal Herrian, eta, urrian, langabezia aurreko mailara itzuli da, 3.128 langabe gehiago izan baitira, nahiz eta kontratu kopurua handitu eta Gizarte Segurantzako afilizio datuak —19.534 gehiago onak izan.

Horiek horrela, urriaren bukaeran guztira 147.199 langabe zeuden enplegu bulegoetan erroldatuta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eta, biztanleria aktiboaren INEren datuei men eginez, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,97 da.

Urte arteko langabeziaren datuak onak dira oraindik, iazko urrian baino 8.394 pertsona gutxiago baitaude langabezian. Hori bai, azken urteetako joera positiboan aldaketa bat gertatu da: orain arte, udan —ekainetik abuztura— langabeziak gora egiten bazuen ere, irailean atzera murrizteko joera hartzen zuen, abendura arte, orduan ere gorakada bat iristen baitzen langabeen zenbatekoan. Halako joerarik ez da izan oraingoan, eta iraileko beheradakada eten egin da urrian.

Langabe kopuruaren urrikoigoeraren erdia (+1.590) zerbitzuen sektorean gertatu da, baina nekazaritzan ere igoera esanguratsua izan da: 707 langabe gehiago, horien erdiak Nafarroan. Hain zuzen, Nafarroak hartu du langabeen zenbatekoaren igoeraren zatirik handiena, 3.128 langabe gehiago horietatik 1.407 Nafarroako bulegoetan zenbatu baitira. Bizkaiak hartu du beste zati handia: 1.073 langabe gehiago. Gipuzkoan, 551 langabekoa izan da igoera, eta Araban soilik 83 pertsona gehiago erroldatu dira langabezian.

Datu ezkorren ondoan, askoz ere positiboagoak izan dira enpleguaren sorrera erakusten duten Gizarte Segurantzako datuak. Aurreko hilean baino 19.534 afiliatu gehiago ari dira kotizatzen. Hori bai, afiliazio horietatik asko lan urtea udan eteten zaien langileenak izan dira, hala nola hezkuntza sistemako ordezko irakasleenak, eta, beraz, ezin dira zuzenean lotu enpleguaren hazkunde batekin.

Joan den hilabetean, aurreko urtearekin alderatuta, %0,31 handitu da lan kontratuen kopurua, baina gehien-gehienak behin-behinekoak izan dira, %92. Langabezia sariei dagokienez, Hego Euskal Herriko langabeen %55ek ez dute inolako ordainik jasotzen, eta subsidioa hartzen dute %15ek.

Sindikatuen kezka

Sindikatuak kezkatuta agertu dira langabeziaren datuekin. LABeko Xabier Ugartemendiren arabera, «azken urteetan langabezia jaitsi egiten zen, baina sortzen zen enplegua oso prekarioa zen. Erabili eta botatzeko enplegua zen. Orain, zoritxarrez, botatzeko fasean murgilduta gaude, eta, prekaritatea mantentzeaz gain, enplegua galtzen ari da». Ugartemendiren ustez, «egoera hori emakumeek eta gazteek sufritzen dute bereziki».

ELAk ere, besteak beste, gazteen langabezia datuak gaitzetsi ditu, «600 gazte gehiago baitaude langabezian, %5,5 gehiago». Sindikatuak salatu du «langabeziak eta lan prekaritateak zerikusi zuzena» dutela.

CCOOk, berriz, uste du langabezia datu «kezkagarriek» erakusten dutela «hazkunde ekonomikoa prekaritate handiagoarekin eta desberdintasun sozial handiagoekin etorri dela».

Tentu handiagoz mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Beatriz Artolazabal. Aitortu du langabezian «arreta handiagoa» jartzera behartzen dituztela datuek, baina, erronka zaila izan arren, uste du posible dela EAEn langabezia «%10etik behera finkatzea». Horretarako, ezinbestekotzat jo ditu «balizko dezelerazio baterako prest» egotea eta «kolektibo zaurgarrienen enplegu aukerak handitzeko neurriak» hartzea.

Nafarroako Gobernuak aitortu du «bereziki ezkorrak» izan direla urriko datuak. «Izan ere, ez zen halako igoerarik gertatzen 2011tik». Dena den, gobernuak gogora ekarri du 2013an jo zuela goia langabeziak, eta orduko datuetatik urrun daudela oraindik. Gainera, Gizarte Segurantzako afiliazioa ere gorantz doala nabarmendu du: irailean baino 2.641 gehiago dira, eta iazko urrian baino 7.569 gehiago.

Nafarroako Merkataritza Ganberak adierazi du «lan merkatua hozten» ari dela, eta, aurreko asteko hazkunde datuak gogoan, aipatu du «urtea igaro ahala mantsotzen» ari dela hazkundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.